Bertsolaritza

Imanol Uria nagusitu da Elorrion, Bizkaiko bosgarren kanporaketan

Finalaurrekoetan kantatuko du bertsolari algortarrak. Hurrengo saioa Getxon izango da. Nafarroako lehen finalaurrekoa, bihar, Altsasun

Imanol Uria kantuan, atzo, Elorrion. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Erredakzioa
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bosgarren kanporaketa jokatu zuten atzo Elorrioko Arriola antzokian. Sei bertsolari aritu ziren kantuan: Aitor Arrutia Azkueta, Igor Galarza Intxausti, Imanol Arrutia Azkueta, Imanol Uria Albizuri, Iñaki Iturriotz Zuluaga eta Peru de Pedro Larrea. Uriak batu zuen puntu gehien, 494. Hala, azaroaren 21ean Etxebarrian jokatuko den finalaurrekoan kantatuko du bertsolari algortarrak. Haren atzetik sailkatu ziren Iturriotz (442,5 puntu), Galarza (427), Aitor Arrutia (419), Imanol Arrutia (415) eta De Pedro (394,5).

Hurrengo igandean jokatuko da txapelketako azken final-laurdena, Getxoko Muxikebarri zentroan, 17:00etan. Beste sei bertsolari ariko dira kantuan bertan: Enare Muniategi Etxabe, Eneko Aldana Carrasco, Josune Aramendi Perez, Koldo Muñiz Aldamiz-Etxebarria, Malen Amenabar Larrañaga eta Unai Mendiburu Valor. Saio horren ondotik helduko dira hiru finalaurrekoak,Etxebarrian ez ezik, Galdakaon (azaroak 27) eta Larrabetzun ere (abenduak 4) jokatuko direnak. Eta Bilbon izango da finala, abenduaren 18an.

Altsasuko saioa, bihar

Nafarroako Bertsolari Txapelketak, berriz, bihar ekingo dio finalaurrekoen faseari, Altsasun. Iortia kulturguneak hartuko du hiru finalaurrekoetan lehena —Berriozarren (azaroak 6) eta Leitzan (azaroak 14) izango dira hurrengo biak—. 17:30ean hasiko da saioa, eta sei bertsolarik kantatuko dute: Eneko Fernandez Maritxalar, Erika Lagoma Pombar, Xabat Illarregi Marzol, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Endika Legarra Nuin eta Oier Lakuntza Irigoien. Gaiak jartzen, berriz, Fernando Anbustegi Goñi ariko da.

Altsasun nagusitzen den bertsolariak zuzenean lortuko du azaroaren 28an Iruñean jokatuko den finalerako sailkatzea. Gainerakoek finalaurreko guztiak bukatu arte itxaron beharko dute sailkatzen ote diren jakiteko. Denera, hemezortzi bertsolarik parte hartuko dute finalaurrekoetan, eta zortzi pasatuko dira finalera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.