Joam Peres. Causa Galizako batzorde exekutiboko kidea

«Independentismoari jarri nahi zitzaion hesia haustea lortu dugu»

Peresek salatu du 'Jaro operazioak' abiatu zuen auzia Galiziako independentismoaren kontrako «errepresio politikoa» dela. Auzipetuetako bat da bera. Orotara, fiskaltzak 102 urteko espetxe zigorra eskatzen du.

BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
«Galiziako independentismoaren kontrako makroepaiketa» izango da, bihar, Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko dena, Joam Peres Causa Galiza elkarte politikoko buruzagiaren esanetan (Vigo, Galizia, 1965). Peres bera da auzipetuetako bat. Orotara, Galiziako hamabi militante independentista epaituko dituzte talde kriminal bateko kide izatea eta «terrorismoa» goratzea egotzita. Horietako bederatzi Causa Galizako kideak dira, eta gainerako hirurak Ceivar errepresioaren kontrako elkartekoak. Fiskaltzak lau eta hamabi urte arteko zigorrak eskatu ditu akusatuentzat, eta Causa Galiza eta Ceivar desegitea ere galdegin du. «Errepresio politikoa» salatzeko, manifestazio nazionalera deitu dute gaurko Santiagon.

Zer oinarri ditu zuen kontrako akusazioak?

Oso bitxiak dira, horien artean daudelako memoria historikoari lotutako ekitaldiak, hitzaldiak, borroka independentistari lotutako ospakizunak, preso politikoei egindako harrerak eta adierazpen batzuk, Auzitegi Nazionalaren interpretazio askearen arabera indarkeria politikoari gorazarre egiten diotenak.

Jaro operazioa izan zen auziaren abiapuntua, 2015ean.

Urte hartako urriaren 30ean, Guardia Zibilak polizia operazio bat egin zuen, Auzitegi Nazionalaren aginduz. Causa Galizako bederatzi lagun atxilotu gintuzten. Kasu batzuetan, etxeetara sartu ziren indarrez, 20-30 guardia zibil inguru. Presio psikologiko handiko egoera bat izan zen. Esparru mediatikoan, hedabide handiek oihartzuna eman zioten Guardia Zibilaren prentsa oharrari. Idatzi horrek zioen existitzen ez den erakunde armatu baten adar politikoa ginela.

Resistencia Galega taldeko kide zinetela zioen akusazioak, baina talde hori badenik ere oso eztabaidatua da.

Ez da talde horren ekintzarik ezagutzen, ezta egiturarik ere. Egia da azken urteetan indarkeria politikoari lotutako ekintza batzuk izan direla, baina hortik erakunde armatu bat badela esatera jauzi handi bat dago. Horregatik, Auzitegi Nazionaleko epaile batek [Ramon Saez Valcarcelek] boto partikularra eman zuen Resistencia Galega badela frogatutzat jotzen duten bi sententziatan.

Hala ere, Causa Galizaren jarduna eteteko agindu zuen Auzitegi Nazionalak.

Eloy Velasco epaileak inputatu gintuen, eta gero aske utzi, zenbait neurri murriztailerekin. Politikoki esanguratsuena da Causa Galizaren jarduera eten zuela. Kautelazko neurri gisa hartu zuen erabakia, baina, egiaz, legez kanporatzea izan zen. Gure defentsak helegitea aurkeztu zuen, eta urtebetera indargabetu egin zuen neurria. Orduan, azken urteetan izan dugun jarduera normalizatua berreskuratu genuen, testuinguru horretan normalizatua izan daitekeen neurrian.

Jaro II operazioa ere egin zuen Guardia Zibilak. Zer izan zen?

2017ko ekainaren 21ean, beste hiru pertsona atxilotu zituen,Ceivar errepresioaren kontrako erakundeko militanteak hirurak. «Terrorismoa» goratzeagatik inputatu zituzten, baina ez ziren epailearen aurretik pasatu ere egin. Horrek adierazten du nola egin ziren gauzak. Bi sumarioak kausa bakarrean uztartu zituzten.

Independentismo galiziarraren kontrako auzi bat da hau. Guk egun argiz eta legediaren barruan egin dugu lan beti.

Iaz, auzitegiak baztertu egin zuen talde «terroristako» kide izatearen akusazioa, baina, gero,auziakbira eman zuen berriz.

Akusazio hori erretiratu zitzaigun, eta hasiera batean zirudien baino ortzi muga hobea ikusten genuen: terrorismoa goratzea leporatzen ziguten, eta, kasu askotan, preskribatuta dauden gertaerengatik. Auziaren progresiboki deseraikiz joanzen. Instrukzioaren amaiera, ordea, Manuel Garcia Castellon epaileak hartu zuen. Oso epaile ospetsua bihurtu da PPren hurbileko agertzeagatik zenbait ustelkeria kasutan. Kataluniako CDRen kontrako operazioak ere berak agindu zituen, eta Euskal Herriko hainbat independentistaren estradizio eskariekin lotuta dago. Epaile horrek talde kriminal bateko kide izatea egotzi zigun, eta zigor eskariak nabarmen handitu ziren berriro ere.

Zertan gelditu da zuen kontrako eskaera?

Eskaera orokorra da 102 urteko espetxe zigorra, Causa Galiza eta Ceivar de facto legez kanporatzea, 348.000 euroko isuna, administrazio publikoan lan egiteko ezintasuna eta hauteskundeetara aurkezteko debekua. Azken hori zen, hain justu, Causa Galizak epe ertainera zuen helburuetako bat.

Zein izango da zuen defentsaren oinarria?

Gure jarduna azken urte hauetan guztietan egun argiz eta modu guztiz gardenean garatu dugula, eta horretarako Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren oniritzia ere izan dugula hainbatetan. Beraz, hau guztia muntaketa politiko bat dela salatuko dugu. Hau errepresio politikoaren kasu bat da, argi eta garbi.

Zer ondorio politiko izan ditzake auziak?

Alde batetik, badira ondorio pertsonalak, politikoak ere badirenak. Espetxeratuak izan gaitezke, eta guretzat heriotza zibil eta laborala izan daiteke. Bestetik, ekar dezake Auzitegi Nazionalak aukera politiko bat ezabatzea gure herrialdean. Kaltea ez da soilik desmobilizazioa, baizik eta aurrekari juridiko bat sor daitekeela etorkizunerako, beste belaunaldi batek edo beste militante talde batek proiektu politiko independentista bat eraikiko balu, desegindako erakundeen oinordeko izatea leporatzeko. Kolpe handi bat izango litzateke askatasun eta eskubide demokratikoentzako, baina baita ere independentismoa gure herrialdean aukera politiko gisa existitu ahal izateko.

Nolako erantzuna izan du auziak Galizian?

Jukutria honek ikaragarrizko erantzun politikoa eta soziala izan du. CIG herrialdeko sindikatu nagusiak hainbatetan salatu du publikoki, langile batzordeetako ordezkariek gaia jorratu dute, eta FIGA Galiziako Sindikatuen Arteko Konfederazioaren salaketa ere argia izan da. BNGk ere operazioa gaitzetsi du, eta Nestor Rego diputatuak hainbatetan salatu du Causa Galiza eta Ceivar ilegalizatzeko mehatxua Espainiako Kongresuan; Anovak ere gauza bera egin du. Horrez gain, dozenaka sindikatuk, elkarte politikok, elkarte kulturalek, gazte erakundek, talde ekologikok eta abarrek babesa eman digute. Operazio honekin independentismoari jarri nahi zitzaion hesia haustea lortu dugu.

Uste dut oso albiste ona dela, jasan dugun kanpaina mediatiko gogorrarekin herrialdeko eragile gehienak gai izatea egoera identifikatzeko, eta kalera irtetea espetxeratzerik eta ilegalizaziorik ez dadila egon eskatzeko.

Zigortuak bazarete, Europara joko duzue?

Estrasburgora eramango dugu auzi hau. Agian zigor gogorrak jarriko dizkigute, eta elkarteak ilegalizatuko dituzte, baina auzi hau Giza Eskubideen Europako Auzitegira iritsiko da, eta han Espainia zigortuko dute, Bategarune auziarekin gertatu zen bezala eta Katalunian ezarri duten errepresioarekin gertatuko den bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.