Marc Solsona. PDeCATeko bozeramailea

«Independentista kopurua handitzeko baliatu behar dugu krisia»

Solsonak uste du independentismoa indartuta irtengo dela «herrialde aberats eta oparo baterako proiektua sendotuz»; alde horretatik, PDeCAT prest da aukera guztiak baliatzeko.
SANTI IGLESIAS Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi - Berriemaile berezia

2020ko irailak 15

JxCren eta PDeCATen arteko hausturaren arrazoi nagusiak «herrialde eredu» eta «ideologia» arloan dituzten desadostasunak izan dira, Marc Solsona (Mollerusa, Herrialde Katalanak, 1976) PDeCATeko bozeramailearen esanetan. Nabarmendu duenez, PDeCATek «erdigune» politikoan kokatu nahi du, eta JxCk, berriz, «ezkerrean».

Aurtengo Diada koronabirusak baldintzatu du, baina baita indar independentisten arteko zatiketak ere. Zein egoeratan dago independentismoa?

Paradoxa batean. Inkestek diote Kataluniako independentismoa hazten ari dela etengabe, baina, aldi berean, inoiz baino zailtasun gehiago daude independentismoaren barruko sentsibilitate guztiak etorkizunari begirako estrategia bateratu batean biltzeko.

Zergatik uste duzu ari dela gertatzen hori?

Kataluniako independentismoa asko eta oso azkar hazi da, eta horrek [Espainiako] estatua larritu du. Estatuak errepresioarekin erantzun du, politika judizializatzen ari da, eta gaizkiletzat du independentismoa. Baldintza horietan oso zaila da politika egitea. Oso zaila da helburu nazionala eta eguneroko kudeaketa bereiztea, biak txanpon beraren bi aurpegi baitira. Hain justu, horregatik nahi dugu independentzia, hobeto bizi nahi dugulako. Nola biziko gara hobeto aurrean dugun estatuak independentzia ukatzeaz gain gure eskumenak egunero mugatzen baditu, gure eskubideak urratzen baditu, errepresioarekin erantzuten badu eta, gainera, estatuaren botere osoa ezartzen badigu mugimendu independentista isilarazteko?

Independentismoaren zatiketaren erakusle da JxCren eta PDeCATen arteko haustura.

JxSi hautagaitzatik gentozen. Convergenciaren eta ERCren arteko koalizioa zen, baina, 155.aren ondoren, ERC aldendu egin zen, eta JxC sortu genuen, askotariko sentsibilitateak eta independenteak biltzen zituena. Helburu bakar bat genuen: [Carles] Puigdemont [Kataluniako presidente ohia] berriro ere kargura itzultzea eta Kataluniaren independentzia. Azken bi urteetako gertakariak aintzat hartuta badakigu independentzia ez dugula bihar lortuko, eta COVID-19aren krisiak gobernantza sistema muturrera eraman du hainbat alorretan: osasunean, ekonomian, arlo sozialean eta abarretan. Beraz, uste dugu garrantzitsua dela espazio bakoitzak ordezkatzen duen ideologia argi adieraztea. Denok elkarrekin egon gaitezke helburu nazionalari dagokionez, baina helburu hori lortu bitartean gobernatu egin beharra dago eta eredu desberdinak daude.

Guk PDeCATeko kideen agintea jaso genuen JxCrako bidea egiteko, eta Crida Nacionalekin batera antolakuntza eredu bat adosten ahalegintzeko. Gaur-gaurkoz, hori ez da posible izan eta JxCk uko egin dio hauteskundeetara gurekin batera aurkezteari. Horri gehitzen badiogu [Quim] Torra [Kataluniako] presidenteak PDeCATek gobernuan zuen kontseilari bakarra kargugabetu duela, bada horrek orain arte zeuden orekak hautsi ditu. Hala ere, badakigu JxCk eta PDeCATek gauza asko partekatzen dituztela, jende komun asko daukatela, bi alderdietan militatu dutelako. Gaur-gaurkoz, ez dute elkar ulertzea lortu batera aurkezteko. Horrek ez du esan nahi etorkizunean ez denik posible izango.

Gobernatzeko eredu desberdinak daudela esan duzu. Zein izan dira Crida Nacionalekin negoziazioetan izan dituzuen desadostasunak?

Helburu nazionaletik harago doazen gaietan herrialde ereduari dagozkionetan, gure eredu propioa daukagu, azken 40 urteetako herri eraikuntzaren oinordeko sentitzen garelako. Eredu hori aldatu nahi dutenen aurrean, guk modernizatu, hobetu, eguneratu egin nahi dugu. Gure iritziz, krisiak ez dira baliatu behar sistemaz aldatzeko, batzuk Katalunian egin nahi duten bezala.

Adierazpen publiko eta pribatuetan JxCk eta Cridak esan dute ezkerreko alderdi bat izan nahi dutela. Ezkerrekoa soilik. Guk erdigunean kokatu nahi dugu. Desberdina da. Horregatik aukeratu dugu lelo gisa Zentratu dezagun herrialdea. Horrekin adierazi nahi dugu orain lehentasuna krisia gainditzea dela. Horrez gain, JxCk erabaki du urrira arte ez dituztela zehaztuko beren erreferentzia ideologikoak. Guk ezin dugu urrira arte itxaron. Badakigu zer garen eta zer ordezkatzen dugun. Haiek argi daukatenean, ikusiko da akordiorako aukerarik baden ala ez.

Galera garrantzitsuak izan dituzue alderdian. Zenbaterainoko eragina izan du hausturak PdeCATen?

Puigdemont presidenteak, preso politikoek eta hainbat karguk alderdia utzi izanak garrantzia handia du. Baina, aldi berean, agerikoa da lurraldean, udalerrietan, jende askok, alkate askok, PDeCATen jarraitzea erabaki dutela. Hain justu, horiei esker gaur esan dezakegu PDeCAT badela eta hurrengo hauteskundeetara aurkezteko gihar nahikoa dugula, nahiz eta lurraldeko indar hori batzuetan horren ikusgarria ez izan. Hori oso garrantzitsua izango da Kataluniako politikan beste behin ere erreferentziazko alderdi bat izateko.

Katalunian askotan eman da aditzera alderdiak ez direla garrantzitsuak, beste gauza batzuk zirela pisuzkoagoak. Nik ospatzen dut iraganean alderdi politikoengatik erneguka zebiltzan batzuk orain ohartzea alderdiak beharrezkoak direla benetako politika egiteko.

Beste alderdi bat ere sortu da espazio politiko bertsuan, PDeCATetik bananduta: PNC Kataluniako Alderdi Nazionalista. Adostasun puntu nahikoa al dago zuen bion artean hautagaitza bateratu bat aztertzeko?

Guk ez dugu urratsik egin noranzko horretan. PDeCAT subjektu politiko bereizi bat da, bidea bere kabuz egiteko gai dena, une oro aliatuen bila ibiltzeko beharrik gabe. Alderdi gisa JxCrako bidea egiteko kideen agindua genuen, eta ez beste ezer. Beraz, ez dugu aukera hori aztertu, eta ez dago agendan gaur egun.

Agerikoa da JxCn bezala, PNCn dagoen jende batekin militantzia politikoa partekatu dugula, eta beti esan dugu PDeCATek Kataluniaren independentzia lortzeko edozein estrategia bateraturen parte izan behar duela. JxCrekin herrialde ereduan desberdintasunak izan ditzakegun bezala, ezker-eskuin ardatzean, PNCrekin helburu nazionalaren arloan ditugu desberdintasunak.

PNCk aldebakarreko bidea alboratzen duelako eta soilik adostutako erreferendum bat babesten duelako diozu?

Izan daiteke. Guk dioguna da gai izan behar dugula historiak eskaintzen dizkigun aukerak baliatzeko Kataluniaren independentzia lortze aldera. Modu onean egin, hankak lurrean ditugula, baina ezeri eta inolako aukera edo leihori uko egin gabe. Beraz, ezin diogu geure buruari aldez aurretik kortse bat jarri.

Independentzia lortzeko, zein uste duzu direla laster eta luze gabe egin beharreko urratsak?

Azken bi hauteskundeak izaera plebiszitario handikoak izan ziren. JxSik urriaren 1eko erreferendumera eraman gintuen eta azken bozak independentismoaren baieztapenerako eta konfrontaziorako hauteskundeak izan ziren, estatuak 155.a ezarri ondokoak. Orain COVID-19aren kudeaketak mugitu egin du ardatza. Ez dira izango independentzia bai ala ez erabakitzeko bozak. Kartak agerikoak dira. Krisi honen aurrean, gobernu eta kudeaketa on baten bidez independentisten kopurua handitu behar dugu, gehiengo zabalagoak lortzeko eta indartsuagoak izateko. Konfiantza sortzeko gai baldin bagara, ekonomia aktibatzea lortzen badugu eta herrialde aberats eta oparo baterako proiektu bat ontzen badugu, indartsuagoak izango gara independentzia lortzeko.

Aldiz, inork pentsatzen badu aukera aprobetxatzeko herrialdeak pobreago eta ahulago egon behar duela, «orduan eta okerrago, hobeto» ideian oinarrituta, oker ibiliko da.

Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaia baliagarria dela uste duzu?

Elkarrizketa mahaia PSOEren eta ERCren arteko akordio bat da, ondoren Generalitatera eraman dena. Generalitateko presidenteak ez dio inoiz ere elkarrizketari uko egin, ezta alderdi demokratak ere. Gu oso eszeptikoak gara, ez baitugu uste egiazko borondaterik dagoenik emankorra izan dadin. Badakigu estatuak nola jokatzen duen, eta ezagutzen dugu alderdi sozialistak jarreraz nola aldatzen duen. Ez du koherentziarik esaten duenaren eta egiten duenaren artean.

Espainiako Gobernuarekin aurrekontuak negoziatzeko prest zaudete?

PDeCATen ez dugu horri buruz hitz egin. JxCko bozeramaileak esan du, beti bezala, edozein proposamen aztertzera irekita egon beharra dagoela. PDeCATek eta gure diputatuek proposamena aztertuko dute unea iristen denean, ez orain.

CDC eta PDeCAT %3aren auzian inputatu izanak hauteskundeetan kalte egingo dizuela uste duzu?

Denetik gerta daiteke, eta, askotan, argumentu politikoak falta direnean, %3aren kontua lehen mailako baliabide politiko bat izan daiteke. Baina ukaezina dena da, eta honetan oso irmo defendatuko dugu geure burua, ezin dela inor akusatu bera existitu aurreko gertaerengatik. PDeCAT interlokuzio ebazpen batean dago alderdia sortu aurreko gertaerengatik. PDeCATeko jende asko eta nire belaunaldia gertaera horien ondokoak gara.

Zein rol jokatu dezake PDeCATek hauteskundeen ostean?

Alderdi erreferente bat izan nahi dugu, eragina izango duena eta jendearentzako erabilgarria. Beti bezala, irabaztea eta gobernatzea dugu helburu. Maila nazionalean ezeri uko egin gabe, herrialdea artikulatzeko eta kudeatzeko gai den alderdia izan nahi dugu.

Beraz, gobernu koalizio batean ikusten duzu alderdia?

Ez gara espekulazioetan sartuko. Lehenik eta behin, bozetara deitu beharra dago, oraindik deialdirik ez dago eta. Ondoren, ikusi beharko da zein formularekin aurkezten garen, eta zein babes lortzen dugun herritarren artean.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bi pertsona maskarak soinean daramatzatela, autobusean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Lau gako asintomatikotasunaz

Arantxa Iraola

Kutsatu guztiek ez dituzte izaten sintomak. Adituek diote COVID-19an positibo emandakoen erdiek-edo, birusa izan arren, ez dutela batere sintomarik. Horrek zaildu egiten du izurriaren kontrola.

Herritar batzuk kalean maskara jantzita, Frantzian. ©CAROLINE BLUMBERG / EFE

Birusaren bigarren oldarraldia

Jone Bastida Alzuru

Kasuek ugaritzen jarraitzen dute munduan, eta hainbat herrialdek neurriak zorrozteko erabakia hartu dute. Israelek joan den ostiralean indarrean sartutako itxialdia gogortu du

Langile batzuk kaleak desinfektatzen, atzo, Azkoienen (Nafarroa). ©Idoia Zabaleta / Foku

Bigarren egunez, 800 kasu baino gehiago atzeman dituzte Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz

Osakidetzak jakinarazi du 9 urteko ume bat hil dela, birusa izanda. Positiboek gora egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Nafarroan, ez

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna