Amonite bila haitzetan

Kepa Altonagaren 'Iridioaren mintzoa' saiakera berriak geologiaz eta paleontologiaz dihardu. Bosgarren liburua du Pamiela etxearekin

Kepa Altonaga, atzo, Donostiako Liburutegi Nagusian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Meteoritoa eta dinosauroen akabantza: azpititulu horixe du Kepa Altonagaren Iridioaren mintzoa saiakera berriak. Baina, nobela batez ari balitz bezalaxe, idazleak argi adierazi du: «Thriller honetako gaiztoa Alvarez fisikaria da». Liburuan kontatzen baitu 1911n Kalifornian jaiotako fisikariak ikerlari lanetan jardun zuela Hiroshimako bonbardaketan, 1945eko abuztuan, eta baita Manhattan proiektuan ere, bonba atomikoa egiten, Robert Oppenheimerrek gidatutako taldean. Gero, fisikako Nobel saria jaso zuen 1968an, eta, ondoren, 1980an, bere seme Walter Alvarezekin batera, dinosauroen (eta Lurreko espezieen hiru laurdenaren) iraungitzeari buruzko hipotesi bat azaldu zuen. Aita-semeak ohartu ziren duela 65 milioi urteko Kretazeo-Paleogenoko lur geruzetan iridio kontzentrazioa ohikoa baino ehunka aldiz handiagoa zela. Zergatik ote? Hamar kilometroko meteorito edo asteroide batek lurra jo zuelako 75.000 kilometro orduko abiaduran. Eta, haien hipotesiaren arabera, inpaktu osteko ingurune baldintzek suntsipen masiboa eragin zuten.

Nolanahi ere, Stephen Jay Gould paleontologo eta biologo ebolutiboak argudiatu du alvareztarren inpaktu hipotesia arrakastatsua izan arren ezin dela orokortu suntsipen masiboetara. Eta Altonagak idatzi du liburuan: «Askoz samurragoa suertatzen da hipotesi sinple eta zorrotz bat aurkeztea, inpaktuarena bezalakoa, eta ez eztabaidatzea fosil erregistroaren inprezisioaz edota komunitate biologikoen konplexutasunaz».

Zazpi kapitulu ditu Altonagaren saiakerak, ehunka anekdota eta detaile, eta 25 irudi eta argazki. Irudien artean, atentzioa ematen dute, adibidez, hiru hauek: azaleko argazkia Joaquin Gomez de Llanera geologoak Igeldoko mendiari egindakoa da, 1954an; Yasunari Kawabata idazle japoniarra eta Luis Alvarez fisikari estatubatuarra talde argazki berean daude, 1968an, Nobel sarien ekitaldian, Stockholmen (baina argazkian ez da ageri Rene Cassin baionarra); eta Peter Ward paleontologoaren On Methuselah's Trail liburuaren azala eskaini du, 1992koa, non aipatuta baitatoz Zumaiako Algorriko haitz labarretan egin zituen ikerketak, bost urtetan, amonite bila.

«Liburu hori nire faboritoa da paleontologo estatubatuarraren dibulgazio liburuen artean», nabarmendu du Altonagak: «Zumaian kokatuko zaitu, eta zehatz-mehatz kontatuko dizu, ez soilik zelan jardun zuen 1982an amonite fosila lokalizatzen, baita zer iruditu zitzaion euskal lurraldea ere, zelan moldatu zen euskaldunekin, eta orduko giro politiko gatazkatsuan nolako enkontru lanjerosak bizi izan zituen laginak erauzi bitartean, dela txapelokerrekin, dela abertzaleekin».

Itsaspeko lurraldeak

Maite dugu orok Zumaia du izena Altonagaren liburuko azken kapituluak; Jean Etxepare medikuaren Beribilez kronikatik hartutako esaldi bat da, segidan zera dioena: «Errana daukute hor bizi izana dela anitz urtez, omonier, Domingo Agirre apeza». Altonagak fantasia egiten du, Zumaiako Algorrin «Domingo Agirrek ere bustialdi meteoritikoak hartzen zituela». Eta, bukatzeko, umoretsu, ohar egiten du ikasleei gogaikarria egiten zaiela dinosauroen suntsipenari buruzko kontuak lantzeko txangoa egitea baina dinosauro fosilik ez egotea: «Gogorarazi behar zaie dinosauroen sasoian itsaspean egon zela bisitatzen ari garen lurralde osoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.