Etxegarairen ezkerrean da jokoa

Herrietako hauteskundeak 2020ko martxoaren 15ean eta 22an izanen dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Herriz herri, hasiak dira kanpaina prestatzen eta zerrendak osatzen. Baionan, bost zerrenda lehiatuko dira ziurrenik: hiru ezkerrean, bat zentro-eskuinean, eta bat eskuin muturrean.

Jean Rene Etxegarai, Baionako herriko etxeko bere bulegoan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Hogeita sei boz. Alde hori atera zion Jean Rene Etxegarai gaur egungo auzapezak 2014ko hauteskundeetan Henri Etxeto Baiona Hiri Irekia zerrendako hautagai sozialistari. Kanpaina nahasia izan zen, tentsio handikoa. Jean Grenetek ez aurkeztea erabaki ondotik, lehia estua izan zuten Etxetok eta Etxegaraik: lehen itzulian, sozialista lehen lekuan iritsi zen, baina ez zuen lortu bigarren itzulirako ezkerra batzea; abertzaleek bultzatutako Baiona 2014 ezkerreko zerrenda zabala eta ezkerreko frontea elkartu egin ziren, eta bigarren itzulian hautagaitza atxikitzea erabaki zuten. Oinarrizko aldarrikapen abertzaleei muzin egitea leporatzen zioten Etxetori batzuek —alderantziz, Etxegarai abertzale-bateragarri gisa ikusia zelarik—; orduan Frantziako Gobernuan gidari zen alderdia, hots, PS zigortzeko manera zen beste batzuentzat. Ezkerrari «traizio» egin, eta eskuina irabazten utzi izana leporatu zieten biei BHIko kideek, eta txistu artean hartu zituzten hauteskunde gauean emaitzak jakin orduko.

Sei urteren buruan, gauzak doi bat aldatu dira. Iazko udazkenean, BHI taldetik aterako zirela iragarri zuten Mathieu Berge, Marie-Christine Aragon eta Sophie Herrera hautetsiek. Bi arrazoi daude nagusiki: PS barnean gertatutako leherketa, eta aldarrikapen abertzaleekiko BHIk —eta bereziki Etxeto zerrendaburuak— erakutsi duten jarrera itxia. Egun batzuk geroago, Bihar Baiona taldea aurkeztu zuten, herriko hauteskundeetan zerrenda osatzeko asmoarekin. Hiru hautetsiez gain, Frantziako ezkerreko beste militante eta sindikalista batzuk agertu ziren, baita Jean Marc Abadie eta Daniel Harotzarene ere, Abertzaleen Batasuna eta Ezkerreko Mugimendu Abertzaleko kide izandakoak. Alderdietatik kanpo zerrenda herritarra osatzeko borondatea agertu zuten, eta haien balioak plazaratu: elkartasuna, trantsizio ekologikoa, sormena, eta kultur eta hizkuntza aniztasuna. Deigarria da euskarazko bertsioan «euskaltzale» gehitu diotela azken puntuari. Abertzaleekiko bateragarritasun bat erakusteko xede gisa uler daiteke.

Alderdiekin, alderdirik gabe

Abertzaleek bultzatu zuten Baiona 2014 ezkerreko zerrenda zabala; ezkerreko frontearekin aliatuta —Frantzia Intsumisoa gaur egun—, bi hautetsi lortu zituen bigarren itzulian. 2020rako, ezkerreko sektore gehiagotara zabaldu dute zerrenda zabalaren proposamena. Frantzia Intsumisokoengana jo zuten lehenik; sei urteko lan harremana izan dute elkarrekin, eta, desadostasunak egonik ere, konfiantza giroa dago bien artean. Heldu den urteko bozetan elkarrekin aurkezteko ideia eta xedea aipatzen hasi ziren.

Maiatz hastapenean, Bihar Baionakoengana jo zuten Baiona 2020koek, elkarrizketarako gomita egin, eta elkarrekin aurkezteko aukerarik ba ote zen aztertzeko. Bide berriak asmatzeko prest agertu ziren, eta dena jarri zuten mahai gainean, baita bakoitzak aurreikusitako zerrendaburuak baztertzea ere. Baina ekainaren hondarrean bere aldetik joango zela erabaki zuen Bihar Baionak, bigarren itzulian aliantza egiteko ateak irekita utziz. Ezkerreko indarren artean aitzinetik akordioa lortuta, lehen itzulian indarrak neurtu, eta boz gehien lortuko lukeenak gidaritza hartzea: formula hori lehenetsi zuen Bergek, orain dela urte eta erdi, Ipar Euskal Herriko Hitza-k galdera egin zionean.

Anartean, Frantzia Intsumisoa, Baiona 2020 eta baita EELV ere ados jarri dira. Hau da adostu duten formula: Frantzia Intsumisoak, EH Baik eta EELVk babestuko duten zerrenda herritarra osatuko dute: Baiona Berdea eta Elkarkidea. Alderdien babesarekin, baina alderdirik gabe: elkarteko kidetza norbanako gisa eginen dute, orain arte bezala; alderdiek militante eta sostengatzaileei dei eginen diete elkartean sar daitezen. Alderdien pisua mugatu nahi dute horrela. Zerrenda osatzeko orduan ere, ez da alderdien arteko negoziaziorik izanen; elkarteko kideek hartuko dituzte erabakiak, batzarretan. Gaur egun, jadanik 80 pertsonak parte hartzen dute —ehun bat ziren 2014ko kanpaina bukaeran—. «Gustura» daude desmartxa berria izaten ari den harrerarekin.

Larunbatean bi zerrendaburu izendatu zituzten: Jean Claude Iriart eta Sophie Bussiere. Komunikazioa hautagai bakarraren inguruan «pertsonalizatu» ordez, «ardura publikoen konzepzio kolektiboago bat» irudikatu nahi izan dute horrela. Ardurak ere desberdinak izanen dituzte: Iriart auzapezgai izanen da —beste mandaturik gabe—, eta Bussiere Euskal Elkargoko gaiez arduratuko da.

BHI taldean, gauzak konplikatuagoak dira: sei urtean, hauteskunde zerrenda hustu da. Taldeko sei hautetsiez gain, PS eta PCF alderdiak baizik ez dira gelditzen, bakoitzak duen egoerarekin. Hala ere, Alain Duzert komunisten buruaren hitzetan, hori da gaur egun mahai gainean duten aukera egingarriena: Henri Etxeto buru osatzea zerrenda. Aste honetan bildu beharrak dira komunistak erabakia formalizatzeko. «Gure bilana aurkezten duten eskuorriak etxez etxe banatzen hasiak gara», azaldu du Duzertek. «Irudikatu dezakezu komunista bezala zer iritzi dudan alderdi sozialistaz», adierazi du. Hala ere, haren hitzetan, ez da soilik PS eta PCFren arteko zerrenda bat, eta beste alderdietako kideek eta independenteek ere parte hartuko dute. Halaber, sei urte hauetan hartutako engaiamenduak bete dituztela baieztatu du. «Ez dut ahantzi 2014ko traizioa, eskuinak irabaztea ahalbidetu zuena», gehitu du. «Lehen itzuliko gauean proposamenak egin genizkion Baiona 2014 zerrendari, baina ez zituzten onartu». Bergeren taldearentzat ere ez du kritikarik falta: BHI zatitu eta hitza jan izana leporatzen dio. Ezkerra batu beharraz mintzo bada ere, ezin erran beste sektoreetara hurbiltzeko modurik onena denik.

Bada BHI zerrendari loturiko beste politikari bat: Collette Capdevielle. 2014ko hauteskunde biharamunean gogor mintzatu zen, eta Etxetori leporatu zion abertzaleekin akordioa lortu ez izana: «[Ipar] Euskal Herriko ezkerreko indarrak berreraikitzeko dudan erantzukizuna neurtzen dut». 2017ko legebiltzarreko hauteskundeetan diputatu kargua galduta, politika uzteko asmoa agertu zuen, baina, Baionako hautetsi baten arabera, azkenaldian nehoiz baino gehiago agertzen ari da herriko etxean. Anbizio pertsonal baten adierazgarri? Ikusi beharko da zer rol jokatzen duen ondoko asteetan.

Harritxo bat oinetakoan

Eskuinean, gauzak argiago daude: oraindik ofizialki jakinarazi ez badu ere, Etxegarai auzapez segitzeko gogoz dago —UDI alderdiak irailean izendatu zuen hautagai—. 2014an, Greneten segida hartuz, eskuina batzea lortu zuen —lehen itzulian Sylvie Durruti Errepublikanoarekin lehiatu ondotik—. Sei urtez elkarlanean aritu ondotik, ez dirudi bere gehiengotik aurkaririk izanen duenik. «Bilanarekin eroso gaude, ez du zentzurik beste hautagai bat aurkezteak», azaldu du Etienne Boutonnet Martxan-eko hautetsiak. Batasuna lehen itzulitik, baina postuak eta posizioak negoziatuko dituzte. Ez luke gaizki ikusiko zerrendaren laurden bat Macronen alderdikoa izatea —hori da gutxi gorabehera gaur egungo zerrendan LREMek duen pisua—. Gauza bera espero liteke Durrutiren sektoretik, baina ikusi beharko da zer eskaintza egiten dion Etxegaraik.

Ezezaguna eskuin muturrean dago. 2014an Fronte Nazionalak ez zuen lortu zerrenda osatzea, baina heldu den martxorako bide onean dela iragarri du Jean Michel Iratxetek. Ez du zehaztasunik eman nahi izan, Batasun Nazionaleko hauteskunde batzordeak ofizialki hautagai izenda dezan itxoiten duelako oraindik. Horiek horrela, eskuin muturra da gaur egun Baionako herri bozetako ezezagun nagusietako bat. Batasun Nazionaleko zerrenda batek erabat alda lezake zerrenden arteko indar harremana, Etxegarairen eta Etxetoren boz zakuetatik tiratuz; 2014an izan ez zuten harritxo bat oinetakoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.