EH Bilduk eskatu du kanpaina ez dadila «probokaziorako» erabili

Mozio bat aurkeztu dute Legebiltzarrean, ez daitezen «euskal lurraldeak kanpoko botoa lortzeko» erabili. Beste alderdiek eskaera baztertu dute

Ciudadanosen Ugaoko (Bizkaia) ekitaldiaren aurkako protesta. MIGUEL TOÑA / EFE.
Maider Galardi F. Agirre.
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Oraindik eztabaidatu ere ez dute egin Eusko Legebiltzarrean, baina dagoeneko piztu du eztabaida EH Bilduk datorren azaroaren 10eko Espainiako Gorteetako bozen harira aurkeztutako legez besteko proposamenak. Zehazki, indar abertzaleak eskatu du datorren bozetako kanpainan ez daitezela erabili «euskal lurraldeak probokaziorako eta kanpoko botoak lortzeko». PPri, Ciudadanosi eta Voxi betoa jarri nahi dietelakoan, ika-mika piztu da, eta Espainiako eskuinak EH Bilduri egotzi dio «totalitarioak eta baztertzaileak» izatea. EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek ere ez dute egokitzat jo proposamena. Ordea, datorren asteartean aztertuko dute EH Bilduren legez besteko proposamena Legebiltzarreko Mahaian.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak argitu du ez diotela inori ukatu kanpaina egiteko eskubidea, baina «probokazio estrategietan oinarritutako praktikak» baztertzeko eskatzen dutela. Gaitzetsi dituzte, besteak beste, Voxek Bilbon eta Donostian egindako ekitaldiak, Pablo Casado PPko lehendakariak Altsasuko (Nafarroa) Koxka tabernan elkarrizketa bat egin zuenekoa edo Ciudadanosek Errenterian (Gipuzkoa) eta Ugaon (Bizkaia) egin zituen ekitaldiak. «Une biolentoak eta liskarrak eragitea ekidin nahi dugu, ez dezaten elkarbizitza lehertu», nabarmendu du Casanovak. Aurkeztu duten testuan ez dute hitz egiten alderdi politiko edo politikari zehatz bati Hego Euskal Herrian kanpaina egiteko debekua ezartzeaz .

Proposamenaren aurka

Legebiltzarreko gainontzeko alderdiek baztertu egin dute EH Bilduren mozioa. PSEko Jose Antonio Pastorrek esan du «arriskutsua» dela proposamena. EAJko Jose Luis Telleriak, aldiz, «zoratzeko modukoa» dela azpimarratu du. Elkarrekin Podemoseko Joserra Becerrak dio «oinarrizko eskubideei eragiten» diela, eta PPko Antton Danboreneak esan du EH Bilduren proposamena «faxista» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.