jon olano
ANALISIA

Bidaia bat baiezkora

2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Turistak Glasgowko eta Edinburgoko hiriguneetatik Highlands eskualdeko paisaia ikusgarrietara eramanez irabazten du Jimek hileroko soldata. Gizaseme jantzia da, historiaren zale amorratua; pasioz kontatzen ditu jakobiten eta hanoveriarren arteko XVII. eta XVIII. mendeetako batailak. Hizkera, tartan oihaldun galtza, whiskiarekiko maitasuna eta ingelesekiko herra; typical scottish. Amua jarrita, ez dio izkin egiten egoera politikoaren analisia partekatzeari: «2014ko erreferendumean ez nuen botorik eman, baina hurrengoan, brexit-aren ondoren, ez dut bitan pentsatuko»; independentziaren aldeko botoa emango du.

Abiapuntu desberdina baina norabide berdina du David Spacey Yes for EU taldeko kideak, BERRIAn joan den igandean argitaratutako hitzek erakusten dutenez: «Oso kontra nengoen 2014an, ez nituelako galdu nahi nire eskubideak Europako herritar gisa. Baina brexit-ak erabat irauli du hori; hamabi urte egin ditut Europan bizitzen eta lanean, eta eskubide hori galdu dute nire semeak eta bilobek».

Independentzia erreferendumean (2014) unionismoak eta brexit-ari buruzko bozketan (2016) Europako Batasunetik irtetearen aldeko aukerak irabazi eta gero Eskoziak bizi duen momentu politikoaren bi adierazpide dira Jim eta David. Batetik, oraindik eta baita gure latitudeetan ere herrialde baten burujabetzari buruzko eztabaida termino identitario hutsetara murriztu nahi dutenentzako irakasgaia: independentzia erreferendum bat pertsuasioa da, eztabaida publikoa, herritarren politizazioa, proiektu politiko ezberdinen arteko aukeraketa, iritzi aldaketa. Duela zazpi urteko erreferendumaren kanpainan independentismoak hemezortzi puntu inguru irabazi zituen ia bi urtean, eta brexit-ak —oro har gertakari sozialek— baldintzak sortzen dituzte aldarrikapen batzuk indartzeko edo ahultzeko.

Hain justu, hori da Eskoziako prozesu independentistaren beste irakaspenetako bat, hasieran aipatutako bi protagonistek hezurmamitzen dutena: aukera politikoen egituran gerta daitezkeen aldaketak eta aldaketa horiek sortzen dituzten dinamikak, brexit-a kasurako. Sidney Tarrowk esana da herritarrek ekintza kolektiboetan parte hartzen dutela aukera politikoetan aldaketak antzematen direnean, eta ekintza kolektibo horren erabilera estrategikoak aukera berriak sortzen dituela, beste protesta ziklo batzuetan baliatuko direnak.

Berriki, aukera politikoen (euskal) egituran eragiten duten mekanismoak errepasatu ditu Mario Zubiaga irakasleakZuzeu-n argitaratutako artikulu mamitsu batean, besteak beste Tarrowk berak erabilitako kategoriak baliatuta. Labur aipatzeko, kategoria horietako batzuk erraz identifikatu daitezke Eskoziako kasuan.

Irainen bat-bateko ezarpena litzateke horietako bat, eta rol hori jokatzen du brexit-ak eskoziar askoren mentalitatean. 2014ko erreferendumaren kanpainan unionismoaren zutoinetako bat izanik Eskozia Europako Batasunetik kanpo geratzeko arriskua, Erresuma Batuaren parte izateak bultzatu zuen Eskozia, bi urte geroago eta bere gogoz kontra (%62k bozkatu zuten aurka), Europako Batasunetik irtetera. Abagune bat zabaldu zen hor, brexit gogorraren babesleek gobernatzeak eta haustura horren ondorioak oraindik oso presente egoteak irekita mantentzen duena. Denborak esango du brexit-ak sortutako haserre hori hilabeteak igaro ahala apalduko den, edo independentismoak behar zuen azken bultzada izango den.

Beste aldagai batzuk ere azaleratu dira, esaterako, atzo BERRIA-k Jim Sillars SNPko buru ohiaren ondokoarekin argitaratutako elkarrizketan; Sillarsen hitzetan, Eskozian, eliteen interesen kaltetzea eta deslerrotzea erabat lotuta dago inperio britainiarraren 1950-60ko hamarkadako gainbeherarekin, elite ekonomiko lokalen interes ekonomikoen ahultzearekin eta, azken batean, abertzaletasunaren hazkundearekin. Zentzu hertsian ez bada ere, esan liteke emulazio prozesuak ere garrantzia hartzen ari direla Eskoziako eztabaida publikoan: 2014an posible izan bazen, zergatik orain ez? Ostiral Santuko Akordioak badio zazpi urtetik behin egin daitekeela Irlandaren batasunari buruzko erreferendum bat, zergatik gehiago itxaron Eskozian?

Edonola ere, segur aski, aktoreen arteko lehia (falta) da momentu politiko eskoziarra ulertzeko ezinbestekoa den mekanismoa. Maiatzeko hauteskundeek erakutsi zuten eremu instituzionalean SNPk agintzen duela subiranismoan; apenas duen lehiakiderik (Alba zatiketak diputaturik ezin lortuta), eta, beraz, SNPk bigarren erreferendumerako darabilen denboraren kudeaketa subiranismoaren apustua da. Kontrapisurik ez etxe barruan.

Aitzitik, esan bezala, sektore batzuetan ezinegona dagoSNPrekiko; abaguneak baliatzeko daude, eta gehiengo instituzionalak, pausoak emateko. Gizarte mugimendu subiranista SNPren interesetatik aparte antolatzen ari da, eta horrek balizko ernegatuak mobilizatzeko balio badezake ere, ezinbestekoa da mugimendua alderdiaren hegemoniatik askoz harago egituratzea. Inor ez dute sobera izango hurrengoan %50a gainditzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.