Hitz bakoitzagatik borrokan

Jokin Erkorekak 'Banda' izeneko olerki liburua kaleratu du, Erein argitaletxearekin. Haren lehen obra da, eta iazko Blas de Otero - Bilbo Uria poesia lehiaketa irabazi ostean iritsi da

Banda poema liburuaren egilea, Jokin Erkoreka, Donostiako udal liburutegian egindako aurkezpen agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
Donostia
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Musikari eta idazle izaerak uztartu ditu Jokin Erkorekak (Bermeo, Bizkaia, 1991) kaleratu berri duen Banda olerki liburuan. Erkorekaren opera prima da, eta Nazioarteko XIII. Blas de OteroBilbo Uria poesia lehiaketa irabazi zuen iaz. Atzo, Donostiako udal liburutegian aurkeztu zuen, Erein argitaletxeko Inazio Mujika editorearekin batera.

Orain arte, olerkigintzarekin «oso hertsiki lotuta» ez egonagatik ere, Erkorekak argitu du «irakurzaletasunarekiko pasioagatik» idatzi duela, eta «zinez pozik» agertu da erdietsitako emaitzarekin. Haxotz musika taldearekin estudioko bost album kaleratu ditu, baina literatur lan berriarekin «orain arte ukitu gabeko kristalezko sabai bat» apurtu du Erkorekak. Xede horren atezuan, adierazi duenez, «edozeinek irakurtzeko moduko artefaktua» ondu du, «masentzat diseinatutakoa ez den arren».

Banda bost atalek osatzen dute: Goiza, Eguerdia, Arratsa, Iluntzea eta Gaua. Idazlearen musikari senak, baina, atal bakoitza interludioz lotzera gidatu du. Erkorekak Banda zatiz zati xehatu du aurkezpenean.

Lehendabiziko atala «mundu ikuspegia erakusteko barne borroka» gisa definitu du; bigarrenean, «naturari» erreparatu dio; hirugarrenean, berriz, «etxeari»; laugarren olerki multzoa «kezka pertsonalena» da, hala nola «transformazioa, zahartzea, gauzak esateko presa eta berehalakotasuna»; azkenak, ostera, «epilogo itxura» du.

Interludio bakoitzean, Erkorekak erreferentziatzat dituen autoreen obretako aipuak daude: T. S. Elioten The Waste Land-ekoa, Kurt Vonneguten Slaughterhouse-five-koa, Albert Camusen Le Mythe de Sisyphe-ekoa, David Foster Wallacen This is water hitzaldikoa eta Gabriel Arestiren Olerkaria liburukoa. Idazle horiek hautatzearen arrazoia «bizitzarekiko ikuspegia irudi ederrekin kanporatzeko gaitasuna» da.

Leku berezia Arestiri

Aresti da, hain zuzen ere, Erkorekaren inspirazio literariorik esanguratsuena: «Bai bere estilo partikularragatik, bai euskararen alde egindako guztiagatik, asko miresten dudan egilea da». Elhuyar fundazioa eskertzeko tartea ere hartu du, «Arestik, bere garaian, eduki ez zituen baliabideak izan ditut eskuragarri; batik bat, hiztegia».

Mujika editoreak, obra aurkezterakoan, liburuak atzealdean dakartzan Igor Estankonaren hitzetara jo du: «Liburu fina eta kultua da, baita gordina eta sentibera ere; asko irakurri dutenen lanak izan ohi dira horrelakoak». Hura irakurtzea musika emanaldi batera joatearekin alderatu du: «Publikoak, amaieran, beste bat eskatuko du, alegia, beste poema bat».

Aurkezpen ekitaldian, Erkorekak Heriotza V izeneko olerkia irakurtzeko parada izan du; oraintsu zendutako Iñigo Perez Gervasioren omenez idatzi zuen poema hori, eta Erkorekak aitortu du «sakonki hunkitzen duten lerroak» direla.

Sormen prozesuaz itaunduta, argitu du olerkiak egiteko bideak «gutxi samar» duela amankomunean abestiak egiteko metodoarekin. Izan ere, kantugintzan diharduenean, oinarri instrumentala eraikitzen du lehenengo, ondoren hitzak hartzeko; idazle lanetan dabilenean, ordea, kontzeptuetatik abiatzen da: «Olerkigintzan, azaleratu nahi ditudan kontzeptuek betetzen dute riff edo melodiaren egitekoa».

Bestalde, aitortu du liburuko testu batzuek mendebaldeko hizkeraren kutsua agertzen duten zenbait hitz dituztela: «Bizitza osoan bizkaieraren eta euskara batuaren inguruan mugitu izan naiz, bizi izan naizen toki ezberdinetan; beraz, bietatik edaten dut». Alde horretatik, «hitz bakoitzagatik» borrokatu duela adierazi du.

Letragintzaz mintzatzean, Mikel Laboa, Gorka Urbizu eta Touche Amore taldeko Jeremy Bolm laudatu ditu: «Musikariak dira, ni bezala, baina haien idazteko moldeak badu zerbait bereizgarria; oso bereziak dira, eta izugarri inspiratzen naute».

Gustave Flauberten Le mot juste aipuaz ere gogoratu da: «Sentitzen nuena azaleratzeko bidean, adierazpide perfektuen bila ibili naiz, zorroztasunez. Nire ustez, euskaraz poesia idazteak, nolabait, badu zeozer erresistentzia eta maitasun ariketatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.