Konpositorea

Yolanda Campos: «Den-dena planifikatua izatean, orduan hasten naiz notak idazten»

Iruñeko Ganbera Abesbatzak 'Milia on the road' obra estreinatuko du gaur, Baluarten. Lanak Itxaro Bordaren bi olerki sorta ditu oinarri. Yolanda Camposek konposatu du.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2023ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun

Atzera-bueltarik ez duten gauzen gisara deskribatzen du Yolanda Camposek (Jaka, Espainia, 1973) Milia on the road obra abiatu zuenekoa. Iruñeko Ganbera Abesbatzak koruarentzako lan bat ondu zezala eskatu zion konpositoreari 2018an, eta, hara non, Itxaro Bordaren bi poema sortarekin egin zuen hark topo: Milia Lastur revisited (1985) eta Milia Lastur on the road (2007). Borda XV. mendeko Milia Lasturkoren eresia lanean inspiratu zen olerkiok idazteko, eta indarkeria matxistaren salaketa gordina egiten du. Campos «txoratuta» gelditu zen horiek irakurritakoan, eta ziztuan erabaki zuen zer eginen zuen: horiek baliatu, eta «obra feminista bat» sortu. Gaur estreinatuko dute, 19:30ean, Baluarten. Abeslari guztiak emakumeak dira, eta bost musikarik lagunduko diete.

Nolakoa zen enkargua, zehazki?

David Galvezek —koruko zuzendariak— askatasun osoa eman zidan, bai gaiari dagokionez, bai estiloari eta koruaren erabilerari dagokienez. Gauza bakarra esan zidan: nire obra bat nahi lukeela. Nire lana musika instrumentuen eta ahotsen tinbrearen ikerketan eta esplorazioan oinarritzen da batez ere, eta, horregatik, hori nahi nuen landu koruarekin. Enkargua 2018an jaso nuen; asmoa zen obra 2020rako estreinatzea, baina pandemia bat sartu zen tartean. Bide batez: hau da Iruñeko Ganbera Abesbatzak obra bat konpositore andre bati eskatzen dion lehenbiziko aldia.

Abesbatza 1946an sortua da. Aski berandu iritsi da hori, ezta?

Bai, hori zioen Davidek aurkezpenean, lotsa ezkutatu ezinean.

Nolatan erabaki zenuen obra Itxaro Bordaren lanetan oinarritzea?

Argi nuen testu batean oinarritu nahi nuela, eta, aldi berean, oso garbi nuen landuko nuen testu horrek gure lurraldeko idazle batena behar zuela. Hainbat poema aztertu nituen, narrazio lan batzuk ere bai, eta Itxaro Bordaren olerkiak bestela bezala azaldu zitzaizkidan parera, Interneten. Jatorriz, euskaraz eta ingelesez idatzi zituen, baina aurkitu nituenerako bazen baten bat gaztelaniara itzulirik. Horri esker, hasi nintzen irakurtzen, eta poemek txoratuta utzi ninduten. Hain ziren erdiragarriak! Gehiago ikertu nuen haiei buruz, eta jakin nuen XV. mendeko Milia Lasturkoren eresia lan anonimoan zutela jatorria. Itxaro Borda ezagutzeko gogo bizia sartu zitzaidan, eta hitzordu bat lotu genuen Bingen Amadozi esker. Hirurok bildu ginen, eta konexioa berehalakoa izan zen.

Zer mezu gailentzen da hitzetan?

Poemek asko hitz egiten dute maitasunaz eta sexualitateaz, baina baita euskal gatazkaz ere, adibidez. Itxaroren poesia oso ausarta da, eta aldarrikatzen du bere identitatea, oso testuinguru konplexu batean. Ez dezagun ahaztu 1980ko Euskal Herriko landa eremuaz ari garela eta Itxarok aldarrikatzen zuela poeta, lesbiana eta feminista dela.

Dena dela, zuk indarkeria matxistari erreparatu diozu gehien.

Bai, eta partitura bidaia baten modukoa da. Bidaia iluntasunetik eta isiltasunetik abiatzen da, sistema patriarkalak isilarazi egin baikaitu urteetan. Ondotik, emakumeen askapenera egiten da bidaia; hori ari baikara lortzen, pixkanaka, borrokari esker.

Nola ekarri dituzu poemak musika hizkerara? Zer doinu dute?

Ez ditut Itxaroren olerkiak modu literalean baliatu. Hitzen fonetikari erreparatu diot batez ere, eta olerkietan nabarmentzen diren hitzak, esaldiak eta espresioak hartu ditugu; euskarazkoak, ingelesezkoak eta gaztelaniazkoak —gaztelaniazkoak nik erantsi dizkiot, nire hizkuntza hori baita—. Adibidez, obraren lehenbiziko partean baliatu ditugun hitzek sonoritate latza dute; bigarren partekoak diferenteak dira. Musikalki, modu lidiarrak lagundu dit obrak behar zuen musikaltasun argitsua erdiesten, batik bat.

Mezuak ez ezik, olerkien zer beste ezaugarrik harrapatu zintuen?

Oso ohitua nago poesia irakurtzera. Txikitan, amak egunero behartzen gintuen ahizpak eta ni ahots goran poesia pixka bat irakurtzera. Orduan sekulako gorrotoa nion egiteko horri, baina orain garbi dut ezinen diodala inoiz behar adina eskertu, ariketa horrek lagundu baitit erritmo oneko poemak identifikatzen, eta Itxarorena horrelakoa da. Eta, erritmoaz ari naizenean, pultsuaz ari naiz, pultsu musikalaz; diskurtsoa zeharkatzen duen barreneko taupadaz. Itxaroren poesiaren irakurketa oso naturala da: ez duzu zure arnasa indartu beharrik; bikain egiten du aurrera. Horregatik, sekulako zortea dugu Bingen Amadozek ederki erdaratu dituelako haren hitzak, eta erritmoa ez delako galdu.

Bordaren olerkiek XV. mendeko eresia bat dute oinarri. Zure obran sumatzen da hori?

Obsesionatua nago testuingurua ematearekin. Horregatik, XV. mendeko poesia baldin bada hitzen inspirazioa, nik bertara joan behar dut musikan. Orduko erreferenteei erreparatu diet, hala nola Johannes Ockeghemi, eta, ondotik, nire hizkera musikal pertsonalarekin lotu dut, hizkera garaikidearekin. Musika tresnei dagokienez ere, antzera jokatu dut. Batzuk garai hartakoak edo are eta zaharragoak dira: harpa, salterioa, alboka, txalaparta... Beste batzuk, garaikideak: txeloa eta saxofoia. Horien bidez, Itoiz eta Hertzainak taldeen musikarekin ere egin nahi izan dut lotura.

Zure zigiluetako bat mikrotonalitatea da, eta hori inoiz gutxitan baliatzen da kanturako. Nolakoa izan da erronka?

Jakin dut zaila izan zaiela. Aintzat hartu behar da modalitate mikrotonala ez dela oraingoa. Antzina, hurbilketaren bitartez kantatzen zen; ez zegoen doinuak bestela neurtzerik, eta orduan sortzen zen mikrotonalismoa. Tonuerdiak baino txikiagoak diren tarteak dira, azken finean. Eman dezagun piano bat dugula: mikrotonalismoan egiten dugun musika ez legoke bildua tekla zurietan eta beltzetan; grisak beharko genituzke. Interpreteentzat ez da erraza, eta lan handia egin behar izaten dute, ongi trebatzeko.

Konposizioan, zein izan da zailtasunik handiena?

Konposizio prozesuan deus ez da erraza. Esanen nuke niri estudioko lana zaidala konplikatuena, baina zirraragarria da. Nik horrela bizi dut konposizio prozesua: lehenbizi, ikerketa egiten dut; gero, planifikazioa egin behar da, eta, ondotik, behin den-dena planifikatua izatean, orduan hasten naiz notak idazten; sekula ez lehenago. Jendeak uste okerrak izan ohi ditu horren gainean.

Jendeak zer uste du, bada?

Jendeak uste du pianoaren parean esertzen garela, ikustera ea zer okurritzen zaigun. Hori gezurra da. Inoiz ez da horrela gertatzen. Jendeak uste du egun batean deus gabe batean lotaratzen zarela eta biharamunean sinfonia oso bat duzula sorturik.

NAK Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiaren zuzendari artistikoa zara. Zer moduz doa festibalaren datorren aldiaren prestaketa lana?

Jaialdiaren bederatzigarren aldia irailean izanen da, eta, beraz, aurretiaz egin beharreko lanen parte handi bat egina dago jadanik. Hala behar du; izan ere, ziklo honetan biziki inportantea da aldez aurretik egiten den hausnarketa, programazioaren testuinguruaren lanketa muturrekoa baita. Beti izaten da lanak elkarren artean lotzen dituen hari bat.

Zein izanen da 2023koaren haria, beraz?

Denbora. Gilles Deleuze filosofoak denboraren gainean eginiko gogoeta hartu dugu oinarri. Sakon hausnartu zuen denboraz: zehazki, neurrietatik kanpoko denboraz. Agendetatik eta estresez betetako bizimodutik askatzen gaituen denboraz. Derrigor produktiboa izan behar ez duen denbora horretaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.