Klima aldaketa. COP21 goi bilera Parisen

Klimaren aldaketaren aurka «lehen akordio unibertsala» adostu dute estatuek Parisen

Mende amaierarako planetaren tenperatura bi gradu baino gehiago ez igotzeko konpromisoa hartu dute, eta igoera gradu eta erdikoa izateko ahalegina egiteko

COP21 goi bileraren harira mundu osoko ekintzaileak elkartu dira egunotan Parisen. Irudian, hainbat lagun, atzo, Eiffel Dorrean. ETIENNE LAURENT / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2015eko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Mende amaierarako planetaren tenperatura bi graduko marra gorria ez gainditzea. Horixe da klima aldaketaren aurkako aurreneko akordio unibertsalak jasotzen duen konpromiso nagusia. Parisko COP21 goi bileran, aurreikusiagoa baino geroago eta bileraren hondarretan, ozta-ozta,testu «historikoa» adostu dute munduko ordezkariek —195 estatu eta Europa—. Akordioa, baina, hasiera batean pentsa zitekeen baino lausoagoa da, legez bete beharrekoa bada ere, berotegi efektuko gasen isurketa murrizteko estatu bakoitzak ezarritako mugak ez baitira atal horretan txertatu. Bost urtetik behin kontu ematearekin eta konpromisoa berrestearekin aski izango dute, hori bai, horretarako gardentasun mekanismoak jarriko dira asmoak betetzen ari ote diren egiaztatzeko.

Parisko Akordioa, bada, bi zatitan banatu dute: akordioa bera eta hogei orrialdeko eranskin bat. Txinaren, AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Indiaren aurrean amore eman dute formula bitxi horren bidez, berotegi efektuko gas gehien isurtzen duen herrialdeak; izan ere, ez zeuden prest alor horretan legez bete beharreko konpromisorik hartzeko.

«Sekulakoa egin dugu. Aurrerapauso itzela da gizadiarentzat». Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroa eta goi bilerako presidenteak hitz horiekin iragarri zuen atzo iluntzean akordioa, uste baino beranduago, nazioarteko ordezkarien arabera «inoiz negoziatu den akordio konplexuena» izan baita. Dokumentuaren aurkezpena bera ere goiz-goizean egin beharrean, bezperan iragarri bezala, eguerdi partean aurkeztu zuen Fabiusek. Estatuei testuarekin bat egiteko «ausardia» eskatu zien: «Gure seme-alabek ez gaituzte ez ulertuko, ezta barkatuko ere ez badugu akordiorik egiten». Francois Hollande Frantziako presidentea haratago joan zen estatuei akordioa sina zezaten erregutuz: «Mundua aldatzeko aukerak urriak dira, eta gaur aukera hori duzue».

Kyotoko lekukoa

Kyotokoa ordezkatuko duen itunari harrera beroa egin zioten mundu osoko agintariek.Barack Obamak Twitterren mezu bat idatzi zuen testua adostu zela jakin bezain pronto. «Lortutakoa itzela da». Etxe Zurian agerraldia egitekoa zen bartpresidentea. Eta erreakzio soka etengabea izan zen.Akordioa historikoa dela, itxaropenez betea datorrela, eta etorkizunerako oparia dela, datozen belaunaldietarako lortutako arrakasta.

Testua «asmo handikoa eta bidezkoa» delabat etorri dira agintarik. Bada, ordea, orain erronka akordioa betetzea dela esan duenik, eraginkorrak izatean dagoela gakoa. Eta horretarako, funtsezkoa izango da borondate hutsean geratu diren konpromisoak betetzea, besteak beste, mendearen amaierarako tenperaturaren igoera 1,5 gradukoa izateko ahalegina egitea, eta agindutako finantzaketa bermatzea, 100 mila milioi dolar urtean—herrialde aberatsenek jarri beharko lukete diru hori—.

Estatu bakoitzak datorren urteko udaberritik aurrera berretsi beharko du akordioa, eta, berez, 2020an sartuko da indarrean.

Parisko Akordioa bi asteko etengabeko negoziazioen ostean etorri da, ordu txikietan ere egindakoak,gaubeilan, alde biko bilera ugariren ondoren, eta hiru zirriborroren ostean, gero eta hutsalagoak; lehen zirriborroaren 29 orrialdetatik azken testuaren 11 orrialdetara. Zientzialariek ezarritako muga gorria gainditu ez badute ere —bi graduko langa—, hasierako helburu asko bidean geratu dira: 2050. urterako aurreikusitako karbonogabetzea testutik ezabatu dute, petrolioa ekoizten duten estatuek «karbono neutraltasuna» terminoaren kontra agertu baitira, eta mende erdirako gas emariak 2010. urtekoekin alderatuz %70 murrizteko neurria ere desagerrarazi dute akordiotik.

Hirugarren zirriborroa

Klima aldaketa «itzulezina izan daitekeen premiazko mehatxu» bat dela dio adostutako testuak, eta oreka bat bilatu behar dela berotegi efektuko gasen igorpenean; izan ere, gaurko joerari eutsiz gero munduaren tenperatura lau gradu artean berotuko litzateke mende amaierarako, ahaztu gabe aurtengoa urterik beroena izango dela.

Kyotoko Itunaren lekukoa hartuko duen akordioa, hala ere, 1997an sinatutakoa baino mamitsuagoa da oraingoa, edukian eta kopuruan; orduan isurketak %5 murrizteko konpromisoa hartu zuten, legez bete behar ez zena, eta sinatu zutenen artean orduko isurle handiena falta zen:Washington. Ordutik %80 igo da berotegi efektuko gasen isurketa.

Kopenhageko 2009ko bilerak, berriz, porrot egin zuen. Fabiusek berak esan du orduan planetak ez zeudela lerrokatuta, baina, orain, bai, orain lerrokatuta egon direla: «Dena ezinezko dirudi lortzen den arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.