2022an ia mila salaketa izan dira labanak eramateagatik

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50.000 biztanletik gorako herrietan 1.500 euroko zigorra ezarriko dute debekatutako arma bat eramateagatik

Donostian arma zuriz iazko abenduan egindako krimena. JUAN HERRERO / EFE.
edurne begiristain
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken asteotan gaueko aisialdiko lokaletan arma zuriekin egindako erasoek sortutako oihartzun mediatikoaren ondotik, gogortu egingo dituzte debekatutako arma zuriak eramateagatik jartzen diren isunak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek adostu dute 50.000 biztanletik gorako udalerrietan isunak zorroztea. Hortaz, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Barakaldon, Getxon eta Irunen sartuko da indarrean erabakia. Azken urtean ia mila salaketa jarri izanaren itzala handi da.

Aurrerantzean, debekatutako arma bat eramateagatik 1.500 eurokoa izango da isuna —900 eurokoa da orain—, eta araututako arma zuri bat baimendu bako leku edo egoera batean eramateagatik 1.000 euroko isuna jarriko da —600 eurokoa da orain—. Astungarriak ezarriko dira, gainera, kasu hauetan: armak eramaten badira establezimendu publikoetan, aisialdiko lokaletan eta jende asko biltzen den lekuetan; arma daraman pertsona edari alkoholdunen edo drogen eraginpean baldin badago edo «indarkeria» erabiltzen badu; arma eskuan hartzen badu; armarekin mehatxu egiten badu; edo arma «axolagabekeriaz» erabiltzen badu. Kasu horietan, isuna %100 igoko da. Adibidez, pertsona bati diskoteka batean edo inguruan labana arautu bat atzematen badiote, 2.000 euroko isuna jarriko diote. Baina, horrez gain, edari alkoholdunen eraginpean badago, isuna 3.000 eurokoa izango da, eta arma eskuan baldin badu, 4.000 eurokoa.

Adingabeei dagokienez, arma zuririk ezin dutenez eraman, arau hauste larritzat joko da, eta zigorra gogortuko da kasu horietan ere. Hala, egungo 100 eta 600 euro arteko isunak, aurrerantzean, 300 eta 600 euro artekoak izango dira.

Azterketa soziologikoa

Behin-behineko datuen arabera, 2022an Ertzaintzak 440 salaketa jarri zituen baimendu gabeko egoeretan arma zuriak eramateagatik. Udaltzaingoak, berriz, urte osoan 528 salaketa jarri zituen arrazoi beragatik. Orotara, beraz, 968 salaketa jarri ziren iaz, 2019an baino %19 gehiago. Urtarrilean soilik, Ertzaintzak ehun pertsona salatu zituen arma zuriak eramateagatik edo erakusteagatik.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak iragarri du udalak ikerketa soziologiko bat egingo duela aztertzeko pertsona batzuek zergatik eramaten dituzten arma zuriak gaueko aisialdian. Haren ustez, hiriko diskoteka batean izan den labankadaren moduko gertaerak hainbat ikuspegitatik jorratu behar dira: polizia ikuspegitik, arlo judizialetik eta soziologikotik, besteak beste. Azterketa soziologikoa gazteen artean egingo dute, jakiteko zergatik hartzen dituzten armak gaueko aisialdiaz gozatzera ateratzen direnean. «Helburua da prebentzio lan horrek zantzu batzuk ematea arazo hori lehenbailehen eten ahal izateko». Gaineratu du halako erasoak «ezohikoak» direla, baina, hala eta ere, «ezinbestekoa» dela «irmo» jokatzea, eta «zero tolerantzia» izan behar dela.

Zigorrak zorroztearekin batera, bestelako kontrol neurriak ezartzea aztertzen ari da Segurtasun Saila. Josu Erkoreka sailburuak iragarri duenez, gobernua aztertzen ari da diskoteka guztiei ezartzea segurtasun pribatua izateko betebeharra. Gaur egun, 700 lagun baino gehiagoko edukiera dutenak daude behartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.