Azken opari pozoitua

Petro Poroxenko Ukrainako jarduneko presidenteak ukrainera estatuko hizkuntza bakar gisa ezartzeko legea onartzea lortu du, Volodimir Zelenskik kargua hartu aitzinetik.

Poroxenkoren aurkako pankarta bat, atzo, Kieven. SERGEY DOLZHENKO / EFE.
mikel rodriguez
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
«Gaur, egun historikoa da. Ukrainera estatu hizkuntza gisa bermatzeko legea sinatu dut». Andri Parubi Ukrainako Rada Goreneko (parlamentuaren behe ganberako) presidenteak Estatuko Hizkuntzaren Funtzioen Arau Nazionala, hots, ukrainera estatuaren hizkuntza bakartzat ezartzeko legea sinatu zuen atzo. Petro Poroxenko jarduneko presidentearen proiekturik handietako bat izan da legea, Ukraina ukrainar etniaren estatu-nazio gisa erreformatzeko ahaleginean. Poroxenkoren azken sinaduraren ondoren, errepublikan mintzo diren gainerako hizkuntzen onarpen eta babes ofiziala guztiz mugatuko da. Dena den, Poroxenkok hauteskundeak galdu zituen apirilean; hortaz, Volodimir Zelenski irabazleari egokituko zaio legearen ondorioei aurre egitea. Bozen galtzaileak arerioari utzi dion azken opari pozoitua.

Izan ere, Zelenskik hauteskunde kanpainan adierazi zuen «zalantza handiak» zituela lege horrekin, eta hitzeman zuen «berrikusi» eginen duela. Auziaren muinean, errusieraren estatusa eta Ukrainaren eta Errusiaren arteko harreman gatazkatsua daude. Ukrainar gehienak bezala, Zelenski bi hizkuntzetan mintzatzeko gai da, baina errusiera erabili ohi du. Kanpainan adierazi zuen Moskurekin elkarrizketa prozesu bat hasi nahi zuela harremanak berrezarri eta Donbass eskualdeko gatazka konpontzeko, baina presidente kargua hartu aitzinetik harri koxkorrak etengabe paratu dizkiote lehendik ere hagitz trabatuta zegoen bidean.

«Errusifikazioari» aurre

Izan ere, Radak hizkuntza legea onartu zuen hauteskundeak egin eta lau egunera, iragan apirilaren 25ean. Legearen arabera, ukrainera izanen da estatuko erakundeen hizkuntza bakarra, eta gainerakoek presentzia publikoa hezkuntzan izan ahalko dute, baina mugatuta: bigarren hezkuntzatik aitzinera soilik ukraineraz eman ahalko dira eskolak. Legea onartu eta bi egunera erantzun zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak, Donbassen de facto independenteak diren bi errepubliketako herritarrei Errusiako pasaportea lortzeko erraztasunak emanda.

Arlo formal eta kultural anitzetan errusiera da hizkuntza nagusia, eta Poroxenkok legea defendatzeko erran zuenez, «mendeetako errusifikazioari» aurre egin nahi diote. «[Ukrainera] Ez da bertze inon babestuko, ez bada Ukrainan».

Errusiera eta ukrainera ez dira, ordea, Ukrainan mintzatzen diren hizkuntza bakarrak; herritarren %2 inguru baino ez dira bertze etnia batzuetakoak, baina batzuek eragin politiko handia dute.

Izan ere, gutxiengo horietako bi hungariarrak eta errumaniarrak dira, eta Poroxenkok hartutako neurrien aurka gogor protesta egin dute Hungariak eta Errumaniak. Budapest prest dago, gainera, Ukrainak Europako Batasuneko eta NATOko kide izateko egin nahi duen bidea oztopatzeko. «Ondoko herrialdeko hungariar komunitatearen eskubideak urratzen dituen legeak Petro Poroxenko jarduneko presidentearen ideiak erakusten ditu, hungariarren aurkako politika bat jarraitzen du», kexatu da Peter Szijjarto Hungariako Atzerri ministroa. Zelenski heldu den hilean da kargua hartzekoa, eta Szijjartok erran du espero duela harekin harremanak bideratzea. Paradoxikoki, mendebaldetik zein ekialdetik exijituko diote aldaketa bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.