Albistea entzun

BIHITEGIA BERREGIN BEHAR DENEAN

Errusiaren inbasioaren ondorioz, garia %35 garestitu da urtarriletik, eta artoa %40; horrek handitu egin ditu abeltzaintzaren kostuak. Elikagai industriak ere arazoak ditu, Ukrainako ekilore olioa falta dela eta. Lugorri utzitako lurrak ereitea baimendu du EBk, eta Nafarroako Gobernuak 16.000 hektarea aktibatu ditu.
Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2022ko martxoak 27

XIX.mendearen erdialdean ere gertatu zen. 1853an hasitako Krimeako gerrak hiru urte iraun zuen, eta, gatazka haren ondorioz, garia garestitu egin zen Europa osoan. Hainbeste, ezen mende eta erdi beranduago oraindik ere lehen sektorearen memoria kolektiboan baitago iltzatuta. Ukraina munduko zereal eta ekilore ekoizle nagusietakoa da, eta, inbasioarekin, Errusiak gerraren sua piztu du Europako bihitegian. Inork ez daki zenbat iraungo duen gatazka armatuak, baina lehengai eskasia arazo handiago ez bihurtzeko bihitegia berregin beharra dago, inportazioen bidez eta, denborarekin, horniduran eragindako etena estaliz.

Europako Batzordeak aurreikusten du aurtengo zereal kanpainarako 131 milioi tona gari, 52 milioi tona garagar eta 69 milioi tona arto biltzea Europako Batasun osoan. Aldi berean, aurten espero zen Ukrainak 33,5 milioi tona arto eta 24 milioi tona gari ekoiztea, eta horietatik erdiak inguru esportatzeko asmoa zuen, gehienbat Europara.

Beste hornidura arazo handia ekilorearena da. EBn urtebetean 10,6 milioi tona ekoitzi ohi dira, eta Ukrainako esportazioen menpe egon ohi da, Errusiarekin batera munduko ekoizle nagusia baita: hamazazpi milioi tona urtean.

Eztandak berehalako uhinak eragin ditu nazioarteko elikagai merkatuetan. Urtarriletik, irinerako garia %35 garestitu da, animalien pentsurako erabili ohi diren garagarra eta garia beste horrenbeste, eta artoa %40. «Eguneroko lana asko zaildu zaigu. Gerrak ziurgabetasun handia eragin du zereal inportazioetan, eta prezioak asko aldatzen ari dira», azpimarratu du AN kooperatiba taldeak.

ANk Taxoaren du egoitza (Aranguren, Nafarroa), eta Euskal Herriko zereal ekoizlerik handiena da. «Inportatzen den zerealaren %70 dator Ukrainatik, Errusiatik eta inguruko herrialdeetatik». Taldeak kezka azaldu du artoarekin. «Inportazioen %22 Ukrainatik datoz, eta orain falta den kopuru horrek beste herrialdeetatik etorri beharko du; adibidez, Estatu Batuetatik eta Argentinatik».

«Egoera oso konplikatua da», esan du Jose Mari Martinez UCAN Nafarroako elikagai kooperatiben elkarteko presidenteak. «Kontsumitzen dugun zerealaren %30 ekoizten dugu soilik. Behar hori Ukrainak betetzen digu batez ere». Batik bat abereei jaten emateko erabili ohi da, eta horregatik uste du egoeraren «kaltetu nagusiak» abeltzainak direla.

Beste kaltetuetako bat elikagai industria da. Gerra hastearekin batera, San Adriango General Mills enpresak aldi baterako espedientea iragarri zuen, Ukrainatik inportatutako ekilore olioa falta zitzaiolako. Martinezen arabera, enpresa gehiagok nabaritu dute eskasia: «Congelados de Navarrak olioa behar du, eta AN taldeko enpresa batzuk geldirik daude horregatik». Hori dela eta, kooperatibek erabaki dute aurtengo kanpainako ekilore haziak gordetzea: «Buelta eman nahi izan diogu egoerari. Andaluziatik haziak xehatu ohi dituzten enpresak ate joka ari zaizkigu, baina esan diegu ez diegula salduko. Alderantziz, xehatzeko enpresak alokatu nahi ditugu ekilore olioa ekoizteko. Elikagai industriako enpresak geldirik daude, eta ekilore olioa funtsezko lehengaia da kontserbak prestatzeko».

Lehen neurriak

Ostegunean elkartu zen Nafarroako Gobernua lehen sektoreko eragileekin —UCAN, AN, nekazaritza sindikatuak eta elikagai klusterra—. Alde batetik, Europako Batasunak larrialdi egoerei aurre egiteko 500 milioi aktibatu ditu, eta horietatik baliteke hiru milioi inguru iristea Nafarroara. Bileran, sektorearekin kontsultatu zen non egon ote daitezkeen beharrik handienak: bat datoz abeltzaintza dela sektorerik kaltetuena. Gainera, EB prest azaldu da Nekazaritza Politika Bateratuko neurriak malgutzeko: alde batetik, urrian kobratu beharreko laguntza zuzenak aurreratuko ditu; bestetik, lugorri utzitako lurrak berraktibatuko dituzte.

Urtebeteko atsedenerako erein gabeko lur horietatik 16.000 hektarea erabil daitezke laborantzan, Nafarroako Gobernuaren arabera. Udaberria hasi berri dela aintzat hartuta eta merkatuaren beharrak ikusita, bi alternatiba nagusi daude: ekilorea eta artoa.

Amaia Caballero Intiako teknikariaren arabera, Nafarroa erdialdeko ureztatze sistemak darabiltzaten laborariek deitu egin diete ekilorea jartzeko aukera aztertzeko. Artoaren aldean, ekiloreak abantaila bat du: arrisku ekonomikoa apalagoa du. «Ongarri nitrogenatua ohi baino hiru edo lau bider garestiago dago, eta ekiloreak baino hiru aldiz ongarri gehiago behar du artoak. Gainera, grabitate bidezko ureztatze sistema ez dutenek argindarra edo gasolioa behar dute ura ponpatzeko; oso garestia da». Haren esanetan, hektareako hamabost tona arto atera ohi dituzten lurretan ez dute zalantzarik, baina bai errendimendu apalagoko lurretan: «Diru asko inbertitu behar dute, eta ez dakite errentagarri aterako zaien. Arto tona garesti dago, eta ematen du hala egongo dela, baina hala ez balitz?».

Nafarroan, ekilorea errotaziorako labore gisa erabili ohi da Estellerrian eta Iruñerri inguruko haranetan. Hori egiten dutenetako bat Miguel Unzue Eloko laboraria da. «Lurrak atseden hartu behar du, eta horretarako egokia da ekilorea. Beti sail berean garia jarriz gero, urteren batean ez luke emango». Nahiz eta oraintxe ekilore behar handia izan eta prezioak ohi baino lau aldiz garestiago egon, Unzuek zehaztu du orain dirua aurreratu besterik ez dutela egiten: «Gastatu eta gastatu, orain ez dugu besterik. Gasolioa dagoen bezala dago, ongarria ere bai, eta nork esaten dit hilabete batzuk barru ez dutela Australiatik ekarriko eta ez direla prezioak amilduko?».

Zerealak eta koltza udazkenean erein ohi dira; ekilorea ereiteko garaia orain hasiko da. Beste ziklo batean lantzeak aukera ematen die laborariei «belar txarrak kontrolatzeko». Unzueren arabera, udan erabaki ohi dute lursail bakoitzean zer erein, eta ekilorerako egokitutako lurretan aurreko uztako haziak lurperatzen dituzte, «izan onak, izan txarrak. Horiek neguan berriro jaioko dira, baina landarea ateratzen denean, makina pasatu eta hazia hiltzen da. Ez da herbizidarik behar».

Dena den, edozein lursailek ez du balio. Sakona izan behar du, eta hezea. Sustraiak bertikalki egiten du behera zoruan, garia edo garagarra baino sakonago heltzen da, eta bertatik hartzen ditu nutrienteak: «Ekilorea ereinez gero, lurrari oxigenoa emango bazenio bezala da, eta ez du hainbeste ongarri behar», azaldu du Caballerok. Unzuek zehaztu du lurra zenbat eta sakonago sustraia orduan eta beherago heltzen dela eta landarea gorago hazten dela. «Lursail berean ikus ditzakezu bi metroko ekiloreak eta metro erdikoak. Lurraren sakontasuna adierazten du horrek».

Caballerok azaldu du neguan ura metatu duten lurrak izan behar direla: «Nafarroa erdialdean eta Erriberan derrigorrez ureztatu behar dira, hezetasuna behar baitu hazteko» Horregatik, lugorri utzitako lursail bakoitzak ekilorea har dezakeen aztertu beharko da, banaka.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Khurais petrolio hobiko instalazioak, Saudi Arabian. ©AHMED AL-THANI / SAUDI ARAMCO

Saudi Arabiako koroaren bitxia

Julen Otaegi Leonet

Saudi Aramco petrolio konpainiak inoizko irabazirik handienak izan ditu urteko lehen seihilekoan. Are gehiago: produkzioa handitu nahi du. Munduak gero eta erregai gehiago eskatzen duen honetan, Aramcok ez du nahi petrolioa atzean geratzerik. 2027rako 13 milioi upel ekoitzi nahi ditu egunean.
Gazpromen egoitza San Petersburgon (Errusia). ©ANATOLY MALTSEV / EFE

Gazpromek hiru egunez Nord Stream 1 gasbidea itxiko du hilabete bukaeran

Irune Lasa

Konponketa lana egin behar dituela eta, Errusiako konpainiak abuztuaren 31tik irailaren 2ra ez du gasik bidaliko Baltikoko gasbidetik. Atzera martxan jartzean hornidura ahalmenaren %20 soilik erabiltzen jarraituko duela zehaztu du Gazpromek.

Olaf Scholz kantzilerra, Berlinen egindako agerraldi batean, atzo ©CLEMENS BILAN / Efe

Alemaniako enpresak laguntzeko plana onartu du Bruselak

Jokin Sagarzazu

Argindarraren prezioaren igoerari aurre egiteko, Berlinek 27.500 milioi euro banatuko ditu datozen urteetan. Elektrizitate kontsumoaren %30 iturri berriztagarriekin bete beharko dute enpresek.

La Union konpainiako autobus bat ©ELA

La Union autobus konpainiako zazpi langile kaleratu dituzte

Jokin Sagarzazu

ELAk adierazi du enpresak urteak daramatzala lan baldintzak okertzen eta egoera eutsiezina dela. Gogorarazi du enpresak diru publikoarekin finantzatzen dituela zenbait zerbitzu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.