Mattin Aiestaran. Irulegiko aztarnategiaren zuzendaria

«Zalantzarik ez dugu Irulegin emaitza gehiago ere izanen dela»

Irulegiko aztarnategiko zuzendaria da Mattin Aiestaran. Sakon ezagutzen du 'Irulegiko eskua' azaldu den zona. Buruan fresko ditu antzinako pieza aurkitu arte emaniko pauso eta zizelkadak. Ondoko urratsak ere bai. «Sekulako ardura sentitzen nuen».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Irulegi
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun

«Ez al da hau hemen bizitzeko moduko tokia?». Irulegi inguruko mendien ertzetara begira bota du galdera Mattin Aiestaran historialariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1991), poz-pozik. «Bi egunean, gorritu da basoa», erantsi du, arbolei so. Irulegiko aztarnategi arkeologikoko zuzendaria da 2017tik, eta, beraz, orduak, egunak, hilabeteak, ditu emanak zona horretan. Jendaurrean Irulegiko eskuaren berri eman dutenetik, «zurrunbilo betean» da. Kasik erreta du telefonoaren haria, deiak jaso eta jaso. Dena dela, ulertzen du erreakzioa: «Inondik inora ez nuen pentsatuko horrelakorik aurkituko genuenik».

Inoiz susmatu zenuten Irulegiko aztarnategiak halako fruiturik emanen zuenik?

Arangurengo [Nafarroa] ibarreko herritarrek eraman zuten Aranzadi, lehen aldiz, inguru horretara, 2007an. Herritarrek auzolan batzuk abiatu zituzten 2006an, eta aztarna esanguratsuak aurkitu zituzten. Ohartu ziren profesionalen laguntza behar zutela, eta Aranzadi joan zen.

Orduan hasi zen ilusioa pizten?

Aztarnategia mugatzeko 2007an eginiko zundaketa arkeologikoak egin zirenerako, Burdin Aroko herrixka baten aztarnak aurkitu zituzten gazteluaren azpiko belaian. Lehendik ere bagenekien han zegoela, bibliografiek ere aipatzen baitzuten. Kontua da Arangurengo Udalak lehenbizi gazteluan zentratzea nahi zuela, eta, horregatik, horri ekin genion.

2017an hasi zinen aztarnategia zuzentzen. Hain justu, 2018an egin zenuten gaztelutik behera, eta herrixkan murgildu.

Burdin Aroko herrixka deitzen diogu, Burdin Aroa osorik hartzen duelako. Bailarako biztanleak k. a. 1400. urtearen inguruan igo ziren lehen aldiz Irulegiko gailurrera bizitzera. Herrixkak bilakaera bat izan zuen, eta handituz joan zen k.a. I. mendera arte. Horrekin topo egin dugu.

Ohikoa da aztarnategi batek fase kronologiko hain zabalak biltzea? Bada halako besterik?

Nafarroan, guztira 260 herrixka inguru daude katalogatuta, eta hamar baino gutxiago daude induskatuta area zabalean. Are gehiago, etxebizitza bat baino gehiago osorik aterata dituztenak esku bakarreko behatzekin konta ditzakegu. 1970eko hamarkadan Amparo Castiellak Muru-Asterainen induskatu zuen Santsoleko herrixkaz gain, Irulegikoa da horrela aztertutako bakarra.

Nolakoa da aztarnategia?

Kokapen orokor batetik begiratuta, Pirinioaurrean dago, Iruñerriko ibarraren eta Agoitz eta Irunberriko ibarren artean, nahiz eta Aranguren ibarraren aldean dagoen administratiboki. Pirinioaurrean egoteak esan nahi du, finean, bidegurutze bat dela: ez dago Ebroren ibarrean; ez dago, zehazki, Pirinioetan, ez isurialde atlantikoan, ezta Akitanian ere; tartean dago. Hortxe, mendi puntan [eskuarekin seinalatu du tontorra], 800 bat metroan. Baskoien lurraldearen bihotzean.

Kokalekua estrategikoa izanik, espero zen zona honetan beste inon baino aztarna gehiago aurkitzea?

Hainbat herrixka daude Irulegikoaren antzekoak. Iruñea bera da horietako bat. Eta Mendigorriko Andelos, eta Eslabako Santakriz. Kontua da horiek guztiak hiri erromatar bihurtu zirela gero, Burdin Aroko herrixkak azpian gelditu zirela, eraldatuta, eta, beraz, horiek ikertzea oso zaila da.

Irulegiko herrixkari dagokionez, zorioneko zarete arkeologoak, ez baitzen hala gertatu.

Hori da. Herrixkak jasan zuen erasoagatik, azken Burdin Aroko herrixka horrek oso ongi iraun du, ez da gainean beste hiririk eraiki, eta ordukoaren irudi izoztu bat lortu dugu. Sekulako pagotxa da guretzat.

[Eten egin behar izan du hizketa. Mendizale talde bat pasatu da ondotik, eta hauxe bota dio gizon batek: «Ezkerreko eskua nik aurkitu dut! Motxilan daramat!». Irribarre batez erantzun dio Aiestaranek].

Oro har, zer deskubritu duzue aztarnategian?

Aurkitutakoek balio izan digute jakiteko nolakoa zen arkitektura, nolakoa zen artisautza, nolako lan tresnak zituzten, nolakoak ziren haien jatekoak... Adibidez, agertu zaizkigu abereen hezurrak, eta horiek ikertu ditugu. Jakin dugu non zituzten errotarriak, non sutegiak... Pixkanaka, zantzu horiek guztiak ikusten ari gara. Orain arte, orduko eguneroko bizitzako hainbat alderdi guztiz ezezagunak zitzaizkigun.

2020ko uztailean kontatu zenuten nini baskoi baten arrastoak azaldu zirela han.

Etxearen barrenean agertu zitzaigun, eta sekulakoa izan zen. Ez da ohikoa aztarna arkeologikoek kontu ez-materialez hitz egitea. Normalki, ongi solastatu gaitezke zeramikaz, artisautzaz, jaten zutenaz. Baina sinesmenez edo hizkuntzaz ikertzea oso afera zaila da. Irulegik bai, eman digu informazio hori.

Irulegiko eskuak, batez ere. Oroitzen duzu nola azaldu zen?

2021eko ekainaren 18an, Leire Malkorrari. Beste hainbertze pieza atera ziren: zeramikak, hezurrak, metalak... Brontzezko pieza bat ateratzeak ez gintuen harritu, lehenago ere agertu izan zaizkigulako beste batzuk. Lurrez estalia zegoen, ez genuen bertan garbitu, eta ez genuen ongi ulertzen zer zen. Geroago jakin genuen pieza horrek zer esanahi zuen.

Nola jakin zenuten?

Zaharberritzaileak eta arkeologia teknikariak deitu ninduten, eta biltegira joan nintzen, Iruñera, korrika eta presaka. Han, ikusi genuen piezan bazela zerbait idatzia, baina ez genekien zer jartzen zuen. Horrek halako ezinegon bat sortzen zidan barrenean. Bagenekien kontuz ibili behar zela, isilik. Ilusioa sentitu nuen, baina, batez ere, sekulako ardura. Gero, ikusita ez nengoela bakarrik eta sekulako profesional andana nuela ondoan, lasaitu egin nintzen.

2021eko ekainean aurkitu zenuten pieza. Ordutik, asko aldatu zen aztarnategian lan egiteko manera?

Aurtengo kanpainan, nik neronek jadanik banekien eskua bagenuela, eta idazki bat zuela, baina nire taldeko arkeologoek ez zekiten deus. Beraz, lanak berdin-berdin segitu zuen, ordura arte bezala. Beste galdera batzuei erantzun nahian jarraitu genuen. Bigarren etxea induskatzen bukatu dugu aurten; horretan ibili gara buru-belarri. Normal aritu ginen, oso kontent.

Hori jakin eta deus esan ezinda, posible al da normal jarraitzea?

Erronka handia izan da niretzat, baina bagenekien hori eskatzen zutela bai momentuak eta bai ikerketak.

Gaur egun, esperantza duzue ondare gehiago aurkitzeko?

Zalantzarik ez dugu, horrela jarraituz gero, Irulegin emaitza gehiago ere izanen dela. Batez ere, kontuan izanda zer ona den lanean dabilen profesional taldea. Irulegikoaren pareko aztarnategiek urteetako lana ematen dute, hamarnaka urte eman daitezke halako herrixka bat ikertzen, baldin eta borondatea badago. Lau urte bakarrik daramatzagu hemen, eta honen bidez doktoretza tesi batean sartuko duguna lehenbiziko hurbilketa da. Hurbildu besterik ez gara egin Irulegik kontatzen duen horretara.

Borondatea aipatu duzu lanean segitzeko ezinbesteko baldintza gisa. Erakundeena nolakoa da gaur egun?

Gertuko erakundeei dagokienez, borondatea agerikoa izan da. Aranguren inguruko ibarraz ari naiz batez ere. Nafarroan, oso toki gutxitan egin da halako apustua, luzera begirakoa, tokiko ondarearen alde. Zorionekoak gara herri honetan egoteagatik eta inguruan halako jendea edukitzeagatik. Horrez gain, Nafarroako Gobernuak laguntza teknikoa eman digu ikerlan honetan; azken urteotan, gehixeago. Uste dut hori dela bidea.

Irulegiko eskuak poztasun eta itxaropen handia ekarri die askori. halere, Euskal Herriko beste aurkikuntza batzuk gogoan-edo, bada mesfidati denik ere. Zer berme dituzue pieza honen inguruan?

Protokolo zorrotz bati jarraituta egiten dugu lan 2019tik. Besteak beste, grabatu egiten ditugu azaltzen zaizkigun pieza guztiak, zehaztasun handiz erregistratzen ditugu argazkietan, eta geoerreferentzia bidez kokatu. Pauso horien bidez lortutako guztia txosten arkeologiko batean sartzen dugu, eta Nafarroako Gobernuari entregatu. Izatez, gobernukoekin eguneroko harremana dugu kasik. Zaharberritzaileekin ere bai, eta, bereziki horretan, zorte handia dugu.

Zer zorte klase?

Biltegia Irulegitik 10-15 minutura dute, oso gertu, eta, beraz, gure arkeologo taldearen parte bat ere han izaten da. Piezak lurpetik ateratzen ditugun egunean berean iritsi ohi dira haien eskuetara. Hala, zaintzaren katea deitzen zaion hori eztabaidaezina da Irulegiren kasuan. Jakina, hori bai: anitz dago ikertzeko.

Ez dago irregulartasunik azaltzeko arriskurik?

Carmen Usua eta Berta Balduz zaharberritzaileek sekulako lana egin dute. Hartzean, ez zuten pieza guztiz garbitu. Xaflak dituen puntu eta lerro horietako gutxi batzuk hustu zituzten soilik, ikusteko piezak azalean duen patina hori ba ote zegoen puntu eta lerro horien azpian ere, eta halaxe zegoen. Patina hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko kimikariek aztertu dute. Eta argi ondorioztatu dute pieza eztabaidaezina dela. Hortik aurrera, filologoei eta epigrafistei dagokie irakurketa eta interpretazioak egitea. Nik fede osoa dut Javier Velaza eta Joakin Gorrotxategi adituengan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.