Albistea entzun

Lisa Çalan. Zinemagile kurdua

«Munduari gure borroka kontatzeko betebeharra sentitzen dut»

Duela sei urteko ekainaren 5ean Estatu Islamikoak Diyarbakirren egindako atentatu batean larri zauritu zen Çalan. Baina gertatutakoak ez du geldiarazi zinemagilea: «Agian, isilik geratuko banintz, errazago izango litzateke; baina ez da horrela izango.
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Orsola Casagrande -

2021eko urriak 26 - Bermeo

2015eko ekainaren 5ean, Lisa Çalan zinemagile kurdua larri zauritu zen Estatu Islamikoak Diyarbakirren egindako atentatu bikoitz batean —Diyabarkirri Iparraldeko Kurdistango hiriburua ere esaten zaio—. Herrien Alderdi Demokratikoaren (HDP) mobilizazio batean lehertu ziren bonbak. Ezkerreko koalizio ekologista eta feminista horrek gutxiengoen alde egiten du borroka, eta atentatu hura baino ia hiru urte lehenago sortu zen, boz legegileak zirela eta.

Atentatuen ondorioz, bi lagun hil ziren, eta ehunka zauritu. EIrekin lotutako susmagarri bat atxilotu zuten. Çalan larri zauritu zen, eta bi hankak moztu behar izan zizkioten. Borroka luze bat hasi zuen, pertsona behartsu gisa: hitz hori erabiltzea erabaki du ezindu-ren ordez.

Bermeon (Bizkaia) elkartu da BERRIA zinemagilearekin, egun batzuk pasatu baititu bertan, Veneziako zinema jaialdian bere film laburra aurkeztu ondoren: Zimane çiye (Mendietako hizkuntza). Proiektua jendaurrean ezagutarazteko jardueren barruan aurkeztu du. Eurimagesek eta The Purple Meridiansek finantzatu dute proiektua, eta Streeen.org-k (Italia), Ovnik (Bartzelona) eta Diyarbakirko Arrosa Emakumeen Elkarteak bultzatu. Pelikula hori zuzendu aurretik, beste hainbat filmetan parte hartu du, hala aktore gisa nola zuzendari artistiko lanak eginez.

Ekainaren 5 hark lazgarriki markatu zuen zure bizitza. Nolakoa zinen egun hura baino lehen?

Diyarbakirren jaio nintzen, familia ugari batean: 11 anai-arreba gara. Nire familia oso politikoa izan da beti; gustatuko zitzaien ni unibertsitatera joatea, baina nik ez joatea erabaki nuen, protesta gisa, nire ama hizkuntzan, kurdueraz, ezin zelako ikasi. 2011n Aram Tigram akademia ireki zuten, garai hartan BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdia izena zuen alderdiari esker, eta zinema ikasi nuen bi urtez. DTPren [Gizarte Demokratikoaren Alderdia] ondorengoa zen BDP, eta DTPk Diyarbakirreko hauteskundeak irabazi zituen 2009an, botoen %65,5 eskuratuta.

Gero aktiboki parte hartu nuen zenbait proiektutan, eta nire film laburra egin nuen, Zimanê çiyê, kurdueraren aurkako asimilazio politiken inguruan. 2015ean, akademia itxi egin zuten; halaxe gertatu zen udalak irekitako instituzio guztiekin, AKPren gobernuak komisarioa izendatu eta gero. Gobernu horrek kargutik kendu zituen legitimoki hautatutako alkateak.

2015ean zineman nenbilen lanean, baina nire konpromiso kultural eta politikoak ere betetzen nituen, eta denok lanean aritu ginen 2015eko ekaineko hauteskundeetarako.

Hauteskunde garrantzitsuak ziren, Abdullah Ocalanen eskutitzaren ondoren egin zirelako. 2015eko martxoaren 21ean irakurri zen eskutitz hori, Newrozeko festan, Diyarbakirren, eta esperantza handia sortu zuen, elkarrizketarako bidea ematen zuelako. Baina ekainaren 5ean, atentatuaren ondorioz, bizitza zeharo aldatu zitzaizun. Egun hartaz hitz egin nahi duzu?

Egun hartan esperantzaz gainezka geunden. Ekaineko haiek hauteskunde garrantzitsuak izango ziren herri kurduarentzat eta Turkia osoarentzat. Egun horretan hauteskundeetara joateko prestatu ginen. Ni eta nire lagunak pozik geunden. Hain justu egun horretan bertan, 22 urte preso zeramatzan lehengusu baten alaba ezkontzekoa zen, eta, horregatik, lehenago alde egin behar nuen hauteskundeetako mitinetik. Dantza pixka bat egin genuen, eta gero lagunei esan nien joan beharra neukala.

Egun hartan pentsatzen dudanean, pentsatzen dut azkenean dena politikoa dela gure bizitzan. Lehengusua kartzelan egon ez balitz, bere alabaren ezkontzan egoteko aukera izango zukeen, eta ez nukeen joan beharrik izango, lehengusuaren ordez joan nintzen eta. Dena oso lotuta dago.

Ahizparekin egin nuen topo, eta esan zidan: «Itxaron, elkarrekin joango gara». Baina nik aldatu egin nahi nuen, ze nire lehengusuaren ordez joan behar bainuen, eta ezkontzarako jantzi egokiagoren bat nahi nuen. Ia ezin zen ibili; jende pila bat zegoen. Bi minutu inguru egongo nintzen jendetza haren artean, eta, bat-batean, burrunba bat... Hurrengo gogoratzen dudana zera da, ni begiak zabaltzen eta nire gainean zegoen jendeari begira... Ez nuen ulertu zer gertatu zen; jendea oihuka entzuten nuen, negarrez; ingurura begiratu nuen, eta gorpuak ikusi nituen, odola bazter guztietan... Segundo gutxi izan ziren, baina orduak eman nitzake inguruan ikusi nuenari buruz hizketan... Gorputza bero neukan, dena erreta; eskuei begiratzen nien: beltzak zeuden, baina oraindik ez nuen ulertzen zer gertatu zen.

Zer pentsatu zenuen?

Neure buruari esaten nion amets bat zela, berehala esnatuko nintzela... Gerra zela pentsatu nuen, baina ezetz esaten nuen, ez zela posible... Ziur amets bat zela. Gero, hanketan min pixka bat sentitzen hasi nintzen, eta pentsatu nuen agian hankak hautsita edukiko nituela. Inola ere ez nuen pentsatu ez neukala hankarik. Baina gero konturatu nintzen jendea joan-etorrian zebilela, fantasmen moduan noraezean; arraro begiratzen zidaten. Orduan begiratu nuen hanketara lehen aldiz, baina burmuinak ez zuen sinetsi begiek ikusten zutena. Nire hankak ez zeuden hor, baina nire gorputzetik hurbil ere ez zeuden. Odol asko galdu nuen, eta goragale moduko bat sentitzen hasi nintzen. Ahotsak entzuten nituen, baina ez nuen ulertzen zer esaten zuten. Dena ilun ikusten hasi nintzen; gauza pila bat pentsatzen duzu momentu horietan... Pentsatu nuen handik minutu gutxira hil egingo nintzela, eta bakarrik hilko nintzela. Nire ahizparengan pentsatu nuen: minutu gutxi batzuk lehenago ikusi nuen, eta pentsatu nuen bakarrik nengoela.

Sherko kantuan ari zen, eta jendea zer esaten ari zen deszifratzen hasi nintzen, soinu haiek: bonba bat lehertu da... Eta Sherkoren ahotsa ezaguna zitzaidan, ezagutzen nuen ahots bakarra zen, eta pentsatu nuen ez nintzela bakarrik hilko... Momentu horretan pentsatu nuen erabaki bat hartu behar nuela: hiltzen utzi ala bizitzea erabaki. Bizitzea erabaki nuen. Ikusmena berreskuratu nuen, eta etorriak ziren niri laguntzera. Tapatu egin ninduten, eta ospitalera neramaten, baina nik esaten nuen ez nuela joan nahi hankarik gabe. Azkenean konbentzitu ninduten onartu egin behar nuela nire hankak ez zeudela, eta ospitalera eraman ninduten.

Eta orduan beste bizitza bat hasi zen zuretzat. Sei urte hainbat frontetan borrokan.

Bai, sei urte pasatu dira, eta azkenean onartu nuen horrela biziko nintzela. Eta pentsatu nuen edonola ere badagoela ni baino gehiago sufritzen duen jendea. Eta horrek, nolabait, erreakzionatzeko indarra eman zidan. Neure buruari esaten nion gu ezin garela gure sufrimenduaren gainean eseri negar egitera, ez daukagula luxu hori. Izan ere, beti dago gehiago sufritzen duenik, eta orduan gure sufrimendua borroka eta salaketa bihurtu behar da nolabait.

Zauri batzuk irekita dauzkat oraindik, eta etengabe estudiatzen dut nola sendatu eta nola itxi ikasteko. Beti zerbait berria ikasten dut. Mediku bakoitzak gauza bat esaten dizu. Eta gero, bat-batean, bakarrik ikusten dut neure burua. Turkian, inplanteen teknika ez da ia existitu ere egiten: paziente bakarra naiz. Medikuek ez dakite zer irtenbide proposatu, eta baliabide gutxi dago. Horregatik ez ninduten Turkian operatu.

Nahiz eta egunerokoan beste bizitza bat bizi behar izan duzun nahi eta nahi ez, aldi berean, egin nahi zenuena egiten jarraitzea erabaki duzu: zinema.

Oraindik ez dakit zauriak noiz itxiko zaizkidan, noiz amaituko diren ebakuntzak... Arazoak sortzen dira, eta hanka infektatu egiten zait. Infekzioak ez dira inoiz bukatzen, zauri irekiak direlako. Tarte batzuetan bakarrik lasaitzen dira, eta gero berriz hasten dira, eta berriz hasierara. Minarekin ere gauza bera gertatzen da. Bat-batean hasten da. Gero joan egiten da. Baina nik erabaki nuen zinemarekin jarraituko nuela; nire pasioa da, nire bizitza. Uste dut artistek, intelektualek eta, bereziki, zinemagileek mundua alda dezaketela, eta gizarteari hitz egin diezaioketela are gehiago, horretarako betebeharra daukate. Ez daukat hankarik, baina burua bai, burmuina. Eta inoiz baino irmoago uste dut zinemak bide ematen didala nire konpromiso politiko eta iraultzaileekin aurrera jarraitzeko. Agian ezingo naiz manifestazioetara joan, baina pentsatzen dudana esan dezaket nire lanaren bitartez.

Gainera, pertsona behartsu gisa arduradun sentitzen naiz. Gizartean ez gaituzte ikusten. Orain zinemak beste esanahi bat hartu du niretzat: agian bide emango dit errazago eta argiago adierazteko neure burua, zailtasun hauek, nire oztopoak azaleratzeko. Gauza batzuk aldatu nahi ditut, eraldatu... Zinema ez dut ikusten propagandarako tresna gisa. Arte oro garrantzitsua da mundua aldatzeko. Irakurri ditugun liburuek, entzun dugun musikak eraldatu egin gaituzte. Baina XXI. mendean, zinemak, hain justu, eraldaketa handi bat izan du. Zure ideiak, zure begirada, zure gustu musikalak islatzen uzten dizu zinemak. Arte guztien bilkura balitz bezala; niretzat behintzat hala da. Eta zure aurrean ez dago soilik laukizuzen bat barruan irudi bat duena: sentipen bat dago, ideia bat... Horregatik da zinema hain garrantzitsua. Eta are gehiago guretzat, kurduontzat.

Hurrengo proiektuak?

Baditut ideia batzuk filmetarako, baina ez dakit noiz gauzatu ahalko ditudan. Istorio ezezagunak kontatu nahi ditut, inoiz entzun ez diegun horien lekukotzak entzunarazi zinemaren bidez. Feminizidioei buruzko proiektu bat daukat: 360ºVR [errealitate birtuala] teknika erabiltzea eskatzen du, eta nire azken proiektuan erabili nuen teknika hori. Pertsona behartsuei buruzkoa da azken proiektu hori, eta orain postprodukzioan dago. Dokumental bat egitea ere gustatuko litzaidake, ekainaren 5eko leherketei buruz, eta Suruçeko eta Ankarakoei buruz.

Zergatik egin nahi duzu film hori?

Guk bizi izan duguna ez da ondo ulertu. Uste dut egokiena naizela atentatu horien biktimek bizi izandakoa ulertzeko: oinaze bera sufritu dut. Min bera sentitu dugu, sufrimendu bera. Munduari gure sufrimendua, gure borroka kontatzeko betebeharra sentitzen dut. Ze ez baitugu sufritu bakarrik egiten: borroka ere egiten dugu. Geure buruari buruz hitz egitean, hutsuneei buruz aritu izan gara beti; bizia galdu duten horiek aipatu izan ditugu. Baina gero bizirik irautea zaila da. Hain justu horri buruz hitz egin nahi nuke dokumentalean: bizirik iraun dugunok nola egiten dugun aurrera errealitate horrekin.

Borroka juridikoa ere bada. Bi prozesu dituzu zabalik: biktima gisa kalte ordaina jasotzearena eta Barne Ministerioak izendatutako udaleko ikuskatzaile baten aurkakoa; izan ere, lanetik bota zintuzten, gainera.

Oraingoz, ekainaren 5eko atentatuen biktimentzako kalte ordainari buruzko prozesua kale itsu batean dago. Pentsa, estatuak eskatzen du bi familiei emandako kalte ordainak bueltatzeko!

Horrez gain, ni kaleratu izana salatu nuen, baina karguak atzera bota zituzten, arazo tekniko batengatik, itxuraz. Beraz, berriz hasierara itzuli gara, eta berriz hasi behar. Orain beste epaiketa bat daukagu. Lankide batzuk berriz hartu dituzte udalean, baina uste dut nire kasuarekin beste modu batera jokatzen ari direla. Batzuek, lanetik botatzen dituztenean, pazientziaz itxaroten dute izkina batean prozesu judiziala bukatu arte: ni ez naiz horietako bat. Bidegabekeria baten biktima izan banaiz, ahotsa altxatzen dut, horrek arazoak ekarriko badizkit ere; horregatik uste dut udalarekin daukadan konfrontazio hori luzea izango dela. Agian, isilik geratuko banintz, errazagoa izango litzateke; baina ez da horrela izango. Beti egin izan dut borroka: lehen, bi hankak nituenean, emakume kurdu gisa egiten nuen borroka; orain, pertsona behartsu gisa ere bai. Oraindik ez nago nekatuta; ez dakit egunen batean nekatuko naizen, edo emakume eta kurdu jaio naizelako daukadan indar hau. Indar horri esker, etengabe borrokan egiteko gaitasuna daukat. Beti aurkitzen dut beharrezko energia nire ahotsa entzun dadin, baita milaka pertsonaren ahotsa entzun dadin ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ROMINA LEMA

«Abortua ez dago bermatua lurralde guztietan»

Romina Lema

Mediku eta ekintzaileak salatu du Argentinako Gobernuak ez zuela inolako kanpainarik egin haurdunaldia borondatez eteteko eskubidearen inguruan informazioa emateko.
Huthien aldeko yemendarrak, ostiralean, azken bonbardaketak salatzeko manifestazio batean, Sanan. ©YAHYA ARHAB / EFE

Yemengo azken bonbardaketak ikertzeko eskatu du NBEk

Gorka Berasategi Otamendi

Nazioarteko koalizioak migratzaileentzako zentro bat suntsitu du, eta gutxienez 70 lagun hil ditu

Abortuaren kontrako mobiliazaioa, atzo, Washingtonen (AEB). ©SHAWN THEW

Milaka herritarrek protesta egin dute Washingtonen abortuaren kontra

Uxue Rey Gorraiz

Amerikako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak haurdunaldia eteteko eskubideari buruzko erabakia hartuko du datozen hilabeteetan. Ia mende erdia da abortua herrialde osoan legeztatua dela; eskubidea kolokan da orain.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.