Bertol Arrieta.
Brasilgo Munduko Kopa. 'O TEMPLO DO FUTEBOL'

Argentina ez da Brasil

2014ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Banoa. Bukatu zait abentura. Izugarria izan da cidade maravilhosa-ko egonaldia. Liluragarria da Riok eskaintzen duen kontrasteen argazkia: kolore anitzeko jendea kalean, horrenbeste eratako paisaiak hiri bakar batean. Astakeria dirudi, baina, Riotik atera ez naizen arren, herrialde oso bat ezagutu izanaren sentipenarekin egingo dut buelta, bospasei brasildarrekin guzti-guztiak konprenitzearen irudipenarekin. Zirraragarria izan da, etsigarria, barregarria, negargarria eta, batez ere, ahaztezina.

Oro prest dago finala jokatzeko. Argentinarrak ero moduan dabiltza. Badirudi brasildarrak ohe azpian ezkutatu direla. Nori axola zaio kontsolazioko finala? Ez da haientzat irain handiagorik Maracanan Argentinak irabaztea baino. Nahiago lukete alemaniarrak gailenduko balira, egin zieten triskantza egin eta gero ere. Zuri-urdina da Rio gau eta egun. Ez da beste kanturik aditzen: «Brasil, decime qué se SIETE...». Putaseme samarrak dira argentinarrak, bai, baina baita irudimentsuenak ere. Dena beharko dute alemaniarrei kopa ebasteko; dena emango dute. Argentina ez da Brasil. Maradona es más grande que Pelé.

Banoa. Bukatu da festa. Behin-behineko pasaportearekin bueltatuko naiz ezinbestean, baina behin betiko noa Euskal Herrira. Etorri bezain bakarrik, baina ez etorritakoan bezain hutsik. Kilo batzuk irabazita, baina motxila dezente hustuta. O templo do futebol-en hartuko dut azkenengoa, Aldo eta munduko atezain guztien osasunera, Belinha eta munduko emakume zoragarri guztien omenez. A!, eta zalantzarik baduzue, lasai egon, hemendik lau urtera ez naiz Errusiara joango. Hotzegia da hura niretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.