Lurretara itzultzeko itxaropena

Kongoko Errepublika Demokratikoko armadak erasoaldi bat hasi du Ipar Kivu probintziako Beni barrutian. Duela bost urte hasi zuen lehen erasoaldi handia Ugandako milizia baten aurka, eta, ordutik, milaka herritar desplazatuta bizi dira.

Lurretara itzultzeko itxaropena.
Oskar Epelde Juldain.
Beni
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Mayangose bihurtu zen Beni inguruan biodibertsitatearen zaintza eta biztanleriaren garapena elkarlanean jarri behar zituen tokia. Rwenzori mendilerroaren hegal emankorrean, Semliki ibaiaren arroan, laborariak haurrentzako elikagaiak ekoizten hasi ziren. Borroka gogor, isil eta luzea izan zen, Virungako Parke Nazionalaren arduradun eta basozainek eremu babestuaren mugak inori galdetu gabe ezarri nahi izan zituztenean, justizia sistemaren eta armadaren babesarekin. 2006az geroztik, gerraosteko hauteskunde zikloa hasi zenetik, bertako laborariek hautetsien laguntza lortu, eta adostu zuten beharrezkoa zela parke nazionalaren mugei buruzko erabakietan parte hartzea. Hala ere, hori lortu aurretik, 2014ko urrian, herritarren aurkako sarraskiak hasi, eta nekazariek alde egin behar izan zuten Mayangosetik. 12.000 menage (familia) inguruk oraindik ez dakite noiz itzuli ahal izango duten. Orain, armadak erasoaldi bat hasi du Benin, «populazioa kanporatzen ari diren talde armatu guztien kontra». Etxera itzultzeko aukeratzat ikusi nahi dute batzuek, baina oso mesfidantza handia diote estatuari.

Duela bost urte hasi ziren erasoak Beni barrutian: ADF-NALU Indar Demokratikoen Aliantza-Uganda Askatzeko Armada Nazionala izeneko talde armatuari egotzi zitzaizkion. Gatazka horrek barne desplazatu asko eragin ditu barrutian bertan. Mayangoseko asko urrutiagoko hiri batzuetara joan ziren —Butembora, Buniara eta Kisanganira—, baina gehienak Beni hirian geratu ziren, euren lurretatik ahalik eta gertuen irautearren. Pobreziak gogor astindu ditu azken bost urteetan. Saiatzen dira beren kabuz irauten; esate baterako, Beniko herri landan ortuak egiten ikasten dute, lur eskasa eta pobretua den arren. 24.000 familia UAEPCO nekazari, arrantzale eta abeltzainen elkarteko kide dira. 2005ean sortu zuten, eta elkar antolatzen eta aurrerabidea finantzatzen saiatzen dira. Baina kanpoko bazkiderik ez dute oraindik, eta miseria gorriaren baldintzek asko zailtzen dute garapenerako bidea. «Gure nekazariek bizitza oso zaila daukate; ez dute janaria lortzen, eta larri bizi dira», dio Basianiria Nestor UEAPCOko presidenteak. Armadak Benin hasi duen erasoaldiak egoera alda dezakeela uste du Nestorrek. «Gure gobernua bere lana egiten ari da, etsaia gure lurraldetik ateratzeko, presidenteak agindu zigun bezala».



Erasoak gutxitzen hirian

Beni inguruan herritar guztiek itxaropen bera daukate, hasi alkateetatik eta azkeneko nekazariraino. Bakea eta segurtasuna nahi dituzte, eta esaten dute uste dutela hori armadaren operazioak ekar dezakeela, baina jakina da azken urteetan herritarrek mesfidantza handia izan dutela, armadari leporatu izan baitiote herriaren segurtasuna babesteko gaitasunik eza. 2014an, armadak Sokola operazio militarra hasi zuen ADFren kontra, eta orain, operazio hori berpiztu duenetik, militar gehiago iritsi dira Benira. Bidea posizio militarrez josita dago Beni hiritik Kasindira, Ugandako mugako hirira, baita Oicha-Eringeti norabidean ere, eta orain ezohikoagoak dira talde armatuen segadak. Beni hiriko Boikene kanpoko auzoan, Mayangoserako bidean, azken etxeak oraindik hutsik daude, baina, militarren buruzagiek diotenaren arabera, astiro-astiro postu militarrak jartzen ari dira hiriaren kanpoaldean, eta, diotenez, ADFren erasoak gutxitu dira.

Duela bost urte erasoak hasi zirenetik, Beni barrutiko Rwenzori komunako biztanleen %70ek edo 60k alde egin zuten toki seguruagoetara, Aloys Kanume Mbwarara komunako alkateak azaldu duenez. «Kalte oso-oso txarra da nekazaritzarako lurretara ezin iristea; izan ere, Rwenzori eta Beni hiria nekazaritzaz bizi dira, eta Rwenzoriko komunan daude lur gehienak». Kanume Mbwararak kontatu du tropak poliki-poliki ari direla landa eremu horietara iristen, baina nekazariek debekatuta dutela azken posizio militarra baino urrutiago joatea. Kakaoaren uzta berriz galtzen ari da, baita maniok, arto eta palma olioarenak ere.


Nekazaritza da Beni barrutiko herritar gehienen bizimodua. Oso lurralde pobrean bizi dira. OSKAR EPELDE

ADF lurraldetik botatzen ez duten bitartean, desplazatuei ezinezkoa zaie Mayangosera itzultzerik pentsatzea. «Rwenzoriko ehun bat pertsona daude desagertuta, eta ez dakigu hilik ala bizirik dauden», dio Kanume Mbwararak. Maiz haurrak bahitzen dituzte, eta miliziaren alde borroka egiteko prestatzen dituzte.

Mbambu Morereren kasua da hori. ADFk eraman dizkio 9, 12 eta 14 urteko seme-alabak, baina uste du bizirik daudela. Lahe izeneko kanpalekuan bahitu zituzten, Mayangose ondoan dagoen 46 Puntua izeneko eremuan. Malolu herrixka hustuan dago 46 Puntua, eta horrela esaten diote 2005ean 46 nekazari atxilotu zituztelako han, Virungako Parke Nazionaleko basozainekin izan zuten gatazka batean. Uste denez, ADFk handik gertu du base nagusia. «Lan guztiak geldituta daude orain, ez dagoelako bakerik ADF-NALU miliziaren erruz, nekazariak kanporatuak izan baitira», kontatu du Mbambu Morerek.


ADF miliziaren erasoek eta armadaren operazioek baldintzatzen dute egunerokoa, baina herritarrek aurrera jarraitzen dute beren bizitzarekin. OSKAR EPELDE

ADF taldea duela hogei urte baino gehiago finkatu zen Benin, Ugandako mugaren ondoan. Hasieran Mobutu Sese Seko diktadorearen babesa izan zuen. Miliziaren aurkako operazio militarrak hasi zirenean, ordea, gupidarik gabeko erasoak egiten hasi ziren bertako herritarren aurka. Ez da jakina nortzuk diren eta zer nahi duten, neurri handi batean. Gaur egun, ustez Estatu Islamikoarekin bat egiten du ADFk, baina haren atzean fenomeno konplexu eta ilun bat dago. Gainera, milizia gehiago ere badira lapurreten eta hilketen atzean. Kongoko armadaren uniformeak janzten dituzte, eta kolpeen ondoren basoan desagertzen dira.

Berriz ere nazioarteko gatazka baten maila hartu du Kongo ipar-ekialdeko gatazkak. Izan ere, joan den asteko erasoaldia hasi aurretik eztabaida handia zegoen Afrikako Laku Handietako estatuek operazio militarretan izan behar duten parte hartzearen inguruan. Kongoko Gobernuak jakinarazi zuen azken operazio militarra koordinatzeko lanetan parte hartuko zutela Nazio Batuen Erakundearen Monusco Kongorako misioak eta, AEBetako armadaren Africom Afrikarako indarrak ez ezik, baita Ruandako, Ugandako eta Burundiko armadek ere. Estatu horien parte hartzeak ezinegon handia sortu du, Beni barrutian ez ezik, baita Ipar Kivu probintzia osoan ere. Ipar Kivuko Gizarte Zibila erakundearen iritziz, armada horiek izan dira «Kongo ekialdeko segurtasun faltaren eragile ezkutuak, eta egoera nahasiari esker baliabide naturalen ustiaketa ilegalaz aberastu direnak gerrak iraun duen urteetan». Gizarte Zibila erakundea Ipar Kivuko hainbat elkarte «apolitikok» osatzen dute. Politikari batzuk ere kexatu dira esku hartze horrekin. Esate baterako, Jean Paul Ngahangondi, probintziako diputatu dena Beni barrutitik: «Arazoa konpontzeko, sua piztu zutenak ekarri nahi dituzte». Erreakzio horiek baretzearren, armadak esan zuen atzerriko militarren lankidetza inteligentzia esparruan garatuko dela bakarrik. Hainbat herritarrek esan dute Ruandako soldaduak ikusi dituztela Ipar Kivun, baina baieztatu gabeko zurrumurruak dira.



Itunak talde armatuekin

Kongo ekialdeko lurralde gehienetan talde armatuak desagertzetik urruti daude oraindik. Gobernuak hainbatekin itunak egin ditu, beste batzuen aurka jotzeko. Esate baterako, NDC-R Kongoko Nduma Defentsa-Berregituratuarekin FDLR Ruanda Askatzeko Indar Demokratikoen aurka egiteko Walikaleren eta Rutshururen arteko mugan —Kongon erbesteratuta dagoen milizia hutua da FDLR—. Dinamika horrek, ordea, gatazkak areagotzea eragin du eskualde askotan. Talde armatuak arerioak botatzeko borroketan murgiltzea ekarri du, eta, horrela, arpilatzeak eta behartutako ordainketak handitzea. Egoera horri aurre egiteko, talde paramilitarrak sortu dituzte toki batzuetan; adibidez, Rutshuruko eta Masisiko hutuek nyatura esaten dieten talde armatuak sortu dituzte. Egoera osoaren ondorio da etengabeko segurtasunik eza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.