Albistea entzun

Pablo Martin Caminero. Musikaria

«Flamenkoak asko erakartzen nau, ulertzea lortu dudalako batez ere»

Flamenko gitarrista handien piezak jazz hirukora egokitu ditu Martin Caminerok 'Al Toque' diskoan. Kontrabaxua, pianoa eta perkusioa batu ditu gitarra ordezkatzeko. Gasteizko Jazzaldian aurkeztuko du lana.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko uztailak 11

Flamenkoaren eta jazzaren arteko bidegurutzean dihardu Pablo Martin Caminero musikariak (Gasteiz, 1974), sortzen, eta bide berriak bilatzen. Gasteizko kontserbatoriotik Bilbora, eta handik Vienara joan zen musika ikasketak egitera, eta bertan zela hasi zen barneratzen flamenkoaren unibertsoan. «Jazzarekiko interesa lehenagotik banuen, baina Vienan gitarra flamekoa jotzen zuen erdi-alemaniar erdi-japoniarra zen lagun bat ezagutu nuen, eta harekin hasi nintzen flamenkora hurbiltzen». Bada, kontrabaxu jotzaile gisa bere ibilbideari ekin zionean uztartu zituen bi pasioak, eta, kantu propioak sortzeaz gain, musikari handien piezak ere moldatu ditu, bi generoak batzen dituen eremu horretan gehiago barneratzeko asmoz. Al Toque diskoa da azken emaitza. Gasteizko Jazzaldian aurkeztuko du lan berria, hilaren 15ean, Iradier Arenan.

Paco de Lucia, Manolo Sanlucar, Moraito Chico, Vicente Amigo, Sabicas edo Rafael Riqueniren kantuak moldatu dituzu Al Toque diskoan. Zer dute kantu horiek berezia zuretzat?

Badira urte batzuk Paco de Luciaren kantu bat moldatu nuela taldearekin jotzeko, eta, harrezkero, halako behar bat sentitu dut flamenkoan are gehiago murgiltzeko. Bada, kantu horiek bertsionatzea zen horretarako aukera bat. Izan ere, kantu horiek egin naute musikari, hein handi batean, eta ohartu nintzen gutxitan atera izan direla flamenkoaren esparrutik, eta, are, oso gutxitan jo izan dituztela gitarrarik gabe.

Hiruko formatuan jotzeko egokitu dituzu; zergatik?

Kontrabaxu jotzaile batentzat boskotea eta hirukotea oso formatu desberdinak dira. Hirukotean, logikak dio, musikalki hutsune gehiago daudela, eta, beraz, betetzeko jo behar duzula. Kasu honetan, adibidez, melodia gehiago eramaten dut, solo gehiago egiten ditut... Musikalki ez ezik, teknikoki ere aurrerapauso bat eman nahi izan dut kontrabaxua ulertzeko dudan moduan. Baina hiruko formatura egokitzea erabaki nuen nire sortzeko eta egokitzeko gaitasuna are gehiago estutzeko. Bilaketa eta fintze lan bat izan da azkenean, nire gustuen eta gaitasunen artekoa.

Nola moldatzen dira gitarrarekin egindako pieza horiek kontrabaxu, piano eta perkusiora?

Kantuak egokitzeko prozesuak lan handia eskatu du, batez ere, pianorako idaztekoan. Izan ere, gitarra flamenkoaren ezaugarrietako bat da teknikoki oso konplexua dela; nota asko izaten dira, eta oso modu desberdinetan jotzen dira. Baina, egia esan, nahiko modu naturalean egin dut moldatzeko lan hori. Ez dut gitarra kontrabaxura egokitu, alegia, ez dut kontrabaxuarekin gitarrak egiten duena egiten. Saiatu naiz kantuak hirukora egokitzen, entitate oso bat izango bagina bezala pentsatzen.

Musikari horietako batzuekin oholtza partekatutakoa zara. Diskoak ere grabatu dituzu zenbaitekin. Horrek eraginik izan du prozesuan?

Ez bereziki. Musikari horietako batzuekin jo dut, baina ez guztiekin. Hala ere, kantu guztiekin berdin jardun dut. Batzuk beste batzuk baino gehiago ezagutzen nituen, baina erronka gisara hartu dut ariketa. Ideia aldetik fresko egon nahi nuen, ez bainuen egokitzapen zurrun bat egin nahi, baizik eta bertsio bat, arreglo bat, eta ahalik eta naturalena izatea nahi nuen.

Zure kantu propioak sortu izan dituzu aurreko diskoetan. Zer bilatu nahi izan duzu disko honekin?

Disko bat egiteak irakurketa asko ditu niretzat. Behar artistiko bat da, noski, eta zerikusia du artistikoki beste pauso bat ematearekin, beste gauza batzuk garatu, memorizatu eta sakonago lantzearekin. Baina badu musika ibilbidearekin lotura bat ere. Kontrabaxu jotzailea naiz, eta, beste talde batzuekin aritzeaz gain, gustatzen zait nire musika egitea eta beste batzuei nire ideiak proposatzea. Aurrera egiteko, ikasteko eta zure instrumentuarekin disfrutatzeko nahi bat dago atzean. Eta, kasu honetan, errepertorio honekin, hala gertatzen da.

Nolako musika da jazz-flamenkoa? Zerk erakartzen zaitu?

Saiatzen naiz gustatzen zaidana jotzen. Eta asko gustatzen zait flamenkoa; asko erakartzen nau, batez ere, lortu dudalako ulertzea. Urte asko eman ditut flamenkoaren bueltako musikariekin jotzen, eta beren kultura, musika egiteko nahiz pentsatzeko moduak ezagutzen. Eta horrek ahalbidetu dit gero nire lengoaia propioa garatzea.

Jazz musikari izateaz gain, film eta iragarkientzako soinu bandak ere idazten dituzu, eta ekoizlea ere bazara.

Asko gustatzen zait musika. Nire familian ez da inoiz musikaririk egon, baina pentsatzeko modu horrekin hazi naiz, lengoaia musikal horrekin, beraz, diziplina natural bat da niretzat. Zuzeneko musikak beti erakarri izan nau, baina baita inguratzen duen guztiak ere: konposizioak, grabaketak, edukien sormenak... Beraz, saiatu naiz ahalik eta arlo gehienetan mugitzen. Eta zortea izan dut, aritu izan naizen guztietan lana izan dudalako.

Nola eragin dizu izurriak?

Pertsonalki, modu positiboan eragin didala esango nuke. Hogei urte daramatzat autonomo moduan, eta orain arte ez dut geratzeko beharrik izan. Baina ez zegoen aktibitaterik, eta ez nuen beste aukerarik izan. Lehen aldiz aurkitu naiz tesitura horretan. Eta, egia esateko, aprobetxatu dut, besteak beste, diskoa egiteko; bizpahiru astetan idatzi nituen kantu guztiak. Garbiketa mental bat eta balioen berrikusketa bat egiteko balio izan dit.

Hainbatetan izan zara Gasteizko Jazzaldian. Etxean aritzea berezia da, ezta?

Harreman estua dut jaialdiarekin. 15-16 urte nituela hasi nintzen boluntario moduan, musikariak hara eta hona eramaten laguntzen. Eta ikaragarri eragin zidan soinu proba haiek guztiak ikusteak, eta musikari handien bizitza barrutik nolakoa zen ezagutzeak. Gerora, sarritan jo izan dut bertan, baina proiektu bati lotuta aritu izan naiz beti. Aurten, ordea, lehen aldiz ariko naiz nire proiektu propio bat aurkezten. Eta hori, noski, berezia da, are gehiago hezi nauen jaialdia dela kontuan hartuta.

Udako jazz jaialdietan ariko zara datozen hilabeteetan?

Zorionez, hainbat proiektutan aritzen naiz, eta jende askorekin jotzeko aukera ematen dit horrek. Beraz, bai. Sevillan ariko naiz, adibidez, nire proiektu propioarekin eta Antonio Ruz musikaria lagun dudala. Horrez gain, Alemanian ere bira txiki bat egingo dut boskotearekin, Herbehereetan ere izango gara, eta Madrilen. Baita Donostiako Jazzaldian ere. Izan dugu zertaz gozatu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Haizea Beruete (eserita, ezkerretan), iazko abuztuan, Iruñeko Ezpeleta jauregian egin zen jaialdian gaiak jarri zizkien bertsolariekin. ©Bertsoa.eus

Haizea Beruete bertsolari iruindarra zendu da

Erredakzioa

Bertsolaritzako hainbat esparrutan aritu zen. Nafarroako Txapelketan parte hartu zuen. Bertso eskolako irakasle aritu zen, baita begirale ere bertso udalekuetan, eta Gure Aldetara proiektuan ere hartu zuen parte. 28 urte zituen.

KANTATUKO DIREN HITZAK SORTZEA

KANTATUKO DIREN HITZAK SORTZEA

Aitor Biain

Musikari askok bilakatzen dituzte kantu beste sortzaile batzuek idatzitako hitzak. Enkarguz egin ohi dituzte gehienetan, doinua eta gaia aurrez emanda, baina baita aurretik idatzitako testuak erabilita ere. Entzulearentzat sarri ezezaguna izan ohi den langintza da, ordea, kanta idazlearena.

Camen Martin Gaite idazlea, 1995. urtean. ©BERRIA

Solas betea

Joannes Jauregi

XX. mendeko idazle nagusietako bat izan zen Carmen Martin Gaite espainiar letretan. Pentsamendua muturreraino atzeman nahi izan zuen, eta ahozkotasuna ere idatzira ekarri.

Irati Jimenez idazleak iaz plazaratu zuen <em>Begiak zabalduko zaizkizue</em> saiakera. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...