Koronabirusa. Joseba Egibar. EAJko legebiltzarkidea

«Euskal sistemaren eta instituzioen erantzuna bikaina izaten ari da»

Egibarrek ere lehentasuna ematen dio koronabirusa geratzeari, eta, halaber, etorkizun hurbilaren kezka dauka, uste baitu krisi latza izango dela. «Erantzukidetasuna» eskatu du «herri akordioak» lortzeko.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
«Adituek iragarri zuten Txinakoa ez zela txantxetakoa eta koronabirusaren krisia etorriko zela Europara ere, baina duela gutxi ez genuen sinisten hau guztia gertatuko zenik». Hala dio Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak (Andoain, Gipuzkoa, 1959). «Planeta osoa dago dantzan, eta asmatu egin beharko da erabakietan».

EAEko sistema publikoa nola ari zaio erantzuten?

Euskal sistemak erakutsi du baduela egokitzeko malgutasuna eta baduela gaitasun propioa. Oposiziokoek diote profesional onak ditugula osasun arloan, baina sistemak ez duela erantzun. Kasu zehatz batzuetara jo dute gabezia azaldu nahian, eta agian egongo dira batzuk, baina euskal sistema bikain ari da erantzuten. Oso iritzi publiko ona du; orain igual lehen baino hobea, gainera.

Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean «egin ahal izan diren akatsetatik ikastearen alde» egin zenuen. Eusko Jaurlaritzak egin al ditu akatsak?

Euskal instituzioen erantzuna ere bikaina izaten ari da. Ezusteko baten aurrean erreakzionatzen jakin behar da —adibidez, Gasteizen fokua sortzean Urtaran alkateak erreakzionatu zuen—, eta erantzukidetasun bat egon da erakundeen artean, baita gizarte eragileekin eta herritarrekin ere.

Espainiako Gobernuarekin bai?

Hark alarma egoeraren aterkia erabili nahi du gauza batzuk egiteko, baina, [Iñigo Urkullu] lehendakariak, alderdi batzuek eta beste zenbat agintarik azaldu bezala, tokiko errealitatea errespetatuta egin behar da egin beharrekoa. Inorekin hautsi gabe eta xextra batean sartu gabe, geureari eutsi behar diogu. Aldebakartasuna ez da bidea, lankidetza baizik.

Lankidetza, gobernuaren eta oposizioaren artean ere bai? Legebiltzarrean oposizioa ez dago gustura Urkulluren jarrerarekin.

Legebiltzarra desegina dago hauteskunde deialdia egin zelako, eta Diputazio Iraunkorrak eman dezakeena eman dezake.Gure sistema publikoa sendo dago, eta Jaurlaritzak jarrera harkorra du proposamenak aztertzeko. Oposioziotik diote lagundu nahi dutela, baina, aldi berean, dena hankaz gora jarri nahi dute. Guztiok dakigu orain, legebiltzarra deseginda dagoela_eta, ezingo dugula krisiari aurre egiteko legerik onartu.

Eusko Legebiltzarra gaitzeko eskatu du EH Bilduk.

Nik uste dut ezin dela gaitu. Hala ere, ezin al da politika egin? Bai, egin daiteke, eta egin behar dugu, neurri zorrotzak hartu beharko direlako. Izan ere, adibidez, zenbat jaitsiko da aldundien diru sarrera: %25? %30? Gehiago? Gauza asko bidean geldituko da, baina oraindik ez gara behar bezala jabetu izango den inpaktuaz.

EAEko hauteskundeak aipatu dituzula, noiz egin ahalko dira?

Apirilaren 5ekoak deitu aurretik lehendakariak esan zuen apirilaren 5etik urriaren 25era artean izango zirela, eta garbi dago orain urriaren 25etik gertuago egongo direla apirilaren 5etik baino. Ez dakit uda aurretik egiteko modurik egongo den. Kalera ateratzen hasten garenean jendeari esatea bere egitekoen artean botoa ematera joatea dela, ez dakit... Normaltasun fase bat beharko da.

PSE-EErekin koalizio gobernuan zaudete Eusko Jaurlaritzan ere, eta ikuspuntu desberdinak azaldu dituzue funtsezkoak ez diren lan jardueren dekretuaz.

PSEk zer egingo du, bada? Agintzen dionari jarraitu. Sanchezek hau esaten badu, PSEk gauza bera esaten du, baina ez da jabetzen hemengo errealitateaz, eta hori oso tamalgarria da, nire ustez. PSE ez da ateratzen Madrilgo agintarien arrastotik sekula santan, eta berdin dio ondo ala gaizki dagoen. Horrek ematen du talde politiko baten benetako neurria.

EAJ tinko atera zen enpresak ez geratzearen alde. Lantokiak ez al dira birusaren kutsatze gune arriskutsuak?

Lehentasuna koronabirusa gelditzea da, eta, gero, ekonomikoki okerren daudenak laguntzea eta enplegua sortzea. Baina enpresek ezin dute martxa geratu. Pertsonak oxigenoa behar du bizitzeko, eta ekonomiak eta enpresek ere behar dute gutxieneko hori. Horrez gain, enpresa txikiek, autonomoek, merkataritzak eta gainontzekoek beharko dituzte hilabete batzuetan irauteko neurriak, ito egingo baitira bestela. Gure osasun sistemak sendotasuna, humanismoa eta berdintasuna erakutsi ditu, baina krisi honek jarraitu egingo du, eta enpresetan zergatik ezin daitezke zorrotz ezarri osasun-segurtasun neurriak? Enpresek ere behar dute oxijenoa, gutxieneko bat. Mundu guztiak aitortzen du hori, baita sindikatuek ere, nahiz eta gero jendaurrean nahi dena esaten den. Nik uste dut batzuek neurria galdu dutela, eta iparra ere bai.

Auzitan jarri behar al da gaur egungo gizarte eredua edo sistema? Berriki gertatu da Zaldibarko hondamendia ere.

Zaldibarko zabortegian zaintza publiko bat egin izan da, eta aztertu beharko da ondo ala gaizki egin den. Garbi dagoena da haren kudeaketa pribatua dela, eta Ingurumen Sailean zer pertsona eta alderdi egon diren. Bestetik, II. Mundu Gerraren ondoren Europan, orokorrean, ongizate gizartearen eredu bat jarri zen martxan. Hori hedatua dago, gutxiago ala gehiago; zer esanik ez gure Euskal Herri txiki honetan, aukera izan eta lehen unetik egin zelako sistema publikoaren aldeko apustua, ona: osasungintzan, hezkuntzan, segurtasunean... Hori gehiago sendotzeko, ordea, diru sarreren muga daukagu.

Enpleguaren sorrera da dirusarrerak handitzeko moduetako bat. Beste bat, fiskalitatea.

Laster egokituko da erkidegoan dugun fiskalitatea berrikustea. Egungoak onurak eman ditu. Baina krisi honen aurrean orokorrean hartu beharko dira erabaki sakonak. Koronabirusaren inpaktua izugarria izango da, eta hartu beharreko erabakiek ez dute izan behar azalekoak, eta are gutxiago estetikoak, [diputatu] batzuk dieten kontuarekin dabiltzan moduan. Gizarte hau erabat desorekatuta geldituko da, eta funtzio publikoak, beste garai batzuetan egin izan duen bezala, bere ekarpena egin beharko du.

Zer ekarpen mota?

Bere garaian funtzionarioen soldarak izoztu ziren, aparteko soldataren bat ez zen jaso... Ez dakit antzeko neurriak hartuko diren, baina gogoetak orokorra eta sakona izan beharko du. Batera aztertu behar da egoera.

Akordio zabalen alde zaude?

Herri akordioak beharko dira,denok onik ateratzeko. Erantzukidetasuna izatea da giltzarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.