Javier Alvarez. Psikiatra

«Biztanleriaren erdiak buruko gaitz bat duela esatea astakeria da»

Egungo psikiatria moldetik atera, eta hura ulertzeko ikuspegi berri bat proposatu du Alvarezek. Ohartarazi du farmakoen erabilera «masiboa» baino garrantzitsuagoa dela «ustezko» nahasmendua dutenei entzutea.

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Psikiatriarekin lotutako bizipenak negatibotzat jo ohi dira, Javier Alvarez psikiatriak (Leon, Espainia, 1950) azaldu duenez. Horri buelta emateko asmoz, Una nueva psiquiatria (Psikiatria berri bat) liburua aurkeztu berri du. Ohartarazi du «psikiatrizazioa» oso zabaldua dagoela gizartean, eta horri aurre egin behar zaiola.

Psikiatria berri baten aldeko aldarria egin duzu. Zer dela eta?

Ikerketa batzuk egin nituen. Psikiatriarekin lotura izan zezakeen bibliografia aztertu nuen; esaterako, mistikarekin lotzen duten zenbait autore. Hipotesi bat planteatu nuen: egun, sintoma patologiko eta psikiko bezala izendatuta dauden bizipenek, mistikaren arloan, ez dute balio hori. Liburu horietan, bizipen psikotikoak balio positibo gisa kontatzen dira.

Bizipen horiek positiboak dira?

Bizipen horien fisiologia ikertu nuen. Ondorioztatu nuen badirela arrazoi neurofisiologikoak bizipen horiek guztiok bizi genitzakeela esateko. Gure burmuina prest dago bizipen horiek jasotzeko eta kontzientzia kosmiko baten baitan funtzionatzeko. Esan dezakegu nerbio sistema zentralaren ohiko funtzioa direla bizipenak; beraz, batzuetan, ez dago patologikotzat hartu beharrik.

Noiz lirateke patologikoak?

Bizipen bat patologikotzat har genezake norbanako bati ez dionean uzten ongi funtzionatzen, eta laguntza eskatu behar duenean. Bizipen bakoitza bizitzeko era sufritzekoa ezberdinak dira pertsona batetik bestera. Hori gogoan, arazo psikiatrikoari bestela egin beharko genioke aurre.

Nola, ordea?

Ameriketako Estatu Batuetako Psikiatria Elkarteak DSM erreferentziazko eskuliburua du, eta hartan oinarrituta diagnostikatzen dira buruko gaitzen ia %100; buruko gaitzak diagnostikatzeko liburua da. Baina hondamendia izan da psikiatriarentzat. Estatu Batuetako Buruko Gaitzen Institutu Nazionaleko lehendakariak berak 2013an esan zuen eskuliburuak ez duela baliorik; hura oinarri hartuta, herrialde garatuetako biztanleriaren erdiak diagnostiko psikiatriko bat izateko baldintzak betetzen ditu. Biztanleriaren erdiak buruko gaitz bat duela esatea astakeria da. Bada, eskuliburuarekin ezin da arazoa konpondu.

Egunerokoa psikiatrizatu al da?

Dudarik gabe. Badirudi egiten dugun guztiari etiketak jartzen dizkiotela, etiketa psikiatrikoak. Hori larria da haurtzaroan; kasurako, arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduaren diagnostikoa. Ez dago zantzurik hori existitzen dela esateko. Areago, psikiatrian diagnostiko guztiak subjektiboak izango dira; adituaren irizpideak agintzen du. Ez dago markagailu objektiborik norbaitek eskizofrenia ala bipolartasuna duen esateko; ordea, sistema zaharrera ari gara itzultzen.

Zeintzuk dira aipatutako sistema zahar horren oinarriak?

Egun, aditu bakoitzak azterketa bat egiten dio bertaratzen zaionari; nahiko informazio eskuratu, eta posible den diagnostiko bat egiten du. Psikiatria ikasketak egin nituenean, diagnostikoa baino garrantzitsuagoa zen tratamendua. Egun ez bezala, tratamendua ez zen soilik farmakoetan oinarritzen; garrantzitsuagoa zen terapeutaren eta gaixoaren arteko harremana. Psikiatrak tresna guztiak jarri behar zituen mahai gainean, sufritzen ari zen pertsonari lagundu ahal izateko.

Beraz, harekin egotea eta hitz egitea da garrantzitsuena?

Batez ere, entzutea. Hala, aditua konturatuko da zeintzuk diren pertsona bakoitzak dituen arazoak, ea badauden eragina duten faktore familiarrak, ekonomikoak edota sozialak. Psikiatrak holistikoa behar du izan: ustezko aldaketak aztertzea baino gehiago, bakoitzaren osotasuna da garrantzitsuena. Izan ere, nahiz eta aldaketak daudela pentsatu, oraindik orain ez gara gai aldaketa biokimiko horiek objektiboki zerrendatzeko.

Nahasmenduek badute biologiarekin harremanik?

Ez dakigu ia ezer burmuineko biokimikaz, neuronen biokimikaz. Milaka neurotransmisore omen ditugu, baina horietatik gutxi batzuk ezagutzen ditugu. Horiek arduratzen dira neurona batetik bestera nerbio bulkada eramateaz. Egun, nahasmendu psikiatrikoetan ustez eragina duten neurotransmisoreetan eta farmakoetan oinarritzen dira adituak, baina gezurra ari dira esaten. Ez dituzte pertsonaren gainontzeko faktoreak kontuan hartzen; ondorioz, milaka pertsona kroniko bihurtzen dituzte. Bizi osorako medikazioa ematen diete, eta horrek sistema psikikoa sorgortzen du. Jada ez dira erabiltzen pazientea ez mugitzeko atorra fisikoak; atorra kimikoak erabiltzen dira, erdi baliogabetuta egoteko.

Botikak erabiltzearen kontra zaude?

DSM eskuliburuan ezarritako psikiatriaren aurka. Baina, jakina, atzean ehunka mila milioi dolar daude, psikofarmakoetan gastatzen ari garenak. Farmazia multinazionalak daude horren atzean. Ezin da beste arrazoirik egon. Izan ere, iritsi gara momentu batera non esan den biztanleriaren erdia zoratuta dagoela eta botikak hartu behar dituela. Egun, zientziak du agintea, baina medikuntza pertsona bati bere sufrimenduarekin laguntzeko artea da.

Eta nolako lotura dauka psikiatriak medikuntzarekin?

Psikiatria da medikuntzaren adarrik bitxiena, ez baikara gai puntu objektiboak izendatzeko. Ez dago begi bistakoa den ezer. Esaterako, mediku batek biriketako tuberkulosia antzeman dezake erradiografia batean; baina psikiatrian ez dago halakorik. Hipotesietan oinarritzen da guztia, ez baitago objektibotasunerantz garamatzan ezer. Pertsona baten buruarekin egiten da lan; beraz, pertsona osoarekin. Ez badago markatzaile biologikorik, ezin da guztia biologia arlora murriztu.

Hori guztia ikusita, zein da psikiatria berriaren proposamena?

Talde terapeutiko irekietan antolatzen gara. Saiatzen gara terapeuta, gaixoa eta haren inguruko kideak elkartzen; hiru protagonista nagusiak dira horiek. Jarraitutasunez, eta horizontalki, bakoitzak mahai gainean jartzen ditu arazoan eragina duten arrazoiak. Lortu dugu gaixoek arazoaren beste ikuspuntu bat jasotzea: pixkanaka-pixkanaka, era holistikoagoan ikusten dute arazoa. Finean, badaude nahasmenduak, eta kroniko bilaka daitezke gaixoaren egunerokoan eragiten dutenean, baina ikuspegia aldatu egin behar da. Psikiatria beti egon da pendulu batean; orain, uste dut horizontaltasunak eta entzuteak aginduko duten psikiatria baten garaia itzuliko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.