Euskara. Kontseiluaren balantzea

Adostasunak josteko urtea

Urteko balantzea eta erronkak aurkeztu ditu Kontseiluak, eta jomuga bat jarri du: elkarlan ildoetan beste urrats bat egitea, eta euskalgintzatik haragoko adostasuna lortzea
Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia, hizlari atzoko saioan.
Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia, hizlari atzoko saioan. GORKA RUBIO / FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko azaroak 29
«Konplizitatea» aipatu zuten orain bi urte: euskalgintzako eragileek eta erakundeek beste harreman klase bat behar zutela. Egin da bidea. «Akordio politikoak» eskatu zituzten iaz: lankidetza giroa arlo politikora ere zabaltzea. Bide apalagoa egin du eskari horrek, eta datorren urterako jomuga nagusia horixe izango du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak: euskarari buruzko «adostasun sozialak eraikitzeko prozesu sendoa» jartzea martxan. Euskalgintzatik harago josi nahi ditu akordio horiek: askotariko eragile sozialen artean. Eta hortik joan gero esparru politikora. Nabarmendu dute hizkuntza normalizatzeko prozesuak «gizarte osoa» zeharkatu behar duela, eta horregatik behar dela adostasun soziala eta politikoa. Hori eginda, erakundeekiko erlazio eredu berria ere lortu nahi du Kontseiluak.

Azken urteetan ohi duen eran, urteko balantzea aurkeztu zuen Kontseiluak atzo, Hernanin, Orona Ideon. Euskalgintzako eragile ugariren topaleku izan zen saioa, eta erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak ere baziren —besteak beste, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Mikel Arregi Nafarroako Euskarabideko zuzendaria—. Urteko mugarri nagusiak errepasatu zituzten, Kontseiluak egindako jarduna, eta erronkez ere aritu ziren.

Urte gorabeheratsua izan dela azaldu zuten. Batetik, herritarren babesaren aldetik, oinarri sendoa erakutsi dute bi egitasmok: Euskaraldiak eta Korrikak. Pil-pilean jarri dute hizkuntza ohituren gaia. Bestetik, ordea, esparru politikoan izan dituzte kezkarako motiboak: nagusia, Nafarroako atzerapausoa, administrazioko erabilera dekretua bertan behera utzi izana eta Iruñeko euskara ordenantza aldatu izana, besteak beste.

Aktibazioa lortzeko

Aldaketarako garaia dela, mezu hori zabaltzen ari da Kontseilua azken denboran. Batetik, datu soziolinguistikoei begiratuta: euskararen erabilera datuek ez dute igoera adierazgarririk erakusten, eta galera zantzuak ere badaude —besteak beste, kaleko erabileraren neurketan—. Bestetik, euskararen auziak duen zentraltasun eskasagatik: «benetako zeharkakotasunez» jorratzeko eskatu du.

Bistakoa da Euskaraldiak ekarri duela zeregin horietan beste urrats bat egiteko egokiera: herritar eta eragile andana bat bildu du, eta datorren urtean beste pauso bat emango du, entitateak ere ariketaren parte eginez. Euskararen auzia mahai gainean jartzeko baliatu nahi du egoera hori Kontseiluak, Paul Bilbao idazkari nagusiak nabarmendu duenez: «Hanka sozialean aktibatzea lortu den energia hori baliatu beharko litzateke hanka politikoan pauso berriak eta ausartak emateko».

Urratsak lortzeari dagokionez, oinarri bat izan du azken urteetan lehentasun Kontseiluak: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. 2016an aurkeztu zuten, ehun eragileren baino gehiagoren parte hartzearekin eta Europako beste hizkuntza gutxituetako ordezkariekin landua, eta protokoloaren Euskal Herrirako garapena ere landua dute. Areago, beste ekarpen bat aurkeztu dute oraintsu: Hego Euskal Herriko udaletarako proposamena, hizkuntza eskubideak bermatzeko zer neurri hartu beharko lituzketen. Aurki aurkeztuko dute Ipar Euskal Herriko udaletarako proposamena.

Hain justu ere, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa oinarri hartuta landu nahi dute euskarari buruzko adostasun sozial berria. Orain artekoaz besteko planteamendu bat egin nahi dute, Bilbaok aurreratu duenez: «Ez da, ez, lehen aldia Kontseiluak horrelako adostasun baterako lanketa mahai gainean jartzen duena. Akaso horregatik, aurrekoetatik desberdin jokatzeko ariketa egingo dugu». Askotariko eragileak bildu nahi dituzte gogoeta eta adostasun horretara, eta, akordio politiko baterako oinarria ez ezik, sektorekako neurriak ere jaso nahi dituzte: esparru bakoitzean zer arlo landu behar den. Eragile horiek biltzen eta adostasunak josten izango du zeregina Kontseiluak. Funtsezko lana dela nabarmendu du Bilbaok: «Ezinbestekoa da euskalgintzatik aparteko eragileen parte hartzea ere».

Eragileak eta erakundeak

Kontseiluak uste du gizarte eragileen arteko adostasun hori lortzea mugarria izango dela aldaketak abiarazteko. Batetik, euskararen auzia erdigunera ekartzeko: «Gizarte eragileen artean adostasun hori zabaltzeak ekar dezake gizartearen parte handi batek bere egitea eraikiko dugun adostasuna, eta, noski, gaia agenda politikoan egoki kokatzea». Bestetik, ehun sozialaren adostasunak lortuta, esparru politikoan eragiteko.

Horrekin lotuta, beste ardatz bat ere aipatu dute datorren urterako erronketan: erakundeekiko harreman sisteman beste pauso bat ematea, beste «gobernantza eredu bat» lortzea. Finean, gizarte eragileek rol handiagoa izatea erabakiguneetan, gogoeta batzordeetan parte hartzetik harago.

Egia da norabide horretan pauso batzuk ematen ari direla. Arlo sozioekonomikoari buruzko plana, adibidez, elkarlanean ontzen ari dira euskalgintzako eragileak eta erakundeak. Beste keinu bat ere bai: Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz aurrekontu proiektuan sartu du Kontseiluari diru ekarpena egitea. «Jauzia» emateko garaia dela nabarmendu dute. «Garrantzitsuena da gizarteak berak jauzia egitea adostasunen bidean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna