Jakes Esnalen aferan fiskalak ukan jarrera salatu du Etxerat-ek

Etxerat elkarteko kideak, atzo, Baionan, Jakes Esnalen aferari buruzko prentsaurrekoan. FRANÇOIS BERLAND.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
«Ez bada mendekua, ez bada xantaia, zer izaten ahal da ukapen sistematiko horien arrazoia? Sufrimendua muturrera eramateko asmoa? Heriotzaraino?». Galdera horiek egin ditu Etxerat elkarteak, Baionan, Jakes Esnal euskal presoaren aferan fiskalaren erabakia salatzeko emandako prentsaurrekoan. Esnalek baimena eskatu zuen bizpahiru orduko kirol ibilaldi baterako kartzelatik ateratzeko, beste preso batzuekin batera presondegiko zaindarien zaintzapean irteteko. Zigorrak Ezartzeko epailea neurriaren alde azaldu zen, baina terrorismoaren kontrako fiskalak helegitea ezarri zuen berehala, eta Esnal ezin izan zen espetxetik atera.

Gizarteratzeaz arduratzen den zerbitzuak ere irteera baimenaren alde zeuden. «Ez dago inolako dudarik Esnalen jarrerari etakirol baimenaren koadroaren errespetuari buruz», adierazi du Maritxu Paulus Basurko abokatuak, Baionan. Espetxeko zuzendariak ere «oso aldeko iritzia» eman zuen, haren jarrera «eredugarritzat» jota. «Esnalen espetxeratzea inolako arazorik gabe gertatu da orain arte; ateraldi baterako baimenak zentzu osoa du», Paulus Basurkoren arabera.

Abokatuak «kezkagarritzat» jo du egoera. Esnalek egina du baldintzapean aske geratzeko eskaera, eta martxoaren 13an aztertzekoa dute haren kasua. Paulus Basurkok uste du jarrera horrek agerian uzten duela fiskalak ez duela «inondik ere» onartuko Esnal eta harekin batera atxilotu zituztenak baldintzapean aske uztea —kasu berean dira Frederique Haranburu eta Ion KepaParot euskal presoak—.

Frantziako Estatuko espetxeetan diren bertze euskal preso batzuen kasuak ere oroitu dituzte: Lorentxa Beirierena eta Ibon Fernandez Iradirena, erraterako,prokuradoreak trabatuak baititu baldintzapean aske ateratzeko eskaerak. Bide beretik, Etxerat-ek gogor salatu du David Pla euskal preso ohiaren atzoko atxilotzea.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteari zuzendu dizkiote agerraldiko azkeneko hitzak: «Hitzetatik ekintzetara pasatzea eskatzen diogu, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean. Arduraz jokatzeko eskatzen diogu Frantziako Estatuari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.