Txanoak, badirela nor erakusteko

Baltistango andreek, txanoak egin, Ringchan kooperatiba sortu, eta horiek saltzeko aukera izan dute Ternuarekin egindako hitzarmen bati esker. Baltistan fundazioa izan da eragileetako bat, eta Arrasateko familia batek ere hartu du parte. Uste dute andreak ahalduntzeko urrats bat dela.

Emakumeak. Hushe haraneko andreak ahalduntzeko saioak egin ohi dituzte. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Zortzi herrik osatzen dute Husheko harana. Pakistango iparraldean dago, Karakorumeko mendikatean, Baltistango lurretan. Mendi gailurrak ditu inguruan, puntadunak eta zorrotzak, eta alboan daude hamalau zortzimilakoetatik bost ere. Gasherbrum II da horietako bat. Bertan hil zen Felix Iñurrategi alpinista, 2000. urtean, eta eremu horretan sortu zen bere izenean Felix Foundation Baltistan ere. Euskal Herriko Baltistan fundazioarekin aritzen da lankidetzan, eta, besteak beste, bertako komunitatearekin batera biztanleen eta inguruaren garapenean laguntzea dute asmoa. Orain, Ternua arropa markarekin egindako hitzarmen bati tiraka, kooperatiba bat sortu dute bertako emakume batzuek. Era horretan, artilezko txanoak egin dituzte, andreak ahalduntzeko eta haiek ere badirela nor erakusteko; dagoeneko salgai daude.

Baltistan fundazioko kideetako bat da Txaro Otxandorena, eta proiektuaren abiapuntura egin du jauzi: «Duela hogei urte inguru hasi ginen bertan lanean, batez ere mendiaren inguruko prestakuntzak ematen xerpei-eta, baina ohartu ginen ingurua pobrea izanda eta irauteko ekonomia edukita ere emakumeak direla txiroenetan txiroenak».

Hortaz jabetuta, andreekin lanean hasteko hautua egin zuten, hala nola nesken eskolaratzea bultzatzen —ordu hartara arte egiten ez zena—eta emakumeentzako guneak sortzen. «Gizonak meskitara joaten dira, eta irtetean badute elkartzeko gune bat, baina emakumeek ez zuten horrelakorik; zentro batzuk ireki genituen horretarako: autoestimuan laguntzeko eta hainbat gauza egiten ikasteko saioak egin ziren, baina bazuten nahia zerbait gehiago egitekoa haien garapen ekonomikoan laguntzeko».

Desio hori erdiesteko, fundazioak proiektu bat sortzeari ekin zion, eta Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztu zuen laguntzak lortzeko. Bien bitartean, Alberto Iñurrategiren dei bat jaso zuen Otxandorenak. «Familia batek nirekin hitz egin behar omen zuen, inguru horietara joan nahi zutelako».

Sendi horretako kideetako bat da Aintzane Gardoki, eta adierazi du ikuspuntu «erromantiko» samar batetik egin nahi zuela bidaia. «Felix laguna genuen gaztetatik, eta betidanik pentsatu izan dut zer egongo ziren egiten munduaren beste puntan bere izenean. Etxekoei komentatu nien ea Baltistanera joango ginen, eta baiezkoa biribila izan zen».

Hala ere, erabaki bat hartu aurretik Alberto Iñurrategirekin hitz egin nahi zuen. «Egonak ginen aurrez Nepalen elkarrekin, baina esan zidan Baltistan ez dela berdina, musulmanak eta oso tradizionalak direla, eta ni andrea naizela». Haren arabera, leku horretan bizimodua «ez da erraza inorentzat», baina «are gutxiago» emakumeentzat: «Ez dute ez eskubiderik, ez ezer». Beraz, ezer egin aurretik, alpinistak gomendatu zien Otxandorenarekin hitz egiteko.

Erabakia hartuta, aurrera

Olatzagutian (Nafarroa) egin zuten bilkura hori, eta baita erabakia bertan hartu ere: bidaia egingo zuten, baina aurrez zereginak zehaztu behar ziren. Izan ere, fundazioko kideak ziurtatu zien bidaia «aberasgarria» izanda ere aurretik prestatu beharra zegoela; besteak beste, definitu behar zen emakume horiekin aritzeko bakoitzak zer arlotan lagun zezakeen. «Bi semeek, Julenek eta Anttonek, informatika eta sare sozialak kontrolatzen dituzte, eta erabaki zuten horretan jardungo zutela; senarrak, Josuk, ondo ezagutzen du kooperatiben mundua, eta hango fundazioko kideekin arituko zen lanean, zer egin zezaketen pentsatzeko», azaldu du Gardokik. Hala ere, bere zeregina ez zegoen horren zehaztuta, eta, lehen proposamenetako bat emakumeei abrikotak jasotzen laguntzea bazen ere, azkenean erabaki zuten xaboiak egiten eta josten erakuts zezakeela.

Baina sarritan hasierako planak bertan behera utzi behar dira azken orduko erabakien ondorioz, eta kasu honetan ere gertatu zen aldaketa bat. «Ternuak planteatu zuen andreek txapelak eginez gero haiek prest leudekeela erosteko eta saltzeko. Baina bidaia hasi baino sei egun lehenago izan zen hori, eta ez genekien zer egin; hala ere, emakumeentzat aukera bat izan zitekeenaren esperoan, Aintzane txanoak nola egin ikasten hasi zen», esan du Otxandorenak. Gainera, ordurako Bizkaiko Diputazioaren baiezkoa ere bazuten, eta proiektua, beraz, babestuta zegoen.

Bada, bakoitzak bere zereginak gogoan, 2019ko uztailean abiatu ziren Baltistanera familiako laurak, eta lehen asteak egin zituzten Husheko haranean. «Herriz herri aritzen ginen. Goizetan, bi semeak bertako batekin joaten ziren, eta Josu lehen orduan nirekin etortzen zen, baina 10:00etatik 13:00ak arte ni bakarrik egoten nintzen emakumeekin», azaldu du Gardokik. Haren arabera, andre horiek «lanez gainezka» egoten ziren, etxeko zaintza guztiaren ardura ez ezik, uzta jasotzearena ere haiek zutelako, eta, horrez gain, baita «haurrak egitekoa» ere. Hala ere, ordurako iristen ei ziren txanoak egitera. «Uste dut ez zirela etortzen ezer lortuko zutenaren esperoan, baizik eta haien liberazio unea zelako; gizonak gelatik atera bezain laster hasten ziren algarak eta berriketak». Areago, nabarmendu du emakume helduek ez dakitela ez ingelesez, ez urdueraz, eta, beraz, ahal bezala komunikatzen zirela, sorpresaren bat edo beste tarteko: «Pentsa, oinarrizko azalpenak euskaraz ematen nizkien, eta, errepikapenaren ondorioz-edo, txanoak egiten euskaraz ikasi zuten!».

Ikasitakoa zabaldu

Lehen asteetan, beraz, emakumeek txapelak nola egin ikasi zuten, eta, Ternuarekin hitzartutakoari jarraipen bat emateko, adibide batzuk bidali zizkien. Guztira, 3.325 txano egiteko eskaria jaso zuten, eta horretarako martxan jarri zituzten aurrez arrasatearrekin batera ikasitako puntuetako batzuk. «Emakume bat kontratatu zen prozesu osoaren inguruko saioak emateko, hala nola esplikatzeko bazegoela aukera bat Ternuaren bidetik txano batzuk Europan saltzeko, eta proiektuak babes ekonomikoa ere izango zuela», azaldu du Otxandorenak.

Horrez gain, norberarentzako baliagarriak izan zitezkeen autoestimuaren lanketarako saioak ere egin zituzten, lehen oztopoa etxean bertan zutelako. «Baimena eskatu behar diote aitari edo senarrari, baina jakin behar dute badutela eskubidea zerbait egiteko beren kabuz eta beren izenean». Azkenean, 80 emakume baino gehiagoko talde bat sortu zuten, txanoak egiteko teknika perfekzionatu zuten, eta beren kooperatiba sortzeko pausoak ematen ere hasi ziren.

Ringchan da kooperatibaren izena, eta Gardokik nabarmendu du esanahia ere ez dela nolanahikoa: «Haiek hautatu zuten izena, eta maite duzun hori adierazi nahi du; sorkuntza bakoitzaren etiketan, gainera, jarrita dago nork egin duen eta zenbatgarren txanoa den». Hain zuzen, bi eredu daude eskuragarri, eta Euskal Herriko denda batzuetan eskura daitezke. Ternuako webgunean ere badaude.

«Ternuak prezio bat jarri zuen txanoak saltzeko, eta lortutako etekinen ehuneko bat bat kooperatibarentzat izango da», gaineratu du Otxandorenak. Beraz, uste du, nahiz eta Ternuarentzako aukera hau «sekulako publizitatea» izan daitekeen, funtsezkoa dela enpresa horrek kooperatibarekin duen harremana mantentzea. «Niri interesatzen zaidana emakumeen onura da, haien lana dagoelako horren atzean, eta hori nabarmendu behar da. Ternuak posible egin du txano horiek hemen ikustea; bestela, ezinezkoa litzateke».

Gardokik ere uste du proiektuari oihartzuna eman beharra dagoela, txano bakoitzaren atzean dagoen istorioak argitara ateratzeko. «Emakume horiek izan duten ausardia mugarri bat da; laguntza ekonomiko bat da familia horientzako, baina baita haiek ahalduntzeko bide bat ere, gizartean ikusgai bihurtzeko».

Zehaztu duenez, aukera hau sortu aurretik ere hara joateko asmoa zuten, baina, proposamena iristearekin bat, parte hartzea erabaki zuten, «ez inor pobreziatik ateratzeko», ordea. «Hango pertsonek, hango emakumeek erakutsi dute zinez zertarako gai diren, zertarako gogoa duten. Mila arazo izan dituzte, baina, hala ere, indarra izan dute aurrera jarraitzeko. Nire ilusioa da honek balio izatea etxean eta inguruan badirela nor erakusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.