Gure Eskuk buruzagi katalanen epaiari erantzutera deitu du

Dinamika prest agertu da Euskal Herrian erantzun «zabala» artikulatzeko

Amonarriz, Torrent, Alvarez eta Urzelai, Kataluniako Parlamentuan. GURE ESKU.
jon olano
2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Asteazkenean izan zen Diada, Kataluniako egun nazionala, eta bertan izan zen Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikaren ordezkaritza bat. Diadako ekitaldietan parte hartzeaz gain, eragile ugarirekin bilerak egin ditu egunotan: besteak beste, Quim Torra Generalitateko presidentearekin, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearekin, Elisenda Paluzie ANC Biltzar Nazional Katalaneko lehendakariarekin, Omnium Culturaleko ordezkaritza batekin eta JxCat, ERC, CUP eta En Comu Podemen talde parlamentarioetako kideekin.

Atzo eman zituzten bilerei buruzko xehetasunak. Gure Eskuk «oinarrizko eskubide eta askatasunen defentsa aktiboa» egiteko konpromisoa berretsi die eragile katalanei, lanean jarraituko duela nabarmenduta, «Euskal Herriak eta Kataluniako herriak beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea egikaritu dezaten, libre eta demokratikoki». Era berean, prest agertu da zigor epaia izanez gero «euskal gizartearen erantzun zabala artikulatzeko».

Kataluniako eta Euskal Herriko egoerak aztertzeaz gain, epaiaren ondorio posibleez ere hausnartu dute bilera horietan, eta eragile katalanek nabarmendu diote garrantzitsua izango dela euskal gizartea aktibatzea: «Zalantzarik gabe, epaiaren ondorioei erantzutea erronka demokratiko bat izango da Euskal Herritarrentzat», azaldu du Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramaileak.

Izan ere, epaiak «ez die eragingo soilik preso politiko katalanei», dinamikaren iritziz: «Krisi demokratiko larria piztu dezake, eta, oinarrizko eskubideak kriminalizatzeaz gain, subiranotasun helburu edota asmoei giltzarrapoa jarriko die, zigorra badakar. Erabakitzeko eskubidearen joko arauak mugatuko ditu». Hortaz, uste dute «ardura demokratikoz jokatzeko unea» izango dela, eta hori eskatu diete Euskal Herriko ordezkari politikoei: «Alderdikerien gainetik jokatu dezatela, zailtasun guztien gainetik, demokraziaren eremua berriz definituko duen epai honen aurrean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.