Atzerritarrentzako onura, bertakoentzako pobrezia

Munduko zentral hidroelektrikorik handiena egiteko proiektua dago Kongoko Errepublika Demokratikoan. 'Inga' izeneko eremuan egin nahi dute, Kongo ibaian, herrialdearen mendebaldean. Gobernuak kontratu bat egina du atzerriko enpresekin, eta, besteak beste, 30.000 herritar lekualdatzeko asmoa dute.

Atzerritarrentzako onura, bertakoentzako pobrezia.
Oskar Epelde Juldain.
Inga
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Nitaz hitz egitea ni gabe, ni garatu nahi izatea ni gabe, hori ni hiltzea da». Albert Tona Ingako herritarraren hitzak dira. Munduko proiektu hidroelektrikorik handienetako bat egitekoa dira Ingan, Kongoko Errepublika Demokratikoaren mendebaldean. Kongo ibaiaren ibilguan urtegi erraldoi bat eraikitzea da asmoa, baita beste kanal bat ere, Inga 3 izenekoa —aurrez eraikitako Inga 1 eta Inga 2ri gehituko litzaioke—. Kongoko herritarren %85 inguru argindarrik gabe bizi dira, eta landa eremuetan %1ek baino ez daukate eskura energia iturri hori. Hala ere, Inga Handian ekoitziko den energia atzerrira eta meatzaritzara bideratu nahi dute. «Hegoafrikari elektrizitatea saltzea helburu duen Inga 3 proiektua o-nar-te-zi-na da», adierazi du CASC Gizarte Zibileko Koordinazio Ekintzako koordinatzaile Joseph Kinzok, onartezina hitzaren silabak argi bereizita ahoskatuz. Ingako herritarrak eta Kongoko gizarte zibileko erakunde batzuk proiektuaren kontra antolatu dira, eta ez dute etsitzeko asmorik. «Ustelkerian eta lehengaien harrapaketa basatian oinarrituta dagoen aginte sistemak dirauen bitartean, Kongok ez du sekula aurrera egingo», salatu du Kinzok.

Ingako proiektuak hiru protagonista nagusi ditu: Joseph Kabila presidente ohia, eta Espainiako ACS Eraikuntza eta Zerbitzu Ekintzak eta Txinako CTG Three Gorges Corporation enpresak. ACSko presidentea Florentino Perez da, Real Madril futbol taldeko presidente izateagatik ezagunago egin den enpresaria. ACSk eta CTGk ezkutuko kontratu bat egin zuten iaz Kabilarekin, hura oraindik presidente zenean: 35.300 milioi euroko balioa du kontratuak. Herritarren eta parlamentuaren kontrola eragozteko, Kabilak ADPI Inga Handiko Garapen eta Sustapen Agentzia sortu zuen. Presidentetzaren kontrol zuzena ezarri zuen ADPIn, eta hari eman zion nazioarteko enpresekin negoziatzeko ardura.

Kontratua iazko udan sinatu zuten, eta gizarte eragileek salatu dute oraindik ez dela egin lanek ingurumenean izango duten eraginari buruzko ikerketarik. Jakina baita txikizioa handia izango dela Inga 3 zentrala eraiki eta argindarra Kongoko ipar eta ekialdeko meatzeetara eta Hegoafrikara eramateko. Munduko Bankuak ere proiektuari bizkarra eman zion arrazoi horregatik, baita hori kudeatzeko eskumena presidentetzak berak hartu zuelako eta Ingako herritarren iritzia kontuan hartu ez zelako ere. Onura ekonomikoak handiak izango direla esan izan du Kabilak. «Badira ehun urte Kongoko meatokiak etenik gabe ustiatzen direla, eta zer onura ekarri dio herriari orain arte?», galdetu du CASCeko koordinatzaile Kinzok.

Iraupenaren mugan

Izan ere, Ingako biztanleen artean handia da proiektu berriak eragin duen kezka. 2014an jakin zuten proiektu horren berri, etaCODICLI izeneko erakundea sortu zuten (Ingako Urtegiek Kalte Egindako Herrien Eskubideen eta Interesen Topagunea). Tona da elkarteko presidenteordea, eta, azaldu duenez, 30.000 herritarrek utzi beharko dute etxea urtegi eta kanal gehiago egingo dituztelako Kongo ibaiaren ibilguan. Ez dakite ez nora eramango dituzten, ez zer gertatuko den haien bizimoduarekin. «Iraganeko gure bizimodua baztertu beharko genuke», kontatu du Tonak. «Ez Nekazaritza Ministerioa, ez Hezkuntzakoa, ezta Osasunekoa ere ez dira gutaz arduratu, zentral hidroelektrikoak ekarri zizkigutenetik inor ez baita gutaz arduratu».

Izan ere, Inga 3 baino lehenago eraiki zituzten Inga 1 eta Inga 2. Kongo oso aberatsa da ur baliabideei dagokienez, baina bertako komunitateak kexu dira ez dutelako horren onurarik jasotzen. Elektrifikazio plan bat eskatzen dute: argindarra komunitateetara iristeko, urtegi handien ordez tokian tokiko urtegi txikiak eraikitzea proposatu dute, eta ahal den neurrian energia berriztagarriak garatzea nahi dute.

Masala Kinkela Adolphine Baoba herrian jaio zen, 1944an, eta gogoan ditu Inga 1 eraiki zutenean beren lurrak uztearen truke «zuriek» eta gobernuak egin zizkieten promesak. «Herrietako helduei, bilera batera deitu, eta lurraren truke zer nahi zuten galdetu zietenean, zerrenda luze bat prestatu zuten: argindarra, eskola, ospitalea, traktoreak, merkatua. Hori dena emango zigutela agindu zuten, baina ezta bonbilla bat ere ez dugu jaso oraindik».

Urtegiak eta zentralak eraikitzeak enplegua ekarriko ziela ere hitzeman zieten Ingako biztanleei. Muanda Muaka Celestinek SNEL argindar enpresarentzat lan egin zuen, baina uste du bera ere egunez egun txirotu egin dela, Baobako bere herrikide guztiak bezala. «Bizitzak txarrera egin du arlo guztietan: elikadura lortzea zaila, ura lortzea zaila, sendatzea zaila, hezkuntza zaila, den-dena zailagoa da orain». Gobernua ez da orain arte inoiz arduratu kongoarrek onartu behar zituzten lan baldintzen eta kontratuen ikuskapenaz. Berriki, Txinako eraikitzaileak urtegiaren bigarren kanala egiteko erabili zituen bertako herritarrak, eta lan kontraturik ere ez zien egin. Hilero 150.000 franko ordaintzen zieten; hau da, 88 euro baino gutxiago, eta, inoiz langileren bat gaixotuz gero, ordura artekoa ordaintzen zieten bakarrik. «Hobe zen heriotza onartzea, sendatzea baino», esan du Rasta Kinkela laborariak.

Kinkela bezala, Ingako inguruan bizi direnak laborariak dira. Lana eskuz egiten dute, eta ekoizpena saltokiraino eramateko garraioan ordaindu behar dutenarekin ez dute modurik izaten ezer aurrezteko. Lautada zabalak dituzte lantzeko, eta, traktoreak balituzte, familia bakoitzak bi edo hiru hektarea landu ahal izango lituzke. Kinkelaren esanetan, elikadura ere oso eskasa dute. «Sei edo zazpi seme-alaba baditugu, horien eskola ordaintzea izaten da gure bizitzako zailtasunik latzena. Dirurik ezean, eskolatik bota egiten dituzte; maiz gertatzen zaigu». Paraje horietan harri ugari daude, eta harriak txikitu eta saltzea du bigarren ogibidetzat. Hala eta guztiz ere, nekez lortzen du bizirik irautea baino zerbait gehiago. «Inga 1ek eta 2k ez digute ezer ematen, atzerrian egongo balira bezala da».

Ingak eta Kongo ibaiaren arroak ur baliabide ezin aberatsagoak dituzten arren, ur edangarria lortzea benetako arazoa da herritarrentzat. Iturrietarako bidean joan-etorrian ikusten dira neska gazteak buru gainean ur bidoiak eramanez, baina larriena da uraren kalitate baldintzak ezezagunak eta aldakorrak izaten direla. Mvuzi 3 izeneko herrixkako iturburua, esate baterako, zikina egoten da sarritan, eta osasun arazo asko ekartzen dizkietela dio Phanzu Rhongi herriko buruak. Zentral hidroelektrikoa eduki eta bertako biztanleei argindarra ez banatzeak beste ondorio bat ere utzi du: ikatza lortu beharrean daude, eta, horretarako, erruz mozten dituzte inguruko zuhaitzak. Horrek txikizio handia sortu du Ingari paradisu itxura ematen dioten basoetan.

Presidente berria

Inga proiektuaz arduratzeko Kabilak sortu zuen ADPI agentziaren buru Bruno Kapandjik Inga 3 «nahi eta nahi ez» egingo dela esan zien bilera batean gizarte zibileko erakundeei joan den azaroan. MEROU izeneko emakumeen elkarteko Josephine Nemeyaren arabera, bilera laburra izan zen, baina 10.000 sinadura zituen memoria bat entregatu zioten Kapandjiri, eta egun oso bateko tailer bat eskatu zioten proiektuari buruzko eztabaida sakon bat egin ahal izateko. ADPIko buruak tailer hori egitea onartu zuen, baina hauteskundeen ondoren egingo zutela agindu zien.

Hauteskundeak joan den abenduan egin zituzten, eta Felix Tshisekedi oposizioko politikariak irabazi zituen. Kabilaren koalizioak, ordea, gehiengo osoak irabazi ditu herrialdeko parlamentuan eta probintziakoetan. Hortaz, ikusteko dago ADPI agentziarekin zer gertatuko den, eta Inga proiektuaren kudeaketa sisteman aldaketarik izango ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.