Biktimen «eskuzabaltasuna» goratu dute Foro Sozialeko erakundeek

Topaketa bat egin dute ETAren biktimekin; orain agiri bat onduko dute haiek eginiko ekarpenekin, eta hainbat erakundetara helaraztekoak dira

Atzoko topaketako irudi bat; lehen lerroan, Maria Jauregi. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Iñaki Garcia Arrizabalaga, Maixabel Lasa, Josu Elespe, Naiara Zamarreño, Gorka Landaburu, Alberto Muñagorri eta Maria Jauregi; ETAren biktima horiek guztiak solastatu ziren atzo Foro Sozialak antolatutako topaketa batean, Donostian. Amaitzean, Foro Sozialeko erakundeek biktimen «eskuzabaltasuna» goraipatu zuten. Agindu zuten orain agiri bat onduko dutela atzoko bilkuran jasotako ekarpenekin, eta hainbat erakundetara helaraziko dutela. Bileran argiak eta itzalak agertu zirela aitortu zuten: «Bertaratutako guztiak bat etorri dira azken urteotan herri honek bizikidetza demokratikoa eraikitzeko urrats garrantzitsuak eman dituela esatean, baita oraindik urrats garrantzitsuak egiteke daudela esatean ere».

Foro Sozialak ohar bat plazaratu zuen atzoko bilkuraren ostean, eta gogoratu zuen, 2016ko ekainean sortu zenetik, Foro Sozial Iraunkorraren ardatzetako bat biktima guztiek «egiarako, justiziarako eta erreparaziorako dituzten eskubideak» defendatzea izan dela, eta, aldi berean, haien artean elkarrizketarako eta entzuteko espazioak sortzea. Ingurumari horretan ulertu behar da, hain justu, atzoko topaketa, eta aurretik egin dituzten antzeko beste hainbat ere bai. Atzokoa, zehazki, lehenagotik egitekoak ziren, baina, izurriaren ondorioz, atzeratu egin behar izan zuten.

Hainbat bidetatik

Iragan hilabeteotan biktimengana hurbiltzeko ahaleginak norabide askotan egin dituztela adierazi dute. Biktimen elkarteekin, adibidez; guztiekin ez dute solaskidetzarik lortu, baina hainbat ate zabaldu dituzte: «Hiru elkarterekin etengabeko harremana dugu». Antolatu gabeko biktimekin ere ehun dituzte loturak. «Modu diskretuan eta iraunkorrean egin ditugu bilerak; guztira, 42 biktimarekin egon gara», azaldu dute. Foro Sozial Iraunkorreko erakundeak dira ELA, LAB, CCOO, Steilas, Ahotsak, Bake Bidea, Baketik, Sare, Etxerat, Paz con Dignidad, Herri Eliza, Antxeta Irratia eta Egiari Zor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.