Donostiako 71. Zinemaldia. Euskal Zinemaren gala. Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia. Zinemagileak

«Zer falta zen emakumeak ez zeudelako kameren atzean?»

Euskal emakume zinemagileen lanaren gaineko zeharkaldi bat osatu dute Gaztelumendik eta Zufiak 'Arnasa betean' dokumentalean. Euskal Zinemaren galan estreinatuko dute, asteartean.

JAGOBA MANTEROLA/ FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Zinemaren inguruko telebista saio bat egiten ezagutu zuten elkar Bertha Gaztelumendik (Irun, Gipuzkoa, 1962) eta Rosa Zufiak (Tutera, Nafarroa,1958). «Orain dela 30 bat urte, ez dugu detailerik emango», esan dute barrez. ETB1eko Ikusmira saiorako kazetari lanak egiten zituztenean izan zen. Jaialdiz jaialdi aritzen ziren orduan, Donostian, Cannesen, Venezian, Berlinen... ahal beste elkarrizketa egiten, ondoren urte guztian programa elikatzeko. «Eta garai hartan ez zegoen emakumerik». Hori oroitzen dute urte haietatik, eta horregatik erabili dute «eklosio» hitza azken urteetako emakume zinemagileen gorakada izendatzeko. Arnasa betean dokumentalean «ospatu eta aldarrikatu» gura izan dute egindako bidea, eta Euskal Zinemaren galan estreinatuko dute emaitza, asteartean, Viktoria Eugenia antzokian.

Zuzendari modura aritu den lehen aldia izan da Zufiarentzat, baina Gaztelumendik ezaguna du kameraren atzeko posizio hori —Mariposas en el hierro (2012), Volar (2017) eta Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa (2019) zuzendu ditu, besteak beste—. Diotenez, aspaldi zuten zerbait elkarrekin egiteko gogoa, eta euren «bizitzetan eta lanean» garrantzi handia izan duten bi gai lotzeko baliatu nahi izan dute hori: «Emakumeak, edo feminismoa, eta zinema».

Hiru material mota erabili dituzte filma osatzeko: hemeretzi euskal zinemagileri egindako elkarrizketak, 45 filmen puskak eta narrazioa josteko baliatu duten istorio labur bat, non hiru lagun ageri diren urpeko bidaia batean. Pelikulak ikusi zituzten lehendabizi —«Filmotekan orduak sartu eta sartu»—, eta han agertu zitzaien «inspirazio iturri» izan zaien itsasoa. Gaztelumendi: «Ikusi genuen askok erabiltzen zutela askatasuna, ausardia, iraganarekin puskatzeko gogoa... irudikatzeko. Itsasoa lasaia da baina indartsua; baditu anbibalentzia nahiko horrekin jokatzeko».

Elkarrizketatuak hautatzerakoan, berriz, «oreka» baten alde egin dute. Pilar Rodriguez ikerlariari ere eman diote hitza, eta zinemagileak hauek izan dira: Leire Apellaniz, Maddi Barber, Ana Diez, Arantxa Etxebarria, Maria Elorza, Iratxe Fresneda, Mireia Gabilondo, Isabel Herguera, Lara Izagirre, Marina Lameiro, Ana Murugarren, Maider Oleaga, Izibene Oñederra, Maite Ruiz de Austri, Alauda Ruiz de Azua, Arantza Santesteban, Helena Taberna, Esti Urresola eta Bego Vicario.

Gaztelumendiren esanetan, «gogoz eta eskuzabaltasunez» hitz egin diete, betiere baldintza batekin: «Garbi genuen, bai eurek eta bai guk, ez genituela denak multzo berean sartuko; bakoitza da egile bat, sormenerako bere mundu propioarekin».

Ezin iraganean hitz egin

Dokumentaleko ideien artean, Urresolak aipatzen du emakume pertsonaien «bestelako errepresentazioen» falta sumatu izan duela pantailan, eta hor eragiteko ardura aitortzen du. Dokumentalaren egileentzat, hain justu, hor dago hizpidera ekartzen saiatu diren gakoetako bat. Zufia: «Gure galdera nagusia hori izan da: zer falta zen zineman emakumeak ez zeudelako kameren atzean? Zer ekarri dute?». Horren harira, Etxebarriak zera esaten du une batean: «Ni taberna batean sartzen naizenean, nire lekuaren pertzepzioa eta gizon batena ez dira berberak. Horrek eragina du kamera jartzeko lekuan».

Tabernak, bestalde, bi gai jakinetan jartzen du emakume zinemagileekiko diskriminazioa: finantzaketan eta kalitatearen gaineko kuestionamenduan. Dokumentalaren egileek diote horrek oraindik indarrean segitzen duela, eta, CIMAren datuen arabera, oraindik ere emakumeek gizonek baino %41 diru gutxiago lortzen dutela filmak egiteko. Zufia: «Zineman finantzaketa handia behar da, eta, emakumeen kasuan, oso zaila izan da dirua jarri behar dutenen konfiantza lortzea».

Aldaketa nabarmena emakume zinemagileen arteko saretzean eta erreferenteen ugaritzean ikusten dute —Mirentxu Loiarte eta Yannick Bellon «aitzindariak» ere badatoz filmean—. Gaztelumendi: «Inflexio puntu batean gaudela uste dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.