Zorion kantuak ijito maisuari

Atzo 109 urte bete ziren Agustin Castellon Campos 'Sabicas' gitarrista iruindarra jaio zenetik. Dozenaka lagunek artista flamenkoa omendu dute Iruñeko Mañueta kalean.

Bruno Jimenez gitarrista, Sabicasi egindako omenaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
«Plaust-plaust»: kaleko eraikinen beste aldetik ere aditu daitezke txalo zartak. Lau esku dira soinuaren erantzuleak, eta parean dituzten mikrofono eta bozgorailuek ozentzen dute erritmo biziko doinua. Eskuak epeltzen ari dira arropa dotoredun bi gizonak, aurki hasiko baitute flamenko emanaldia. Kontzerturako eguna ez da izan ausaz aukeratua: 109 urte eginen lituzke Agustin Castellon Campos Sabicas gitarra jotzaileak (Iruñea, 1912- New York, 1990). Hain justu, hari eskainiak izanen dira kantuak.

Iruñeko Mañueta kalean jaio zen Sabicas, 1912ko martxoaren 16an. Kaleko 7. zenbakian zuen etxea haurtzaroan, eta, horregatik, handik metro gutxira bildu dira hamarnaka lagun, hesiz itxitako agertoki baten inguruan. Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo federazioak eta La Casa Sabicas elkarteak antolatu dute omenaldia, eta zenbait artista gonbidatu dituzte horretarako, baita udaleko zenbait ordezkari ere.

«Nafar ijito unibertsala zen Sabicas, zinez eredugarria». Gaz Kaloko arduradun Ricardo Hernandezenak dira hitzak. Hark hasi du ekitaldia, gitarristak egindako urratsak gogora ekarrita. «Gitarra jotzeko zuen trebezia oso agerikoa izan zen hasiera-hasieratik. Bost urte baizik ez zituen Gaiarre teatroko kontzertu batean parte hartu zuenean, eta 50 disko baino gehiago kaleratu zituen guztira. Ikusgarria zen; artean inork ez zuen egin halakorik», esan du Hernandezek.

Besteen itzalean ez izateko

Iruñean jaio izanagatik, Sabicasek atzerrian egin zituen bizitzako urte gehienak: Frantzian, Argentinan, Mexikon eta Ameriketako Estatu Batuetan, besteak beste. Baina, Hernandezek oroitarazi duenez, artistak bihotzean gordea zuen sorterria, eta Gaz Kalokoak kritikatu du hala ere memoria ez dela aldebikoa izan; neurri berekoa, behintzat, ez dela izan: «Sabicasi ez zaio eskaini Gaiarreri eta Sarasateri adina laudorio, eta hirurek merezi dute aitortza gurean». Horregatik, flamenkoko artistari eskainitako jarduera gehiago antolatzeko asmoa dute datozen hilabeteetan, diotenez, ez baita aski urtemugan oroitzearekin: «Haren memoria are biziagoa izan dadin nahi dugu, eta biziki gustatuko litzaiguke monumentu bat eraikitzea. Hemen bertan izatea nahi dugu, Mañuetan».

Txaloak berriz ere; oraingoan, ordea, publikoaren eskuak izan dira erantzuleak. Agertokitik aldendu dira antolatzaileak, eta musikak hartu du kalea. Bruno Jimenezek ekin dio kontzertuari, bakarlari gisa. Leunki mugitu ditu behatzak hasieran; ziztuan ondotik, eta burrunba hotsez bukatu. Entzuleetako baten olé-ak apaindu du abestiaren amaiera.

Isildu da giroa, baina pausak ez du luze iraun. Bruno Jimenezek bere ezkerraldera jiratu du burua, eta, keinuaren esanahia berehalakoan ulerturik, kontzertuarekin bat egin dute haren aita Bruno Jimenezek eta arreba Lorena Jimenezek; pianista eta abeslaria dira, hurrenez hurren. Gainera, ez dira izan bakarrak; azkenean, Angel Ocray kantari flamenkoak ere girotu du kalea bere ahotsaz.

Artisten aurpegieretan agerikoak izan dira emozioa eta Sabicasi dioten miresmena, eta biak ala biak aurreko publikoari kutsatzea lortu dute, flamenko doinuak erabiliz. Baita abestien hitzei esker ere: Sabicas, un gitanico de los pies a la cabeza, un genio musical. Pamplona no te olvida (Sabicas, ijito peto-petoa, musikaren maisua. Iruñeak ez zaitu ahaztuko). Begiak itxirik egin du kantuan Lorena Jimenezek, eskuak indarrez astindu bitartean. Zerurantz ere zuzendu ditu besoak.

Hernandezek azaldu duenez, arimarekin kantatu diote «osaba Sabasi», Mañueta kaleko txokoan. Eta, hala, arimarekin bihotzez eman dizkiote eskerrak orain 109 urte hasi zuen bideagatik: Gracias, eskerrik asko, nais tuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.