Albistea entzun

Rockaren suak piztuta dirau

Gasteizko Azkena Rock jaialdian eskainitako emanaldiaren ondotik, Euskal Herrira itzuliko da Patti Smith; Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da gaur iluntzean. Punk-rockaren ikur handienetako bat da, eta Donostian emango dio amaiera Europa osoan egindako kontzertu birari.
Patti Smith iragan ekainean, Gasteizko Azkena Rock jaialdian.
Patti Smith iragan ekainean, Gasteizko Azkena Rock jaialdian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2022ko irailak 28

Artean iristear zegoen uda lehorraren atariko gau tropikala izan zen Gasteizen: bero gogaikarria eta euri zaparrada ahulak, tarteka mehatxu egiten zuten oinaztargiekin batera. Agertokian, energia soberan zuen abeslari bat, milaka jarraitzaileren koru batek lagunduta, boterea herritarrena dela eta gauak maitaleenak direla aldarrikatzen. Ekaina zen, eta Patti Smithek errezital kolosal batekin borobildu zuen Azkena Rock jaialdiaren 20. urtemuga. Hiru hilabete igaro dira kontzertu gogoangarri hartatik, eta New Yorkeko punk-rockaren aitzindarietako bat Euskal Herrira itzuliko da berriz. Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da gaur, hain zuzen ere, 20:00etan, orduko hartan utzitako aho zapore gozo hura errepikatzeko asmoz.

Rockaren historiako izen handietako bat da Smithena. 75 urte ditu, eta horregatik, beharbada, haren kontzertu bakoitza emanaldi bakan bilakatu da kasik-kasik. 1975. urtean, punkaren loraldi betean kaleratu zuen Horses disko laudatuarekin hasi zuen bere ibilbidea, eta, harrezkero, ia dozena bat lan argitaratu ditu: Radio Ethiopia, Easter, Wave, Dream of Life, Gone Again, Peace and Noice, Gung Ho... 2012an eman zuen orain arteko azkena: Banga.

Ez du amaitutzat eman nahi bide hori, edonola ere; azkenekotik hamar urte pasatu diren honetan, beste lan bat kaleratu nahiko luke musikariak. Hala aitortu zuen martxoan, The Guardian egunkariari eskainitako elkarrizketa batean. «Planak baditut, eta abesti asko idatzi ditut», adierazi zuen. «Beste disko bat egin nahi nuke, eta nire diskoetxeak, Columbiak, eskuzabaltasunez irekita utzi du atea».

Hain zuzen ere, etenaldi bat egingo du horretarako Smithek, eta Euskal Herrian eskainiko du eten horren aurreko azken emanaldietako bat. Bertan emango dio amaiera Europa osoan egin duen kontzertu birari. Oholtzan lagun izango ditu bere ohiko kideak: Tony Shanahan baxu jotzaile eta teklista, Seb Rochford bateria jotzailea eta bere seme Jackson Smith gitarrista. Fred Smith MC5 taldeko kide ohia da (1994an hil zen) semearen aita, eta, abeslariak aitortu duenez, oholtza semearekin partekatzea harengandik «gertu» sentitzeko modu bat da.

Hitzetatik musikara

Aurrez ere behin baino gehiagotan eten du bere ibilbidea, baina inoiz ez da geldirik egon. Izan ere, artista polifazetikoa da Smith; musikaria eta artista bisuala da, baina idazketa da haren sormenaren oinarria (beti aitortu izan du musikarako bidea letretatik egin zuela). Horren erakusgarri dira haren azken lanak, esaterako: batetik, azaroan kaleratuko duen A Book of Days izeneko liburua, artistaren argazkiak eta gogoetak bilduko dituena; eta, bestetik, Parisko Pompidou zentroan urrian ikusgai jarriko duen diziplina anitzeko lanen erakusketa.

Idazle gisa dozenatik gora argitalpen ditu, hala ere —2010ean AEBetako National Book Award sari nazionala jaso zuen Just Kids liburuagatik—. Eta haren argazkiak, marrazkiak eta instalazioak ere mundu osoko galeria eta museoetan erakutsi dira. Musikaren alorrean ere, hastapenetatik izan dute haren lanek entzuleen aitortza.

Hain zuzen, bereziki punk eta rock doinuak olerkiekin uztartzeko izan zuen modu bereziak eman zion sona artistari rockaren eszenan. Ahots urratu eta adierazkorra ikur, ikuspegi feminista eta intelektuala erantsi zion punk-rock musikari Smithek ordu hartan. Eta ildo hori du oraindik iparrorratz.

Emir Kusturika, urrian

Patti Smithen gaurko emanaldiak emango dio hasiera Donostiako Kursaal Eszenaren denboraldiari, baina beste dozena bat kontzertu izango dira hurrengo aste eta hilabeteetan.

Urriaren 13an, esaterako, Emir Kusturika ariko da The No Smoking Orchestrarekin, zeinak 20 urteren ondoren agur esango dien oholtzei bira amaitu ondoren. Mahler Chamber Orchestraren eta Mitsuko Uchida pianistaren kontzertuak itxiko du denboraldia, urtarrilaren 13an.

PATTI SMITH & THE BAND
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Donostiako Kursaalean.
Sarrera. 80 euro (eskuragarri daude oraindik Kursaal.eus-en)

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa, 2 itzulia: Bilbo

Bilbon erabakiko da zein zazpi bertsolari sailkatuko diren finalerako

Olatz Enzunza

Zazpigarren eta azken finalaurrekoa jokatuko da gaur Bilbon. Aitor Mendiluze Gonzalez, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, eta Saioa Alkaiza Guallar arituko dira kantuan. Idoia Anzorandia Kareaga izango dute gai jartzaile.
 

Aitor Mendiluze eta Amets Arzallus, atzo, elkarrekin kantuan, hamarreko txikiko ariketan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ez da ate ondoan geratu

Miren Mujika Telleria

Amets Arzallusek Bilbon irabazi ondoren, erabakita gelditu da finala. Harekin batera ariko dira Illarregi, Ibarzabal, Gaztelumendi, Colina, Mendiluze, Martin eta Lujanbio
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Beharbada gu ere iraultza bat bizitzen ari gara»

Itziar Ugarte Irizar

Etorkizun hurbilean, Parisen, hiria errefuxiatu klimatikoz beteta dagoenean eta ia jende guztiak errealitate birtualerako betaurrekoak aldean daramatzan inguru batean girotu du idazleak 'Berriz zentauro' eleberria. Agertokiak agertoki, baina, adin ertaineko emakume baten galderak ikusten ditu ardatzean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...