Koronabirusa

Konfinamendutik malgutasunez atera ahalko da Ipar Euskal Herria

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak zehaztasunak eman ditu astelehenetik aitzina konfinamendutik ateratzeko neurriez, eta, Edouard Philippe lehen ministroaren hitzetan, epidemia mugatzea lortu dutenez, «baldintzak beteak dira». COVID-19aren hedapenaren arabera, bi eremu bereizi dituzte: gorria eta berdea. Ipar Euskal Herria eremu berdean da, konfinamendutik malgutasun handienarekin aterako den eremuan.

Hala, hilaren 11tik aitzina, enpresa gehienak ohiko jarduerara itzuliko dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, baina, jende multzo handiegiak ez osatzeko, ordutegiak antolatzera deitu du Muriel Penicaud Lanministroak. Komertzio gehienak ere normal irekiko dituzte, ostatu, jatetxe eta halakoek izan ezik. «Ondoko asteetan bide beretik segitzen bada, bigarren fasera pasatzea pentsatzen ahalko dugu». Orduan irekiko lituzkete ostalaritzako guneak.

100 kilometroko perimetroan mugitzen ahalko dira Iparraldeko herritarrak —mugarik gabe Pirinio Atlantikoetako Departamenduan—. Muga hori gainditzeko, jada eskuragarri den ziurtagiri berri bat ukan beharko da. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga itxia egonen da gutxienez ekainaren 15era arte.

Garraio publikoen sarea berriz martxan emanen dute —Ipar Euskal Herrian, %80—, baina maskara eramatea baitezpadakoa izanen da 11 urtetik gorakoentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.