EHEk manifestazio nazionalera deitu du abenduaren 6rako

Euskararen aurkako erasoei aurre egitera eta euskaldunen hizkuntza eskubideak defendatzera deitu dute. Durangon izango da, 17:30ean

EHE elkartearen agerraldia, atzo, Durangon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
«Euskararen errepublika independentea» aldarrikatzeko manifestazio nazionalera deitu du EHE Euskal Herrian Euskaraz elkarteak abenduaren 6rako, Durangon (Bizkaia). Landako gunetik abiatuko da mobilizazioa, 17:30ean. «Euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsan, euskararen aurkako erasoei aurre egiteko, eta, Euskal Herri euskaldunaren aldeko aldarria egiteko» helburuei helduta deitu dute manifestaziora.

Mobilizaziorako arrazoi ugari direla azaldu zuten atzo EHE-eko kideek prentsaurrekoan. Ohartarazi zuten euskararen normalizazio prozesuak azkenaldian «mehatxuz eta erronkez betetako garaiak» bizi dituela: «Mota guztietako aldaketa sakon eta azkarrak gertatzen ari dira, euskaldunon hiztun komunitatea berregituratzeko prozesuari bete-betean eragiten diotenak. Helburu dugun Euskal Herri euskalduna eraikitzea kolokan jartzen duten aldaketak dira». Gaineratu zuten euskarak ez duela etorkizuna ziurtaturik, eta bistan dela egun euskara ez dagoela normalizatuta: «Azken ikerketek adierazi duten bezala, gero eta kopuru txikiagoan egiten ari da transmisioa, baita D ereduan ere». Hala, hizkuntzaren egoera «gordinaz» ohartarazi zuten: «Arduradun politiko eta sektore batzuen diskurtso autokonplaziente eta triunfalisten aurrean, errealismo ariketa egin eta egoera objektibotasunez aztertu behar dugu: euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesua ez doa ondo».

EHE elkartearen ustez, egoerak erakusten du «larrialdi linguistikoan» dagoela euskara, hura normalizatu eta euskal hiztunen komunitatea berrosatzeko prozesua «krisian» sartu delarik. Horregatik guztiarengatik, elkarteko kideek irizten diote bestelako marko juridiko batera jauzi egiteko unea dela, euskara normalizatu eta euskaraz osoki bizitzea ahalbidetzen duena, hain justu. «Euskararen errepublika independentea eskuratu behar dugu ezinbestean, Euskal Herri euskalduna eraiki ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.