BIHITEGIA BERREGIN BEHAR DENEAN

Errusiaren inbasioaren ondorioz, garia %35 garestitu da urtarriletik, eta artoa %40; horrek handitu egin ditu abeltzaintzaren kostuak. Elikagai industriak ere arazoak ditu, Ukrainako ekilore olioa falta dela eta. Lugorri utzitako lurrak ereitea baimendu du EBk, eta Nafarroako Gobernuak 16.000 hektarea aktibatu ditu.

joxerra senar
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
XIX.mendearen erdialdean ere gertatu zen. 1853an hasitako Krimeako gerrak hiru urte iraun zuen, eta, gatazka haren ondorioz, garia garestitu egin zen Europa osoan. Hainbeste, ezen mende eta erdi beranduago oraindik ere lehen sektorearen memoria kolektiboan baitago iltzatuta. Ukraina munduko zereal eta ekilore ekoizle nagusietakoa da, eta, inbasioarekin, Errusiak gerraren sua piztu du Europako bihitegian. Inork ez daki zenbat iraungo duen gatazka armatuak, baina lehengai eskasia arazo handiago ez bihurtzeko bihitegia berregin beharra dago, inportazioen bidez eta, denborarekin, horniduran eragindako etena estaliz.

Europako Batzordeak aurreikusten du aurtengo zereal kanpainarako 131 milioi tona gari, 52 milioi tona garagar eta 69 milioi tona arto biltzea Europako Batasun osoan. Aldi berean, aurten espero zen Ukrainak 33,5 milioi tona arto eta 24 milioi tona gari ekoiztea, eta horietatik erdiak inguru esportatzeko asmoa zuen, gehienbat Europara.

Beste hornidura arazo handia ekilorearena da. EBn urtebetean 10,6 milioi tona ekoitzi ohi dira, eta Ukrainako esportazioen menpe egon ohi da, Errusiarekin batera munduko ekoizle nagusia baita: hamazazpi milioi tona urtean.

Eztandak berehalako uhinak eragin ditu nazioarteko elikagai merkatuetan. Urtarriletik, irinerako garia %35 garestitu da, animalien pentsurako erabili ohi diren garagarra eta garia beste horrenbeste, eta artoa %40. «Eguneroko lana asko zaildu zaigu. Gerrak ziurgabetasun handia eragin du zereal inportazioetan, eta prezioak asko aldatzen ari dira»,azpimarratu du AN kooperatiba taldeak.

ANk Taxoaren du egoitza (Aranguren, Nafarroa), eta Euskal Herriko zereal ekoizlerik handiena da. «Inportatzen den zerealaren %70 dator Ukrainatik, Errusiatik eta inguruko herrialdeetatik». Taldeak kezka azaldu du artoarekin. «Inportazioen %22 Ukrainatik datoz, eta orain falta den kopuru horrek beste herrialdeetatik etorri beharko du; adibidez, Estatu Batuetatik eta Argentinatik».

«Egoera oso konplikatua da», esan du Jose Mari Martinez UCAN Nafarroako elikagai kooperatiben elkarteko presidenteak. «Kontsumitzen dugun zerealaren %30 ekoizten dugu soilik. Behar hori Ukrainak betetzen digu batez ere». Batik bat abereei jaten emateko erabili ohi da, eta horregatik uste du egoeraren «kaltetu nagusiak» abeltzainak direla.

Beste kaltetuetako bat elikagai industria da. Gerra hastearekin batera, San Adriango General Mills enpresak aldi baterako espedientea iragarri zuen, Ukrainatik inportatutako ekilore olioa falta zitzaiolako. Martinezen arabera, enpresa gehiagok nabaritu dute eskasia: «Congelados de Navarrak olioa behar du, eta AN taldeko enpresa batzuk geldirik daude horregatik». Hori dela eta, kooperatibek erabaki dute aurtengo kanpainako ekilore haziak gordetzea: «Buelta eman nahi izan diogu egoerari. Andaluziatik haziak xehatu ohi dituzten enpresak ate joka ari zaizkigu, baina esan diegu ez diegula salduko.Alderantziz, xehatzeko enpresak alokatu nahi ditugu ekilore olioa ekoizteko. Elikagai industriako enpresak geldirik daude, eta ekilore olioa funtsezko lehengaia da kontserbak prestatzeko».

Lehen neurriak

Ostegunean elkartu zen Nafarroako Gobernua lehen sektoreko eragileekin —UCAN, AN, nekazaritza sindikatuak eta elikagai klusterra—. Alde batetik, Europako Batasunak larrialdi egoerei aurre egiteko 500 milioi aktibatu ditu, eta horietatik baliteke hiru milioi inguru iristea Nafarroara. Bileran, sektorearekin kontsultatu zen non egon ote daitezkeen beharrik handienak: bat datoz abeltzaintza dela sektorerik kaltetuena. Gainera, EB prest azaldu da Nekazaritza Politika Bateratuko neurriak malgutzeko: alde batetik, urrian kobratu beharreko laguntza zuzenak aurreratuko ditu; bestetik, lugorri utzitako lurrak berraktibatuko dituzte.

Urtebeteko atsedenerako erein gabeko lur horietatik 16.000 hektarea erabil daitezke laborantzan, Nafarroako Gobernuaren arabera. Udaberria hasi berri dela aintzat hartuta eta merkatuaren beharrak ikusita, bi alternatiba nagusi daude: ekilorea eta artoa.

Amaia Caballero Intiako teknikariaren arabera, Nafarroa erdialdeko ureztatze sistemak darabiltzaten laborariek deitu egin diete ekilorea jartzeko aukera aztertzeko. Artoaren aldean, ekiloreak abantaila bat du: arrisku ekonomikoa apalagoa du. «Ongarri nitrogenatua ohi baino hiru edo lau bider garestiago dago, eta ekiloreak baino hiru aldiz ongarri gehiago behar du artoak. Gainera, grabitate bidezko ureztatze sistema ez dutenekargindarra edo gasolioa behar dute ura ponpatzeko; oso garestia da». Haren esanetan, hektareako hamabost tona arto atera ohi dituzten lurretan ez dute zalantzarik, baina bai errendimendu apalagoko lurretan: «Diru asko inbertitu behar dute, eta ez dakite errentagarri aterako zaien. Arto tona garesti dago, eta ematen du hala egongo dela, baina hala ez balitz?».

Nafarroan, ekilorea errotaziorako labore gisa erabili ohi da Estellerrian eta Iruñerri ingurukoharanetan. Hori egiten dutenetako bat Miguel Unzue Eloko laboraria da. «Lurrak atseden hartu behar du, eta horretarako egokia da ekilorea. Beti sail berean garia jarriz gero, urteren batean ez luke emango». Nahiz eta oraintxe ekilore behar handia izan eta prezioak ohi baino lau aldiz garestiago egon, Unzuek zehaztu du orain dirua aurreratu besterik ez dutela egiten: «Gastatu eta gastatu, orain ez dugu besterik. Gasolioa dagoen bezala dago, ongarria ere bai, eta nork esaten dit hilabete batzuk barru ez dutela Australiatik ekarriko eta ez direla prezioak amilduko?».

Zerealak eta koltza udazkenean erein ohi dira; ekilorea ereiteko garaia orain hasiko da. Beste ziklo batean lantzeak aukera ematen die laborariei «belar txarrak kontrolatzeko». Unzueren arabera, udan erabaki ohi dute lursail bakoitzean zer erein, eta ekilorerako egokitutako lurretan aurreko uztako haziak lurperatzen dituzte, «izan onak, izan txarrak. Horiek neguan berriro jaioko dira, baina landarea ateratzen denean, makina pasatu eta hazia hiltzen da. Ez da herbizidarik behar».

Dena den, edozein lursailek ez du balio. Sakona izan behar du, eta hezea. Sustraiak bertikalki egiten du behera zoruan, garia edo garagarra baino sakonago heltzen da, eta bertatik hartzen ditu nutrienteak: «Ekilorea ereinez gero, lurrari oxigenoa emango bazenio bezala da, eta ez du hainbeste ongarri behar», azaldu du Caballerok. Unzuek zehaztu du lurra zenbat eta sakonago sustraia orduan eta beherago heltzen dela eta landarea gorago hazten dela. «Lursail berean ikus ditzakezu bi metroko ekiloreak eta metro erdikoak. Lurraren sakontasuna adierazten du horrek».

Caballerok azaldu du neguan ura metatu duten lurrak izan behar direla: «Nafarroa erdialdean eta Erriberan derrigorrez ureztatu behar dira, hezetasuna behar baitu hazteko» Horregatik, lugorri utzitako lursail bakoitzak ekilorea har dezakeen aztertu beharko da, banaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.