Joe Bidenen lehen urtea. Agintaldia

HODEI ILUNAK ETXE ZURIAN

Bidenen presidentetzaren lehen urtean, gozo baino gaziagoa da balantzea jarraitzaileentzat zein aurkarientzat

Joe Biden presidentea eta Kamala Harris presidenteordea, Atlantan. ERIK S. LESSER / EFE.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Urtebete da AEBek aro berri bati ekin ziotela, Joe Bidenek presidente kargua hartu zuenetik. Kamala Harris presidenteordearekin batera, zenbait lorpen eta hainbat porrot izan ditu gobernu berriak, baina argi dago Donald Trumpek utzitako herrialde zatitua ez dutela batzerik izan; eta arrakala handituz doala.

Biden 81 milioi botorekin iritsi zen Etxe Zurira; hautagai batek sekula lortu gabeko babesa izan zuen duela hamabi hilabete. Hala eta guztiz, hiru errepublikanotik bik sinesten dute oraindik iruzurra egon zela, bozketa «ostu» egin zietela; aginte makila hartu baino gehiago, Bidenek Trumpi trikimailuen bidez kendu egin ziola tematuta daude. Nahi adina froga aurkez tu daitezke halakorik izan ez zela erakusteko; Trump ia desagertu da telebista eta sare sozialetatik, baina haren itzala oso luzea da oraindik. Errepublikanoen artean 2024rako hautagai nor izan litezkeen kiniela ugari daude; Trump tartean sartuz gero, erabateko nagusitasunez gailentzen da beste presidentegai posibleen aurretik.

Pandemiak erabat baldintzatutako urtea izan da, bai presidente berriaren hasierako onarpen mailan, baita geroko beherakadan ere. Baina izan da hori baino gehiagorik ere, noski. Bidenek behera egin du inkestetan, nabarmen, baina datuak ez dira presidente batek inoiz izan dituen apalenak inondik inora, zenbait hedabidetan hala adierazi arren. Aldaketa, agintaldiaren lehen urte honen ekuatorean iritsi zen: pandemiaren aurkako jarrerak eta txertaketa masiboak bultzatuta, presidente berri batek berez dakartzan aire berriekin batera, goranzko joera ekarri zion. Uztailaren 4an, Independentzia Egunean jarri zuen erronka, estatubatuarren %70ek txertoaren dosi bat izatea gutxienez, eta ez zuten betetzerik lortu, baina nahi zuten guztiek eskueran zeukaten, eta sekulako mobilizazioa ekarri zuen 172 milioi lagun (%67) txertatzeak.

Gero Afganistango kaosa iritsi zen abuztuan, eta, horrekin, lehen aldiz Bidenen jarduna gaitzesten zutenak onesten zutenak baino gehiago izan ziren. Telebistako irudiak irudi, erretiraren alde zeukan presidenteak estatubatuarren gehiengo handi bat, etxerako behar ziren milioika dolar okupazio militarraren estoldatik zihoazen jakitun. «Paradigma ekonomikoa aldatzeko paradigma militarra ere aldatu beharra du Bidenek: Afganistanen egunero 300 milioi gastatzen badira inora ez doan gerran, errepideak konpontzeko eta haur hezkuntza libre bat izateko dirurik ez dago», zioen Joseba Zulaika antropologoak abuztuan, presidenteak lobby militaristari aurre egiteko erakutsitako ausardia goraipatuz.

Ekonomiari bultzaka

Atzerri politikak baino gehiago, etxean egindako lanak mugitu ohi du balantza; «ekonomia da, ergela» esaldi ezagunak adierazten duen legez. Pandemiaren astinaldian, ia mende batean ezagutzen ez ziren neurriak prestatu zituen Bidenen Kabineteak: sei bilioi dolarrekin bultzatzea ekonomiaren berreskuratzea eta herrialdean egin beharreko zenbait azpiegitura, garraio sistematik hezkuntza sistemaraino.

Arduradun politikoak ekonomiatik tiraka, barra-barra baliatuz diru publikoa eta defizitaren muga behar adina goratuz, AEBetan oso salbuespeneko uneetan harturiko neurriak dira. Bidenek ahalik bizkorrena heldu nahi izan zion gerora Build Back Better (Hobeto Berreraiki) izena eman zion egitasmoari, hasierako hilabeteak erabakigarriak diren jakitun, ia etengabe hauteskundeen gurpil zoroan sartutako herrialdean. Iazko martxorako COVID-19aren kalteak arintzeko 1,9 bilioi dolarreko laguntza onartu zuen Kongresuak, eta abuztuan azpiegiturak berritzeko beste bilioi bat dolarreko lege egitasmoa. Hauteskundeek demokratak nagusi jarri izana baliatu beharra zeukan Bidenek; izan ere, oso estua da gehiengoa, eta zail izango dute aurten midterm edo erdibideko bozetan eustea. Horretarako ere, beharrezkoa zen urratsak bizkor hastea, eta fruituak halaber ikustea: langabezia ia tekniko bihurtu da, enpresa askotan langile falta ere badute (mikrofonoetan xuxurlaka esandako «ordain iezaiezue gehiago» Bidenen esaldirik ezagunenetako gisa geldituko da), ordainetan azken 40 urteko inflaziorik handiena ekarri duen arren: %7 izan da 2021ean.

Testuinguru horretan, uda ostean buruko minak hasi ziren Bidenen gobernuarentzat eta demokratentzat oro har. Udaberrian horren arin onartutako neurri ekonomikoak Kongresuan trabatzen hasi ziren irailean, eta hala jarraitu dute hurrengo hilabeteetan, harik eta Build Back Better (BBB) ezin onartuta geratu zen arte Eguberrietako etenaren aurretik. Ordurako, egitasmoa hasieran iragarritakoaren erdia zen, hiru bilioi haien ordez 1,75 bilioira jaitsi zuten —demokraten arteko sektore ezkertiarraren kexu eta kritiken artean—, hala sektore zentrista eta agian errepublikanoren bat ere erakarriko zutelakoan.

Ezin gobernatu

Demokraten buruko minak izen-abizen jakinak dauzka: Joe Manchin, Virginia Mendebaldeko senataria. Alderdiko sektorerik eskuindarrena ordezkatzen du; oztopoak ezkerretik izango zirela pentsatu baldin bazuen inork, errealitateak erakutsi du kontrakoa izan dela: errepublikanoengandik hurbilen dauden ordezkariak dira gobernatzeko eta herrialdea COVID-19aren osteko arora eramateko hartutako bide orria behin eta berriz oztopatzen ari direnak; Manchin bera edo Arizonako Kyrsten Sinema, batez ere. Senatuan 50-50 boto dituzte errepublikanoek eta demokratek; Kamala Harrisen botoa da balantza gobernuaren alde dakarrena, baina, horretarako, ezinbestekoa da bere alderdiko senatari guzti-guztiek alde bozkatzea.

Zenbaki horietan trabatuta geratu zen BBB abenduan, eta ez dirudi Manchinen jarrera aldaraztea lortu dutenik. Besteak beste, eskolaurre unibertsala eta haurren zaintzarako sosak zekartzan legeak, baita herrialde aberatsetan AEBen salbuespen bakarra gainditzeko ere: egun oraindik herritar guztientzat onartuta ez dagoen amatasun baimena ere aurreikusten zuen—ez baita eskubide unibertsala oraindik, enpresarekiko akordioen arabera daukate emakume batzuek erditu ostean lanaldia zenbait astez eteteko aukera—.

«Kontua ez da Bidenek ez duela ezer egin, haren alde bozkatu zuten askok askoz gehiago nahi zutela baizik, eta presidenteak berak elikatu zituen itxaropen horiek», azaldu du Niall Stanage kazetariak. Demokraten arteko sektorerik aurrerakoienaren etsipena, edozelan ere, nabarmena da; errepublikanoen artean hauteskunde urterako itxaropena pizten den gisa berean. «Jainkoak bedeinka dezala Manchin, Jainkoak bedeinka dezala Sinema», argi eta ozen goraipatu ditu asteon Lindsey Graham senatari errepublikanoak Ganberako bi ordezkari demokratak. Filibusterismoaren —Kongresuan luzaroan erabilitako trikimailuak— aurkako neurrien eztabaida ekarri du Sinemaren eta Manchinen azken matxinadak.

Senatuko politikak gorabehera, lehen urtea badoa, eta bigarrenean gobernuan sartu berri denak jipoia jaso ohi du erdibideko hauteskundeetan. Azaroan hautatuko dituzte Ordezkarien Ganberako 435 hautetsiak eta senatarien herenak, eta gerrymandering arriskuaz kexu dira demokratak: hamar urterik behin, estatuek hautesbarrutiak egokitzen dituzte, hamarkadako aldaketa demografikoen arabera; alde batetik, ohikoa izan da estatu bakoitzean nagusi denak bere interesen arabera marraztea barruti berriak. Arazoa da errepublikanoek, diseinu berriaz gain, botoa emateko eta erregistratzeko arau berriak ere proposatu dituztela, batez ere euren aurka bozkatu ohi duten gutxiengoeizailtzeko boto eskubidea. Horren aurka egin zuen Bidenek joan den astearteko agerraldia Atlantan, Martin Luther Kingen jaioterrian —bihar jai daAEBetan, eskubide zibilen buruaren omenez—.

Atzerri politika

Joe Bidenen agintaldi hasierak,AEBek atzerri politika tradizionalago baten aldeko apustuaren agindua zekarren, besteak beste,Trumpek lau urtez baztertu eta gutxietsitako Europako aliatuen lasaitasunerako. Eta ez dago zalantzarik aldaketa nabarmena izan dela, bai itxuran eta bai, neurri handi batean, edukietan: pandemiaren aurkako konspirazio teorietatik urrun, zientziaren, txertaketen eta nazioarteko elkarlanaren aldeko jarrera hartu du, eta klima larrialdiaren aurkako borroka berriz ere jomugan jarri du.

Ez dira urrats hutsalak, baina munduko herrialderik boteretsueneko presidenteak ere ez ditu berak bakarrik aldatzen azken urteotako joerak; Glasgowko goi bilerako emaitza eskasak dira horren adierazle. Haren aurretik Europatik egindako bisitak ere, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko aliatuekiko konpromisoa bai, baina askoz gehiagorik ez zuen ekarri: Angela Merkel kantzilerra erretiran zen Alemanian; Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonek badaki Bidenekin are bakartuago geratu dela brexit-ean; eta Frantziako presidente Emmanuel Macronek minduta jarraitzen zuela berretsi zuen, AUKUS hitzarmenean baztertuta geratu eta gero. Minduta, eta kanpainan ezin ahaztu. Testuinguru horretan, Errusiarekiko lehiak ekarri du berriz ere protagonismoa Europan egotea, eta ikusi beharko da soka noraino tenkatzen duen Moskuk, eta zenbateraino bustitzeko prest dagoen Washington Ukrainaren alde. Obamaren agintaldi amaieran —Biden presidenteorde zela— Putinen estrategiaren nagusitasuna nabarmendu zen Siriako gerran, eta Trumpen ahotik behin ere ez zen kritikarik txikiena irten Kremlinen aurka.

Hitzez Atlantikoaren bi aldeen arteko zubiak eraiki baditu ere, egungo jokaleku nagusia Pazifikoan dago. Bidenek Errusia estu hartu badu, are handiagoa da Txinarekin duen tentsioa. XXI. mendeko bi potentziarik handienen lehian kokatzen da Taiwanekiko hurbilketa, uigurren aurkako errepresioaren salaketa, eta Pekinen autoritarismoaren gaitzespena. Datorren hileko Neguko Olinpiar Jokoek are gehiago gaiztotuko dute giroa; baina, sarritan, AEBek iragarritako boikota bezalakoa da errealitatea: hitzez esan bai, agintaririk ez dela egongo, baina kirolariak Pekinen izango dira, inork galdu nahi ez duen lekuan lehiatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.