jon olano
Udal eta foru hauteskundeak Analisia. ANALISIA

Lurrikararen erreplikak

2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Eta, ustekabean, hordago. Udal eta foru hauteskundeen biharamunean, hazkundeari zenbakiak jartzeko edo kalteen balorazioa egiteko tarterik utzi gabe, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Madrilera begira jarri du hauteskundeen fokua. Alderdiena eta Hego Euskal Herriko instituzioetako akordio posibleena. Lehen aldagai bat zena —bozketa, udazkenean— orain bete-betean sartzen da udalen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioen eta Nafarroako Gobernuaren osaketari buruzko negoziazioetan. Eta dinamika negoziatzaile horretan dauden harremanak arretaz aztertzekoak izango dira.

Batetik, egutegiak markatzen du agenda. Lehena, ekainaren 16an: Nafarroako Parlamentuko Mahaia —eta presidentea— aukeratu beharko dute, eta 17an osatuko dira udalak eta aukeratuko dituzte alkateak. PSNk Parlamentuko Mahaiaren eratzea aurreratu izana ez zen alferrikako mugimendua izan; lehenbizi lotu parlamentua nork gidatuko duen, eta gero gerokoak. Eta gerokoak biharamunekoak izango dira; lehen zalantza argitu da, ozta-ozta bada ere UPN EH Bilduren aurretik geratuta. Espainiako hauteskundeetarako hilabeteren faltan, kostako zaio PSNri Iruñeko alkatetza Joseba Asironen esku uztea.

Ondoren etorriko dira, data jakinik gabe, Nafarroako Gobernuko lehendakariaren izendapena eta gobernuaren osaketa. Zer egin nahi duten alderdiek, hor koska: gaia eta negoziazioak itxi Espainiako Gorteetarako hauteskundeen —eta kanpainaren— aurretik, edo horiek zabalik utzi bozketa igaro arte. Ez alferrik, Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaiak atzo bertan eskatu zion Maria Txibiteri lehenbailehen negozia dezatela Nafarroako Gobernua. PSNk negoziaziorako duen presak emango du pista bat jakiteko sozialistek ezkerrera edo eskuinera begiratuko duten.

Bestetik, PSOEk eta EH Bilduk duten harremanarentzat estres test bat izango dira datozen asteak. Harreman hori zenbateraino den sendoa, edo zenbat duen komenentziako harremanetik. Atzo, Sanchezen iragarpenak sorpresa handia eragin zuen EH Bilduren egoitza nagusian, baina koalizioan jakitun dira bart gaueko olatua ondo hartuta irits daitezkeela Espainiakoetara.

Gainera, atzoko emaitzek arreta jartzen dute PSE-EEren eta EAJren arteko aliantzetan ere. EAJren abaro instituzionala babesleku handia izan da PSE-EEko kide askorentzat, baina, atzo, EH Bilduk dezente hobetu zuen bere gaitasuna PSE-EEri alternatiba erakargarri bat aurkezteko. Adibidez, zenbakiek ematen dute PSE-EEk Gipuzkoako Foru Aldundian edo Gasteizko udal gobernuan jarraitzeko. Baita Arabako Diputazioan ere, ekuazioan Elkarrekin Podemos sartuta. Ezkerreko hirukoa orain arte gehiago izan da aukera bat errealitate politiko bat baino, baina, aukera gisa, indarra irabazi du igande gauaz geroztik. Jada ez du hainbesteko hotzik egiten EAJtik kanpo. Eta, testuinguru horretan, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak epe ertainera begiratu beharko du, alderdiak zer rol jokatu nahi duen pentsatzeko. Euforiak euforia, igandeko emaitzak ez baitira onak sozialistentzat: 2019tik 27.000 boto galdu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, non eta EAJk 80.000 boto inguru galdu zituen testuinguru batean. Hau da, ez da gai EAJren beherakada kapitalizatzeko.

Azkenik, Sanchezek eta PSOEk kolpe handia hartu zuten igandean Espainian; PPren mamua gertuago ikusten da orain. Alberto Nuñez Feijook gobernatzearen hipotesiak ere eragingo du Euskal Herrian; Madrilgo gobernabidetik aterako luke EH Bildu... eta horretarako lehiakiderik gabe utzi EAJ.

Jakina da jeltzaleak aspaldian ari direla PPrekiko harremana limurtzen, bereziki Nuñez Feijook PPren buruzagitza hartu duenetik, baina jeltzaleen eta popularren arteko harremana zer-nolakoa izan daitekeen ikusteko, lehen zantzu batzuk utziko ditu udalen eta batzar nagusien eraketan: Gipuzkoako Aldundiaren giltza, esaterako, PPren esku dago. Eta, beraz, kalkulua egin beharko du EAJk; zenbateraino interesatzen zaion PPrekin aliantzetan sartzea instituzioei eusteko, jakitun agian pauso horrek berak hauspo handiagoa eman diezaiokeela EH Bilduri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.