Denen bihotzean daude oraindik

Hogei urte bete dira Pumori mendian bost euskal alpinista hil zirela. Hamar alpinistak osatzen zuten espedizioa, baina bost bakarrik itzuli ziren etxera. Euskal mendizaletasunak inoiz jasandako istripurik gogorrena izan zen hura. Betirako Pumoriren magalean gelditu ziren Javi Arkauz, Aritz Artieda eta Cesar Nieto, Beñat Arrue eta Iñaki Aiertza.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
Zestoa
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Hitzartutako orduan elkartu dira Xabier Ostolaza, Jexux Mari Errazu eta Jon Odriozola, Zestoan (Gipuzkoa) —Xabier Osinalde ezin izan da agertu, lana dela eta—. Denbora zen ez zirela hirurak elkartzen, eta besarkadak izan dira ikusi orduko. Saminez gogoratu dute duela 20 urte gertatutakoa, bizi behar izan zutena. Bikain zihoan Pumoriko espedizioa, baina tragedia bihurtu zuen elur olde batek. Javi Arkauz, Aritz Artieda, Cesar Nieto, Beñat Arrue eta Iñaki Aiertza hantxe hil ziren. Euskal Herriko alpinismoak inoiz izan duen istripurik gogorrenetakoa izan zen. Hirurak hunkitu egiten dira espedizioko kideez gogoratzean, baina, denborarekin, ikasi dute ordukoaz hitz egiten.

Jexux Mari Errazu (Azkoitia, Gipuzkoa, 1975) izan zen 2001eko Pumoriko espedizioa antolatzen hasi ziren lehenetako bat. 2000. urtean, Perun egona zen Beñat Arruerekin eta Iñaki Aiertzarekin. Huascaranera (6.768 metro) eta Alpamayora (5.947 metro) igo ziren. Han ezagutu zituzten Javi Arkauz eta Aritz Artieda. «Hurrengo urtean, beste espedizio baterako gauzak antolatzen hasi ginen. Zalantzak izan genituen nora joan: Ama Dablamera [Nepal, Himalaia, 6.812 metro], Pumorira [Nepal, Himalaia, 7.161 metro]...Azkenean, Pumorira joateko hautua egin genuen». Ordurako, Beñat Arruerekin eta Benantxio Iruretarekin batera, Xabier Osinalde ere taldera batuta zegoen.

Jon Odriozola ere (Zestoa, Gipuzkoa, 1977) betidanik izan da mendizalea.Inguruko mendietan asko ibilitakoa zen ordurako. «Ez dut orain ondo gogoratzen, baina uste dut niri Jexux Marik edo Beñatek deitu zidatela, espedizio bat osatzen ari zirela esateko eta batzeko gonbita egiteko. Handik gutxira, Azpeitian gelditu ginen, espedizioaren nondik norakoak antolatzeko. Ni batu nintzenerako, dena oso aurreratuta zeukaten. Gogoan daukat Benantxio Irureta zenak nola esan zidan: 'Hau zegok, hi! Ez zegok beste aukerarik'».

Xabier Ostolaza ere (Zestoa, Gipuzkoa, 1973) mendizale esperientziaduna zen Pumoriko espediziora joan aurretik. Hark ere ezagutzen zituen Andeak ordurako. Espediziora nola batu zen ere ederki gogoratu du. «Nik, ondoen, Iñaki Aiertza ezagutzen nuen. Lanean eta mendian batera hasiak ginen, eta hark azaldu zizkidan lehenik espediziorako asmoak. Ez nuen zalantzarik egin. Baimena hamar alpinistarentzat zen, eta gu eskualdetik zazpi ginen. Nafarrekin osatu genuen taldea».

Espedizioaz hitz egiten hastean, azkar batean gogoratu dira hirurak dirua nondik atera zuten. «Argi geneukan zer egin nahi genuen. Dirua lortu beharra geneukan espedizioa aurrera ateratzeko. Kamisetak saldu behar izan genituen, eta herriko festetan txosna ere jarri genuen», gogoratu du Ostolazak. Juanfer Azkona alpinistarekin Aizarnazabalen (Gipuzkoa) egindako batzarraz ere akordatu dira. «Bilera luze hura egin aurretik, Azkonarekin elkartuak ginen, bere etxean. Aurretik egona zen Pumorin, eta mendiaren nondik norakoak kontatu zizkigun», azaldu du Errazuk. Odriozolak material mordoa erosi behar izan zutela nabarmendu du. «Azkenerako, material asko erosi behar izan genuen. Errenteriako [Gipuzkoa] Sherpa dendan erosi genuen». Azken hilabeteetan egindako hitzorduen ondoren, irail amaieran abiatu ziren Himalaiako mendi erraldoietara.

Nepalgo lehen egunak ere bereziak izan ziren denentzat. Bi taldetan iritsi ziren: hiru nafarrak astebete lehenago iritsi ziren, eta Urola Kosta aldetik joandako zazpikotea ondoren iritsi zen. «Langtangeko trekkinga egitera joan ziren [Nepal], eta, gu iristerako, egokitzapena egina zeukaten», dio Errazuk. Kathmandun elkartu eta gero, goi mendietarako bidea hartu zuten. Egokitzapen fasean, Island Peak mendira igo ziren kideetako batzuk (6.189 metro). «Errazuk, Arruek, Benantxiok eta nik igotzeko aukera izan genuen. Izugarria izan zen», azaldu du Odriozolak.

Amesgaiztoarekin borrokan

Behin beheko kanpalekuan kokatuta, gailurrera igotzeko egunak iritsi ziren. Hamarkoteak argi izan zuen bi igoera aldi egingo zituztela, bi multzotan banatuta. «Nahiko garbi zegoen lehen saiakeran hiru nafarrak joango zirela. Egokitzapen hobea egina zuten, eta gu zazpion artetik beste bi izango ziren haiekin. Xabier Osinaldek eta Ostolazak argi utzi zuten ez zeudela besteak bezain ondo, eta bigarren taldean joango zirela. Osinalde, esaterako, Gorakshepera jaitsi zen Benantxiorekin. Beraz, Odriozola, Aiertza, Arrue eta nire artetik irtengo zen bikotea. Txotx luzeena nork atera jokatu genuen, eta, azkenean, Arrueri eta Aiertzari tokatu zitzaien nafarrekin joatea», azpimarratu du Errazuk. Dena prestatu ondoren, taldea gailurrerantz abiatu zen. Agurra berezia izan zen. Baina zorigaiztoa uste baino lehenago iritsi zen.

Istripua gogoratzearekin batera iritsi da elkarrizketako lehen isilunea. Goizeko lauretan egin beharreko komunikazioa ez zen iritsi beheko kanpalekura. «Horrelakoetan beti pentsatzen duzu talkieekin-edo arazoren bat izango zutela. Unean bertan ez diozu berebiziko garrantzirik ematen. Orduak aurrera joan ahala, gauza okerragoetan pentsatzen hasten zara», kontatu du Ostolazak. Odriozolak ere biziki gogoratzen du gau hura. «Izugarrizko haizea egin zuen». Eguna aurrera joan ahala, informaziorik ezak sortzen zuen urduritasuna are nabariagoa zen beheko kanpalekuan. «Oso egun luzea izan zen. Gurekin zegoen sukaldariak ez zuen hitzik esaten. Hura ere susmo txarra hartuta zegoen. Ni ere orduan hasi nintzen erabat gaizki pentsatzen»,berretsi du Odriozolak. «Dena bikain zihoan istripuaren egunera arte. Denok amesten genuen espedizioa izan zen, harik eta dena amesgaizto bihurtu zen arte», amaitu du Errazuk.

Handik bi egunera, eta eguna argitzerako, hirukotea mendirantz abiatu zen falta zituzten lagunen bila. Altuera irabazi ahala konturatu ziren gertatutakoaz. Elur olde baten ondorioz, azpian harrapatuta gelditu ziren bost espediziokideak. Une gogorrak izan ziren. «Azkar konturatu ginen han ezin genuela ezer egin. Beheranzko bidea hartu behar izan genuen», azaldu du Ostolazak. Irureta eta Osinalde Gorakshepera jaitsiak ziren egun batzuk lehenago, Osinalderen egokitzapen fasea aurreratzeko asmoz. Odriozolak, berriz, sukaldaria ondoan zuela, helikopteroa hartu behar izan zuen gertatutakoa ikuskatzeko. Iruretak eta Osinaldek berriro ere beheko kanpalekura bidean zirela ikusi zuten helikopteroa. Haiek ere ez zuten susmo onik izan. «Argi ikusten zen elur olde batek harrapatu zituela. Han hasi zen egoerari buelta emateko lanketarik handiena», argitu du Odriozolak. Gertatutakoaren berri emateko garaian izandako arazoak ere ez dituzte ahaztu. «Denek etxera deitu genuen gertatutakoaren berri emateko, eta Benantxiok ere arrebari hots egin zion. Udalarekin harremanetan jartzeko eskatu zion, eta haiek aldi berean nafarren familiei deitzeko. Azkenean, eta ez dakigu zergatik, nafarrak prentsaren bidez enteratu ziren. Guk handik ezin genuen ezer kontrolatu. Orduan ez zegoen gaur egun dagoen aurrerakuntzarik».

Hurrengo egunak Nepalgo hiriburuan pasatu ondoren, etxerako bidea hartu behar izan zuten. Etxeratu ondorengo egunak oso «gogorrak» izan zirela nabarmendu du hirukoteak. «Gogoan daukat Benantxiori kritika asko egin zizkiotela, baina hura ere gu bezalako beste bat zen. Agian zaharrena zelako izango zen, baina hura ez zen espedizioko nagusia», argitu du Errazuk. Iruretaz gogoratzean, sentimenduz beteriko hitzak besterik ez dira ateratzen hiruren ahotik. «Benantxio izugarria zen! Lagun handia genuen. Jendea erakartzeko zuen ahalmena oso gutxik dute. Edozeinekin ondo moldatzeko gaitasun berezia zuen. Kolpe handia izan zen hura berarentzat. Istripuaren ondoren, askotan esaten zuen nahiago izango zuela bera gelditu izan balitz han, gazteen ordez, eta inoiz ez ziola bere buruari barkatuko. Beñat, gainera, semetzat zeukan». Irureta bera ere 2013ko maiatzean hil zen, Aneto mendian (Aragoi, Espainia) izandako istripu baten ondorioz.

2001ekoaren gisako istripuen ondoren, asko eta asko ez dira itzultzen goi mendietara. Baina Odriozolak, Ostolazak eta Errazuk ez zuten hala egin: hirurek jarraitu zuten mendian. Errazu, esaterako, istriputik hiru urtera, zortzimilako mendi batera ere igo zen: Shisha Pangmara (Txina, Himalaia, 8.013 metro). «Nik ez nuen zalantzarik izan berriro ere mendira itzultzeko. Pumorira ere errespetu guztiarekin joan ginen, eta ondoren ere berdin jarraitu dugu. Goi mendietan ez dago txorakerietan ibiltzerik». Odriozolak ere argi dauka handik aurrerako urteak izan zirela mendian igarotako urterik onenak, eta Ostolaza bera ere, istripua izan eta gutxira, 2003an, Lenin Peakera joan zen (7.134 metro, Pamir mendikatea, Kirgizistan). Gogoan dauka amak nola esaten zion ea zergatik zihoan berriro ere mendira, gertatutakoa gertatu eta gero. Ostolazak argi dauka: «Ama beti izango da ama!».

Lenin Peaketik itzulita, Ostolaza 2004an bueltatu zen Pumoriren oinetara. Urte asko pasatu diren arren, oraindik ere begiak lausotu zaizkio une hartaz gogoratzean. «Bikotekidearekin itzuli nintzen berriro. Espedizioko gauza berak egiten joan ginen Kumbuko trekking hartan ere. Pumori mendia begien aurrean ikusi genuenean, esan nion: 'Hori da Pumori!'. Konturatzerako, negarrez sentitu nuen! Beheko kanpalekuan hildako espediziokideen omenez dagoen harrira iristean, argazki batzuk atera, eta negar saio luze bat egin nuen. Berriro ere beherantz abiatu ginen. Gogorra bezain berezia izan zen bidaia hura». Errazu eta Odriozola, berriz, ez dira berriro itzuli, nahiz eta biek argi adierazi «gustura» itzuliko liratekeela.

Oroitzapenen unea

Istripua izan zutenetik, bizitza asko aldatu zaie hiru protagonistei. Hirurak izan dira guraso urte hauetan, eta seme-alabei ere kontatu behar izan diete 2001eko zorigaiztoko gertaera hura. Odriozola izan da hitza hartzen lehena, eta azkar batean aitortu du bere egoera. «Niri, gehien, semeak galdetu izan dit istripuaz, nahiz eta edonorekin hitz egiteko arazorik ez dudan izan». Errazuk ere ariketa antzekoa egin behar izan du askotan. «Ni ere askotan oroitzen naiz istripuaz, eta, niretzat behintzat, denak ez dira oroitzapen txarrak. Oso oroitzapen onak ere baditut. Oso ondo pasatu genuen, izugarrizko lagunartean, gainera. Seme-alabekin askotan hitz egiten dut gertatutakoaz, eta ez dut inolako arazorik horretarako; ondo sentitzen naiz. Askotan galdetzen didate espedizio hartako gauzez». Ostolazak ere ez ditu saihestu etxekoen galderak urte hauetan. «Pumori mendiaren alaba dokumentala grabatzen ari ginela, askotan galdetzen zizkidaten gauzak. Oso natural hitz egin izan diet beti, eta oraindik ere mendian ibiltzen naizela gogorarazten diet, nahiz eta goi mendietan ez ibili».

Askotan gertatzen den antzera, espedizio hark ere zerbait ona izan zuen. Arrueren argazki kamera berreskuratu ondoren, argazki batean harekin azaltzen zen neskatxa txiki batek aukera izan zuen bizitza hobe bat izateko: Arrueren gurasoek, Pello Arruek eta Arantxa Gurrutxagak, Euskal Herrira ekarri zuten Suku Maya. Osasun arazo batzuk zituen, eta ez zuten zalantzarik izan Aizarnako (Gipuzkoa) bere etxean artatzeko. Ebakuntza batzuk egin ostean, osasuntsu dago orain Maya. «Aizarnara askotan joaten naiz, eta han ikusten dut maiz. Orain, gainera, Zestoara jaisten da euskaltegira, eta bi hitz egiteko aprobetxatzen dugu. Etorri zen lehen egunetan, oroitzapenak borborka etortzen zitzaizkidan burura», dio Ostolazak. Egun hauetan eta urtero moduan, asko izango dira urtemugaren aitzakian San Migeleko (Nafarroa) baselizara joango direnak. Han dago bost alpinisten oroimenez ipinitako oroigarria. Guztien bihotzean daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.