Albistea entzun

Hezkuntza itunerako bidea. Ikastetxeen ekarpena. Nora Salbotx. Idazlea eta Amaiurko eskolako zuzendaria

«Patriarkatuaren zerbitzura sortuak dira hezkuntza sistemak»

Euskal hezkuntza sistemetako zapalkuntzak izan ditu hizpide Nora Salbotxek 'Askatu edo moztu. Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak' liburuan. Hezkuntza publikoa eta burujabea defendatu du.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2021eko abenduak 31

Euskal hezkuntza sistemen begirada patriarkala, androzentrikoa, kapitalista eta kolonialista dela argudiatu du Nora Salbotxek (Iruñea, 1973), kaleratu berri duen Askatu edo moztu. Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak liburuan. Amaiurko (Nafarroa) eskolako irakaslea da, eta urteetako esperientziak erakutsi dio hezkuntza «irauli» beharra dagoela.

Hezkuntzan zer askatu behar da, eta zer moztu?

Ez dakit askatu ote daitekeen moztu gabe. 1918an, Eusko Ikaskuntza sortu zen kongresuan, hezkuntza ere jorratu zen, eta hortik atera dut askatu edo moztu ideia. Luis Elizaldek esaten du zilegia, legezkoa eta bidezkoa dela gure hezkuntza sistema edukitzea, euskalduna izango dena, baina, zilegi eta bidezkoa delako, nekez espero dezakegula Madrildik edo Paristik inoiz etorriko zaigunik. Esaten du askatu edo moztu egin beharko dela euskal hezkuntzaren korapilo hau. Duela ehun urteko hausnarketa da, gaur egun arras balekoa zaiguna.

Liburuan aipatzen duzu begirada patriarkala, androzentrikoa, kapitalista, kolonialista eta etnozentrikoa duela curriculumak oinarrian. Zertan nabari da?

Patriarkatuaren zerbitzura sortutako hezkuntza sistemak dauzkagu. Goizean, haur saldo bat daukagu eskola atarian arropa garbiarekin, gosaria prest; eskolaz kanpoko ekintzetarako materiala motxilan izanen dute, norbaitek garbitu duen eskola batean sartuko dira, emakumezko langileek artatuko dituzte normalean... Hori dena ere eskola bizitza sostengatzen duen sare oso bat da, ikusezin bihurtuta dagoena, erabat feminizatuta dagoena. Bistan da curriculumak etnozentristak, homogeneizatzaileak eta neoliberalismoaren interesen zerbitzura egindakoak direla.

Nork erabakitzen du zer ikasten den Euskal Herriko ikastetxeetan?

Iparraldean, dena Paristik dator zuzenean, eta Nafarroan eta EAEn, ehuneko oso handi bat Madrilek ezartzen du. Bada zatitxo bat Hegoaldean autonomiek erabakitzen dutena, baina hori nolabait subkontratatu egiten dugu, argitaletxeen esku uzten baitugu. BERRIAn oso ondo azaldu duzue testuliburuek zenbateraino ez duten jasotzen gure zazpi lurraldeetako mapa.

Edukien inguruko erabakietan gobernuetatik kanpoko beste eragile batzuek ere esku hartzen dutela salatzen duzu.

Irudi luke administrazio publiko batetik datozela, Madrilen eta Parisen kokatuta egonda ere. Baina, horien gainetik, bada —eta hori da egiten dudan beste salaketa bat— neoliberalismoaren esku hartzea. Enpresa handi eta lobby kapitalista horiek badakite etorkizuneko zein langile profil behar duten, eta horretarako prestatzen dituzte hezkuntza sistema guztiak mundu mailan. Badute eragiteko gaitasun bat gobernuengan, gure esparru geopolitikoan, Europako Batasunaren bitartez. Horren ondorio dira Bolonia eta PISA bera. Horrek mundu mailako hezkuntza balio batzuen inguruan homogeneizatzen du.

Liburuan jaso duzunez, XIX. menderako euskaraz irakasten zuten hainbat ikastetxetan, baina debekuak eta zigorrak ere aipatu dituzu. Oraindik piztuta dago hizkuntzaren eztabaida. Zer erakusten du horrek? Nola egin dakioke aurre?

Uztarrotzen [Nafarroa] badira testigantzak, 1855ekoak, nola ari ziren eskatzen etortzekoa zen maisuak edo maistrak euskalduna behar zuela izan, aurreko 80 urteetan hala izan baitzen. Litekeena da eliz kongregazioetan edo udalen esku egoten ziren eskolatxo horietan lehenagotik ere euskara hor egotea, nahiz eta akaso ez den modu ahaldundu, aldarrikatu edo politizatu batean egon. Eta hezkuntza erabili da gaztelera eta frantsesa inposatzeko, baita horiei prestigioa emateko ere.

Posible al da sakoneko eraldaketarik hezkuntza sistemak Frantziako eta Espainiako estatuen menpe dauden bitartean?

Hezkuntza sistema publiko eta burujabe baten aldekoa naiz, eta horretarako euskal errepublika behar dugu. Aldi berean, uste dut euskal errepublika horretarako bidean ezin garela egon x edo e egunaren esperoan, gaurtik hasi beharko dugula hori lantzen.

Lagunduko al luke eskolek eta udalek eskumen gehiago izateak?

Dudarik gabe. Badakit udalak eta udalak badirela, baina badakit indar subiranista garrantzitsu bat dagoela udaletan lanean. Gainera, gertukoena da, eta auzolanetik edo planteamendu komunitaristetatik gertuen egon daitekeena ere bai.

Hezkuntza eredu hau agortuta dagoela eta irauli egin behar dela diozu liburuan. Nola?

Argi izanda deskolonizazio planteamendu bat egin behar diogula hezkuntzari: kanpokoa, barrukoa eta gure baitakoa. Kanpokoa patriarkatua da, neoliberalismoa, neokolonialismoa... Barrukoa esaten dudanean, Frantziak eta Espainiak gurekiko —nazio zapalduarekiko— egiten dutenaz ari naiz. Eta gure baitakoak, gure gorputzak, tasunak eta izateko moduak ezabatzeko nahikeria bat badagoelako. Hau sokatira bat da, baina bertze aldean ez dago nire pareko ikastetxea, dena delako sarekoa izanda ere, baizik eta patriarkatua, Frantzia, Espainia eta kapitalismoa daude.

Eusko Legebiltzarrean hezkuntza legerako akordio bat ontzen ari dira. Zerk eduki behar luke lehentasuna?

Ia marra gorri bat izan behar luke hizkuntzaren kontuak. Gainera, segregazioarekin arazo handi bat dago, eta desegregaziorako herri estrategia sendo bat behar du herri honek.

Zein dira etorkizuneko erronka nagusiak?

Iraultzea, eta, gaurtik eraikiko badugu hezkuntza sistema eta errepublika hori —feminista, soziala eta euskalduna izan beharko duena—, pedagogia feministak behar dira, hizkuntza, parte hartzea; ikasleak subjektu politikoak diren aitortza oso urrun ikusten dut, komunitatea zabaltzea...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Emakundeko zuzendari kargutik kendu dute Izaskun Landaida

Emakundeko zuzendari kargutik kendu dute Izaskun Landaida

Arantxa Iraola - Maite Asensio Lozano

Miren Elgarresta izendatu dute ordezko; Berdintasuneko foru zuzendaria izan da orain arte Gipuzkoan.

Luiziaen ostean zabortegian egindako lanak. ©Jaizki Fontaneda / Fou

Zaldibarko luiziaren aurretik eta ostean Jaurlaritzak Europako legedia bete duela ebatzi du Europako Batzordeak

Iñaut Matauko Rada

Batzordeak dio ez duela lege hausterik ikusi, eta Eusko Jaurlaritzaren jokaera babestu du. Tapiak adierazi du Verter Recycling enpresak 2018ko egonkortasun ikerketa bat ezkutatu ziola Jaurlaritzari.

Jatorriz Hazparnekoa zen gazte bat hil da Frantzian

Berria

Auto istripua izan zuen atzo goizean

Baionako Oihana ikastolako ikasleak, ikasturteko lehen egunean ©Guillaume Fauveau

Euskarazko diktaketa sistema bat garatuko dute, «desgaitasunen bat duten umeen eskolatzea errazteko»

Irati Urdalleta Lete

Ikastolen Elkarteak, Seaskaren Integrazio Batzordeak eta Sortzen elkarteak aurkeztu dute proiektua, Languneren aholkularitzarekin, eta Orai NLP Teknologiak-ek garatuko du. Proiektuaren bidez, desgaitasunak dituzten ikasleek ordenagailuari hitz eginez idatzi eta zuzendu ahal izango dituzte idazlanak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...