Albistea entzun

LEKUA EGIN NAHIAN

Zinema areto, jaialdi eta ziklo gehienetan, euskarazko filmen eta azpidatzien presentzia txikiagoa da beste hizkuntzetakoekin alderatuta. Hainbat eragilek azaldu dute pixkanaka kopuru hori handituz doala, baina ehunekoei erreparatuta, salbuespenak salbuespen, oreka lortzetik urrun dago oraindik.
Herritar bat, asteon, Donostiako areto bateko karteldegiari begira.
Herritar bat, asteon, Donostiako areto bateko karteldegiari begira. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola Ainize Madariaga -

2022ko urtarrilak 16

Igandez hurbildu ohi da zale ugari zinema aretoetara. Gaurko karteldegiari begiratzen badio, 100 días con la Tata, El contador de cartas, Licorice Pizza, Mamá o papá, Matrix: Resurrections, Spider-Man: No way home, Lamb, Una librería en París, West Side Story, Mes frères et moi edo ¡Canta 2! izenburuak irakurriko ditu afixetan, beste askoren artean. Zabala da eskaintza, baina ez horrenbeste hizkuntzari erreparatuta. Gazteleraz edo frantsesez bikoiztuak daude ikusgai jatorriz hala ez direnak, edo jatorrizko bertsioan baina erdarazko azpidatziekin gutxi batzuk. Euskaraz, aldiz, bi lan baino ez uneotan: Ilargirantz haurrentzako filma Iruñea, Donostia, Errenteria (Gipuzkoa), Bilbo, Durango edo Getxoko (Bizkaia) zenbait aretotan, eta Apaiz kartzela Donostian. Besteen aldean, euskarazko lanak ez dira asko izaten aretoetan, ezta euskarazko azpidatziak dituztenak ere. Jaialdi eta zikloetan ere, salbuespenak salbuespen, ez dira gehiengoa. Eskaintza pixkana handituz doala azaldu dute hainbat eragilek, baina leku gutxiago du euskarak oraindik.

Zineuskadik martxan jarritako Zinema Euskaraz programaren bidez heltzen dira euskarazko lan asko aretoetara, Ilargirantz, adibidez. «Saiatzen gara eskaintza sendotzen eta hilean behin lan bat aretoetan izaten», azaldu du Mar Izquierdok, programaren arduradunak. Euskaraz bikoiztutako lanen estreinaldiak sustatzen ditu egitasmoak, laguntzen bidez.

Hamar urte beteko ditu aurten, eta, denbora horretan, zortzi eta hamalau film artean bikoiztu ditu urtero. Guztira, 119. «Normalean, hamar bat izaten dira urtean, baina aurrekontuaren araberakoa da; film batek pertsonaia asko baditu, aurrekontua igotzen da, baina gutxiago badira, agian gehiago egiteko aukera dugu». Pandemia dela eta, azken bi urteetan gutxiago izan direla azaldu du, urriagoak izan baitira estreinaldiak ere.

Horietatik, haurrentzako lanak izan dira gehien-gehienak; gazte zein helduentzako lanekin saiorik egin izan dute, baina Izquierdok dio ez dutela hain bide luzea izaten. «Saiatzen gara familientzako lanak izatea, balioak lantzea... nolabait gero eskoletan ere bizitza bat izan dezaten, arlo pedagogikotik lantzen baitituzte».

EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkartearekin hitzarmena du Zineuskadik, filmok gero sarearen aretoetan erakusteko. Izquierdok azaldu du bi elkarteetako ordezkarien batzorde batek aukeratzen dituela filmak, eta gero, banatzaileak eta lizitazio bidez zehaztutako estudioak harremanetan jartzen dituztela. Iaz hartu zuen berak programaren ardura, baina badu izan duen bilakaeraren berri. «Badakit hasieran zaila zela, banatzaile askok onurarik ikusten ez ziotelako. Baina egun errazagoa da; orain, banatzaileek eskaintzen dizkigute beren lanak bikoizteko. Beraz, behintzat lortu da urteotan haiek ikustea euskaratzea ona dela, filmen bizitza luzatzen dugula, eta badela eskaintza hau nahi duen publiko bat».

Filmazpit da Zineuskadik sortu eta laguntzen duen beste proiektu bat; euskarazko azpidazketa sustatzen du, eta Donostia Kulturak kudeatzen du. 2011n abiatu zen, eta, ordutik, euskaraz azpidatzitako 43 film bildu ditu bere katalogoan —beste 564 lanen azpidatzi hutsak ere badira bertan, baina film horiek ez dira katalogoan—. «Helduentzako lan independenteak, egile kutsua dutenak izaten dira. Pixkanaka katalogo interesgarria osatu dugu. Filmen azpidatzi eta eskubideak ordaindu, eta Euskal Herri osoko edozein eragileri eskaintzen dizkiogu diru asmorik gabeko saioak egiteko», azaldu du Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema arloko arduradunak.

Hirutik bat gutxienez

Programa kudeatzeaz gain, zinema egitarau zabala prestatzen du arloak hirian urte osoan. Tartean, familientzako euskarazko saioak kultur etxeetan, eskolentzakoak eta aldizkako emanaldi bereziak aipatu ditu Beltranek. Halaber, bi jaialdi —Giza Eskubideen Zinemaldia eta Beldurrezko eta Fantasiazko Astea— eta hainbat ziklo antolatzen dituzte, batzuk beste eragileekin elkarlanean. Nosferatu zikloa hasi berri da, esaterako. «Irizpide gisa, filmak jatorrizko bertsioan jartzen ditugu beti, eta gero, azpidatziak ezartzen ditugu; batzuetan, euskaraz, eta besteetan, gaztelaniaz. Nosferatun, esaterako, hiru filmetik bat euskarazko azpidatziekin izango da». Zehaztu du ez dutela azpidatzi bikoitzik jartzen: «Guretzat, horrek ez du laguntzen ez euskara, ez gaztelania; nahiago dugu batzuetan film baten bi saio egitea». Bi jaialdietan ere euskarazko saioen kopurua «pixkanaka handituz» joan da, haren hitzetan. Duela urte batzuk, azpidatzien arabera, ikusle kopuruan aldea sumatzen zutela dio, «baina pixkanaka desegiten joan da». Jaialdien kasuan, zaila zaio euskarak duen lekuaren zifrak zehaztea, aldatu egiten baitira urtearen arabera. «Esan dezakedana da bai kezkatu gaituela kopurua handitzeak; naturaltasunez egin dugu, eta publikoaren erantzuna horrekin parekatuta joan da».

Edonola ere, Beltranen iritzian euskarazko sorkuntza indartzea da inportanteena. Bigarren urtez martxan jarri duten Oihua! deialdia aipatu du adibiderako, euskaraz beldurrezko lan laburrak sortzea sustatzen duena. «Uste dut garrantzitsuena dela bertako sorkuntzaren alde egitea, eta izatea jatorrizko euskarazko lanak, denetarikoak. Guk beti emango diegu arreta bertako sorkuntzei eta sortzaileei», nabarmendu du.

Ipar Euskal Herriko aretoetako euskarazko film kopuruari dagokionean «hondar urteotan eboluzio handia» sumatu du Jerome Alkhatek, hainbat gelatako programatzaileak. Azaldu du 2015era arte film bat edo bi hedatzen zituztela euskaraz, eta «usu konplikatua» zela. «Bilkura asko egon zen, EKE, Aldudarrak Bideo eta beste hainbaten artean, eta ohartu ginen bazela eskas Iparraldean egonen zen euskarazko filmen banatzaile batena». Hortik goiti gauzak mugitzen hasi zirela azaldu du: 2016an Gabarra Filmak sortu zen, eta 2018an Gastibeltza. «Euskal zinemaren banatzaile lana betetzen dute. Haiek dira eskubideez arduratzen, eta gu haiekin mintzo gara zuzenean». Hortik goiti, eta pandemia aurretik, urtean sei-zazpi lan hasi ziren ematen euskaraz. «Oraindik oso portzentaje ahula da, baina zegoenari alderatuz asko aldatu da. Gastibeltzak zinez du panorama aldatu». Iragarri duenez, aurten, momentuz, euskarazko hiru lan dituzte lotuta. Azpidatziei dagokienean, euskarazko filmei batzuetan frantsesezkoak ezartzen dizkiete; beste hizkuntzetako lanek ez dituzte, egun, euskarazko azpidatzirik izaten.

Horri eskolekin egiten duten lana gehitu behar zaiola gaineratu du. «Orain arte ez zen euskarazkorik proposatzen. Aurten lehen aldiz, kolegioko ikasleentzat lau filmetik bat euskaraz izanen da».

Euskadiko Filmategiaren programazioan «euskaraz azpidatzitako nahiz euskarazko jatorrizko filmek garrantzi espezifiko handia» dute, Joxean Fernandez zuzendariaren hitzetan. «Hori hasieratik izan da horrela; Euskadiko Filmategia izanik, uste dut hori derrigorrez egin behar dugula». Aitortu du zaila dela ehuneko zehatzak aipatzea, programatzen dutenaren araberakoa izaten delako. «Adibidez, amaitu berri dugun euskal emakume zinemagileen zikloan %60 baino gehiago euskaraz izan zen, baina Daniel Calparsororen zikloan, ia dena erdaraz egin duenez, ezberdina izan zen». Izan ere, gaztelerazko lanak azpidatzirik gabe ematen dituzte, eta haiek ere ez dute azpidatzi bikoitzik jartzen. Hasi berri den Zinema eta zientzia zikloan, berriz, hamar lanetik hiruk izango dituzte euskarazko azpidatziak. «Aldatuz doa, baina gutxieneko horiekin egiten dugu lan, jatorrizko bertsioen %33 euskarazko azpidatziekin emanez». Dena den, beti ez dela erraza izaten aitortu du, «besteak beste, askotan gaztelaniazko azpidatziekin iristen baitira kopiak». Jatorrizko bi bertsio badaude, beti euskarazkoa hautatzen dutela dio. «Uste dut zeregin garrantzitsua dugula. Kontziente gara batzuetan zaila dela, baina guk garbi ikusten dugu gure lana dela, euskararekiko konpromisoa mantendu behar dugula, eta areagotu ere bai seguru asko».

Nafarroako Filmategian jatorriz euskaraz diren lanak baino ez dituzte euskaraz ematen, Alberto Cañada arduradunak azaldu duenez. «Filmak jatorrizko bertsioan ematen ditugu beti, eta azpidatziak gazteleraz; ez dugu azpidazketa bikoitz bat, nahiko deserosoa baita gure ustez, ezta baliabiderik ere filma errepikatu eta bitan jartzeko, gazteleraz eta euskaraz». Euskal Herrian ekoiztutako zenbait filmetan, euskara eta gaztelera tartekatzen badira, orduan bai, bateko zein besteko zatiei beste hizkuntzan jartzen dizkiete azpidatziak. Batzuetan, jasotzen duten kopiak ere baduela zerikusirik aipatu du. Aspaldi Pedro Olearen Akelarre, esaterako, euskaraz eman zutela du gogoan, Euskadiko Filmategiak pasatu zien kopia hori zelako. «Baina, adibidez, urtarrilean zinema poloniarraren ziklo bat dugu. Poloniako Kultura Institutuak bidaltzen dizkigu filmak eta gaztelerazko azpidatziekin datoz, beraz, guk ezin dugu ezer ere egin».

Jaialdietan ere, ahaleginak

Badira beren programazioa euskarazko filmekin soilik osatzen duten zenbait zinema jaialdi, hala nola Lekeitioko Euskal Zine Bilera (Bizkaia) eta Hazparneko Zinegin festibala (Lapurdi). Beste askotan, nazioarteko lanak erakusten dituzte, jatorrizko bertsioan eta azpidatziekin. Eta horietan, azpidatzien hizkuntzari so egin behar zaio euskarak duen lekua aztertzeko. Presentzia horren ehunekoa asko aldatzen da jaialdi batetik bestera. Baina Zinebi jaialdian %100ekoa izatea lortu dute, azpidatzi bikotzak jartzen baitituzte emanaldi guztietan. Vanesa Fernandezek 2018an hartu zuen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiaren ardura, eta, ordura arte, programatzen ziren filmen erdiek inguru euskarazko azpidatziak zituztela azaldu du. «2018an %70era igo genuen, eta, 2019tik aurrera, %100 izatea lortu genuen». Aurrerantzean bide beretik jarraitu nahi dute. «Pelikula guztiei euskarazko azpitituluak jartzea helburu bat izan da, eta %100 hori mantentzea da geure erronka».

Iaz, jaialdiaren 63. aldian, adibidez, 41 herrialdetako 123 lan erakutsi zituzten: 87 labur, film ertain bat eta 35 luze. «Denak jatorrizko bertsioan eman ziren, eta guztiak euskarazko eta gaztelerazko azpidatziekin proiektatu genituen saio guztietan. Bestetik, kontuan izan behar da euskaraz zuzendutako gero eta lan gehiago programatzen ditugula». Pandemiagatik, 2020an eta iaz jaialdi hibridoak egin zituztela zehaztu du zuzendariak, eta Filmin plataforman ere eman zituztela filmak: «Hor ere lan guztiek euskarazko azpitituluak eduki zituzten. Ikusleek aukera zuten gaztelaniaz edo euskaraz ikusteko».

Fernandezek argi dio euskaraz bizitzea «eskubide bat» dela, eta Zinebi Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatzen duenez, instituzio publiko gisa «euskara bermatzeko erantzukizuna» dutela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maialen Lujanbio bertsolaria, <em>rr #5 marrak</em> emanaldian; gaur Iruñeko Laba gunean egingo du. ©BERRIA

Garai bat, mila prismatan puskatua

Iñigo Astiz

Maialen Lujanbio bertsolari eta sortzaileak egungo garaiaren «erradiografia mugitu bat» taularatu du 'rr #5 marrak' izeneko emanaldi hibridoan. Iruñeko Laba gunean arituko da gaur

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Begirada da idazle baten baliabiderik inportanteena»

Ainhoa Sarasola

Molde laburrean aritzea da Linazasororen marka, baita umore garratza, absurdoa eta ironia baliatzea ere. Hala ondu ditu bere azken bi liburuak ere, ibilbide osoan landu duen estiloari eutsiz.
Natalia Suarez artista, bere lanetako batzuekin. ©GASTEIZKO UDALA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...