Durangoko 53. Azoka. Itzulpengintza

Itzulpengintzaren itzulinguruak

Beste hizkuntza batzuetatik euskarara ekarritako liburu ugari daude eskuragarri Durangoko Azokako erakusmahaietan. Itzulpengintzak bilakaera bat izan du azken urteotan, bai lanen kalitatean eta kopuruan, bai irakurleen jarreretan

Katakrak argitaletxearen mahaian hainbat itzulpen lan daude eskura. JUAN CARLOS RUIZ / FOKOU.
Ainhoa Sarasola.
Durango
2018ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Eslovenierazko hitzak entzun ziren atzo Landakoren erdigunean, areto nagusian. Cudezni Prstan liburuaren pasarte bat irakurri zuen egileak, Peter Sventina idazle eta itzultzaile esloveniarrak. Alboan zituen Barbara Pregelj itzultzaile eta editore esloveniarra eta Juan Kruz Igerabide idazle eta itzultzaile euskalduna; Sventinaren liburua euskarara ekarria dute bien artean, Pregeljek gaztelaniara ere itzuli zuena. Itzulpengintzaz, hizkuntza txikietako literatur sistemen arteko loturez eta haien arteko antzekotasunez nahiz aldeez jardun zuten hizketan hirurek Besteak gure ispilu. Itzulpengintza, hizkuntza txikien arteko zubi mahai inguruan, Elizabete Manterolak gidatuta. Eta itzulpengintzak ukitzen dituen askotariko ertzak utzi zituzten agerian.

Euskara ikasten ari da Pregelj, eta, eslovenierazkoarena ez ezik, ezaguna du euskarazko literatur sorkuntzaren egoera ere. Hizkuntzen eta beren literatur sistemen «txikitasuna» definitzeko ahalegina egin zuen: «Literatura txikietan, hiztun kopurua da gakoa, baina baita literatur sisteman oro har duen lekua ere, periferikoa baita». Bat etorri zen Igerabide, baina ezberdintasun bat nabarmendu zuen: «Diferentzia handienetako bat da eslovenierak ofizialki ez daukala guk daukagun lehia, oraindik ere egoera diglosikoan gaudelako, eta haiek ez». Sventinak Austriako kantonamendu jakin batean eslovenierak duen egoerarekin parekatu zuen euskara, han ere hizkuntza gutxitua baita, baina, oro har, biziago ikusten du euskara han baino, eta euskal literatur sistemaren egoera ere hobea dela deritzo, azpiegitura aldetik, bederen.

Aldeak alde eta bat egiteak bat egite, ohikoan, hizkuntza txikietan idatzitako lanak hizkuntza handietara itzultzea izaten da helburua gehienetan —eta alderantziz—. Aukera horri uko egin gabe, nola urratu txikien arteko bideak, nola landu zubigintza? Galdera horren bueltan ere jardun zuten. Igerabideren ustez, badira harremanak sustatzeko egitasmoak, eta horien bueltan argitaratzen da lanik, baina garai batean handiagoa zen mugimendua, haren iritziz. «Duela hogei urte, katalanekin edo galegoekin elkar itzultzeko dinamika gehiago zegoen agian, eta niri gaur egun errazagoa egiten zait nire lan bat gazteleraz argitaratzea katalanez eta galegoz itzuliko duena topatzea baino». Bide horretan garai batean apustu sendoagoak egin zirela adierazi zuen, eta zaindu beharreko kontua dela gaineratu.

Bere eskarmentutik hitz egin zuen Pregeljek, eta euskarazko hainbat egileren obrek Eslovenian izan duten harrera ona nabarmendu zuen, baita egile esloveniarren lanak gehiago hedatzeko «ate gehiago» ireki beharra dagoela ere. «Uste dut badagoela literatura txikien arteko kidetasuna. Eta egon behar du, zeren txikien artean ez badugu elkar irakurtzen... Handien artean ez dut horretarako interes handirik ikusten».

Itzulpengintza plazaren erdigunera ekarri zuten hizlariek Durangoko 53. Azokaren hirugarren egunean. Baina erdigunean bakarrik ez, korridore gehienetan ere egon zen presente, ugariak baitira itzulpen lanak salmahai askotan.

Aurreiritziak, desagertzear

«Beti esan izan da itzulpengintza ez dela errenta, eta ikusi besterik ez dago; ez dago beste argitaletxerik itzulpenak bakarrik egiten dituena, baina guk behintzat iraun dugu, eta jarraitzen dugu». Joseba Urteagaren hitzak dira. 1988an sortu zuen Igela argitaletxea, Xabier Olarrarekin eta Jose Manuel Gonzalezekin batera, eta askotariko lanak euskarara ekartzean jarri zuten fokua hasieratik. «Hasi ginen garaian irakasleak ginen, eta ikusten genuen euskarazko materialik ia ez zegoela. Zer irakurri behar zuten gazteek? Orduan nobela beltzaren zaleak ginen, eta hala hasi ginen», kontatu zuen atzo Urteagak, mahaiaren bazter batetik. Itzulpengintzaren urteotako bilakaeraren lekuko izan da. «Azokara lehen aldiz etorri ginenean, lau liburu ekarri genituen: Xabierrek [Olarrak] bi itzuli zituen, eta nik beste bi, eta orain begira...». Dozenaka liburu zituen alboan, baita Igelaren nobedadeak ere; tartean, Mohamed Xukriren Aurpegiak —Arantzazu Royo Manterolak itzulia—,Agatha Christieren Bost txerrikume eta Etxe bihurria —Ainhoa Ederrek euskarara ekarriak—, eta berriro argitaratutako Henry Jamesen Koxka bat estuago —Urteagak itzulia— eta Dashiell Hammetten Uzta gorria —Olarrak itzulia—.

Urteotan ingelesetik hainbat lan itzuli dituztela baina frantsesetik edo italieratik ekarritakoak «pila bat» izan direla nabarmendu zuen, eta galegotik nahiz katalanetik ere itzulpenak egiten dituztela egun, baina baita arabieratik ere, esaterako, «hasieran pentsaezina zena». Izan ere, itzultzaile gehiagorekin aritzen dira orain, eta haien prestakuntza goretsi zuen. «Gu hasi ginenean, baliabide gutxiago zegoen. Egun, jendea prestatuago dago, gazte asko dago itzulpengintza eta hizkuntzak propio ikasi dituena».

Itzulpen lanekiko garai batean egon zitekeen aurrejuzgurik, eta ez euskaraz bakarrik, baina uste du desagertuz joan dela. «Gaur egun, kalitatea asko hobetu da, euskaraz ere asko zaintzen da itzulpena; irakurtzen duenak badaki hori. Konfiantza bat badago, oro har, eta esango nuke aurreiritzi hori galdu egin dela». Beste arazo bat ikusten du berak: «Garai batean, itzulpenak gaizki eginda zeudela, euskara batua... Aitzakia horiek jartzen ziren, eta egun egia dena da, eta ez aitzakia, jende euskaldun asko ez dagoela euskaraz irakurtzera ohituta. Baina itzulpenagatik inor ez zaizu kexatuko; hori gaindituta dago».

Gutxitu bada ere, oraindik ere itzulpenarekiko aurreiritzi apur bat egon daitekeela uste dute Hedoi Etxartek eta Nerea Fillatek, baina gutxituz doala zioten biek, Iruñeko Katakrak liburu denda eta argitaletxeko erakusmahaiaren atzetik. Etxarteren ustez, zenbait generotan dagoen «katalogo falta» izan daiteke arrazoietako bat. «Saiakeran, esaterako, bilduma jakin batzuk kenduta, ez da modu konstante batean itzuli». Eta horrek irakurtzeko ohiturarik landu ez izana ekarri ahal izan dio hainbati, haren ustez. «Jende askori gertatzen zaio igual narratiban irakurriko lukeela itzulpena, baina saiakeran, egon ez denez, ez du irakurri, eta aurrejuzgua askotan norberaren mugekin zerikusi handiagoa duen zerbait da». Fillaten hitzetan, «aurreiritzi hori egonda ere, feminismoaz, esaterako, nahiz eta itzulpenak izan, saiakera asko argitaratzen ari dira, eta jario zehatz bat ikusten da hor». Pixkanaka «ohitura aldaketa txiki bat» gertatzen ari dela uste du. «Bai, sumatzen da, gai batzuetan behintzat, normalizazio bat testu maila batera euskaraz heltzeko, lehen ez zegoena».

Euskarazko saiakeran, oro har, euskal gaiez idatzi izan dela adierazi du Etxartek. «Gu alde horretatik ari gara munduko eztabaidak ekartzen, eta ulertzen Egipton zapiaren inguruan dagoen eztabaida, edo feminismoaren eta gurasotasunaren ingurukoa, badirela euskaraz ere izan behar ditugun eztabaidak». Fillatek uste du liburuen egileek Euskal Herrian aurkezpenak egiteak gai eta lan horiek zabaltzen ere laguntzen duela. Etxartek, berriz, itzultzaileen lana orain ikusgarriagoa dela. «Uste dut askotan liburu baten bermea dela, publikoaren zati batentzat behintzat, nork itzuli duen. Itzultzaileen lan onari buruz asko esaten du horrek».

Susak plazaratzen duen Munduko Poesia Kaierak bildumako arduraduna da Beñat Sarasola. 2014tik hona, nazioarteko poeta ezagunen 28 poesia liburu argitaratu dituzte euskaraz, eta bildumaren harrerarekin pozik da Sarasola. Batetik, harpidedun sare leial bat duelako. Eta, bestetik, argitalpenen harira itzultzaile askok irakurraldiak egin izan dituztelako, eta horiek ere harrera ona izan dutelako. Poemek —edo bestelako lanek— itzulpenarekin zerbait galtzen duten aurreiritzi hori txikiagoa da egun, Sarasolaren ustez. «Nire ustez, mantentzen da aurreiritzia, baina esango nuke duela urte batzuk baino askoz ere ahulagoa dela». Esan zuen gaztelerazko eta frantsesezko egileak ere itzultzen dituztela, eta inork ez diela dudarik agertu euskaraz ere egotearen beharraz. «Uste dut gero eta gehiago asumitzen ari garela itzulpenak bere horretan balioa duela. Gure esperientzia da geroz eta modu naturalagoan irakurtzen direla euskarazko itzulpenak, baita poesia ere».

Itzulpengintzak urteotan izan duen bilakaera «nabarmena» da, Sarasolaren ustez, bai kalitatearen aldetik, «bai jendearen pertzepzioaren aldetik». Halaber, adierazi zuen itzultzaileen lana ikusgarriagoa dela egun, eta horren adibide izan daitekeela irakurle taldeetan gero eta gehiago aritzen direla. «Esango nuke itzultzaileek ere barneratuago dutela haiek ere plaza publikoan leku bat dutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.