Euskal Herria Zuzenean jaialdia

HATS ASKE BETE PLAZA, EHZ

Goizetik bildu da jendea gogoeta tailerretara, EHZk egun osorako pentsatu eztabaida guneetan. Eguerdirako jendea metatzen hasia zen plazan, dantzaz, bertsoez, musikaz eta zirkuaz gozatzeko. Arratsaldeko lehen kontzertuak gabe jori egon da Irisarriko erdigunea Euskal Herri guzitik hurbildu lagunez.

Iñaki Etxeleku.
Irisarri
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Uda goiz bateko lanbro freskagarri batek harturik zeukan Irisarri (Nafarroa Beherea) larunbateko goiz argian. Goiztiarrenek plazako terrazak gozoki gosaltzeko baliatu zituzten, gogoeta egarri zirenak, aldi berean, Ospitalea ondare zentroak aterpetu eztabaida gunean zeudelarik. Egun osoan, tailerrez tailer sakon landuko ziren eraso sexistak izan zituzten aztergai 10:00etatik. Lehen aztergaia: Eraso sexistak lagun artean. Arratsaldean elekatu ziren eraso sexisten saihesteko moduez: eraso baten aitzinean nola joka zitekeen eta gertatu ondoren zer lanketa eraman izan ziren jorratu galderak, besteak beste.

Goiz bukaeran, Besta kapitalista eta militantziaz hausnartu zuen Berriozarko (Nafarroa) Imanol Kañamaresek, hasieratik argituz EHZk egin gomita nondik datorren: «Hemen nago duela urte eta erdi alkohola kontsumitzeari uko egin niolako. Ez naiz inongo aditua droga menpekotasunetan, baina erabaki horrek ekarri ninduen gaia sakontzera, eta horrek eraman nau azken hilabeteetan hitzaldi batzuk eman behar izatera». Drogak —legezkoak eta legez kanpokoak- eta menpekotasuna zer diren, zeri erraten zaion askatasuna, gizarte kapitalistako jai eredua eta militantzia barneratu zituen, iturri anitzetako teorietarik edanez. Langilearen zapalkuntzak baldintzatu jaialdi eredua izan zuen jomugan. Azkenean, «klase auzi bat da» ziolarik. Eta langile klaseko adin tarte bat, berea duena, aztertu zuen: «Jaialdi kapitalistaren presio handiena errotzen da gazte langilearengan». Eta gazteen egoera prekarioak dakarren despolitizazioa, honekin, «gazteria iraultzailea jo eta desantolatzen duelako». Nola ikusten den despolitizazio hori? «Guk antolatzen ditugun bestak jaialdi kapitalisten osagarri dira. Tresnak bilakatu zaizkigu helburu». Ezagunak diren adibide andana zerrendatu zuen Kañamaresek.


Anariren zaleek bete zuten oholtza aitzina kontzertua hasi baino lehenagotik.

Horri loturik, militantzia ereduarena. Pantera Beltzen edo zapatisten adibideak aipatu zituen, zeinetan alkohola eta drogak debekatzea erabaki baitzuten. «Militantzia ulertzen baitute bizi proiektu eta ulerkera gisa». «Kontsumoaren abstentzioaren» aukera jarri zuen mahai gainean. Eztabaidagarria dela aitortuz, «baina kolektiboki egin behar da eztabaida, eta ezin dugu bakoitzaren esku utzi».

Cunbiam'bertso

Eguzkia goizeko lainoa urratzen hasi zen eguerdi aldera. Hark bota beroari, cumbiarena gehitu zion Cumbiam'bero taldeak, bazterrak harrotu eta galdan jarriz.


Kaleko formazioan, jendea dantzan jarri zuen Cumbiam’berok, bertsolariekin inprobisazioa partekatuz ere.

Bertsolarien tenorea etorri zen gero. Mikrofonoan, Maddi Sarasua eta Xumai Murua, zurezko txosnaren inguruan plantatu ziren ikus-entzuleei bertso kantari. Txanda utzi zioten berriz Cumbian'berori, pilota plaza hartzera joana baitzen. Eta hara non ustekabea pizten den. Bertsolariak juntaturik, cumbia doinutan bertsotan. Cumbiam'beroko Niko Perret kontrabaxu jotzailearen bozkariorako: «Bertsolariak etorri zaizkigu Cumbia sobre el mar doinu ezaguna jotzea proposatuz eta jo aitzina. Ikaragarri maite dut horrela egitea. Hori da cumbia azkenean, bat-batekotasunari tokia libre uztea». Aitzinean, zenbait gerri kilika mugitzen hasiak zirela, Xumai Muruak bertsotan akuilatu zituen lurrean jarririk zeudenak: Egungo gazteria, nahi nuke tira/ ametsak baditu ta baduke desira/ baina iduritzeko, lokartzen ari da/ ez dugu gaizki eginen, altxatzen badira.

Eki handia nagusi jarri zen laster eta arratsalderako bazterrak erretzen zituen. Toi d'abord zirku konpainiak hartua zuen usaiako pilota eremua, antze guztiarekin bere gaitasunak erakutsiz, nola esku jokoetan, hala umorean.


Toi d'abord zirku konpainia aritu zen arratsalde betean esku eta umore jokotan.

Montaukek ireki zuen plazako oholtzako kontzertuen aldia. Anarik lekukoa hartu eta The Very Small Orchestra hetsi. Gauak pentzean segitu zuen Rodeo, Alba, Pelax, Nina Coyote & Chico Tornado eta Old School Funky Family taldeen emanaldiekin.

Lehen bi egunekin arras kontent zen Julen Oillarburu EHZko laguntzailea. «Amestu genuen EHZ lehen bi egunetan atzeman dugu. Harremanetan, jendeen irrietan ikusten dugu». Baita balioen aldetik ere, jendea eroso sentitu baita bi egunetan; adibide hau eman zuen Oillarburuk: «Neska bikote batek erran diguna: gure harremana guztiz lasaiki bizi dugu EHZn».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.