Memoriaren eraikuntzaren nazioarteko bost aditu hizlari, Donostian

enekoitz esnaola
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Gatazka armatuak izan dituzten hainbat herrialdetako memoriaren eraikuntzan aditu diren bost lagunekin solasaldi saio bat egingo du Foro Sozial Iraunkorrak, bihar, Donostian, Carlos Santamaria zentroan (18:00), Paz con Dignidadekin eta EHUrekin elkarlanean. Foro Sozialaren lan ardatz nagusietako bat memoria «barneratzailea» eraikitzea da, eta, horretarako, eragile desberdinen arteko «adostasunak» landu nahi ditu. «Bizi izan duguna ahaztu gabe, kontakizunaren bataila deritzona gainditzea dugu helburu». Foroak aitortu du oraindik ere asko dagoela egiteko arlo horretan, eta kanpora begiratzea ona dela iruditzen zaio.

Bost hizlari izango dira: Rodrigo Gomez Tortosa argentinarra, abokatua, politologoa eta NBEko Behartutako Desagertuen Batzordeko kidea; Ndeye Marie Sagna, abokatua eta 1999an Casamance eskualdean (Senegal) bake prozesua sustatzeko sortutako emakumeen elkarteko kidea; Gloria Guzman Orellana salvadortarra, feminista, aktibista eta Asociacion de Mujeres por la Dignidad y la Vida elkarteko kide ohia; Gustavo Meoño, Guatemalako bakerako trantsizioan lan egin zuena; eta Maritze Trigos, Dominikar Errepublikako erlijiosoa eta giza eskubideen aldekoa.

Ika-mika biktimen auzian

Nafarroako Gobernuak kritikak jaso ditu igandean ez zelako egon Iruñean ETAren biktimen oroimenerako ekitaldi batean, eta Ramon Alzorriz PSNko eledun parlamentarioak erantzun du bere alderdiak «min» hartzen duela halakoak entzuten dituenean, «PSN beti egon eta egongo baita biktimekin». Erantsi du PSNkoak ere biktima izan direla, eta haiek ere nahi dituztela memoria, justizia eta erreparazioa.

Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentarioak «terrorismoaren biktimen ingurukoen mina modu alderdikoi batean» erabiltzeari uzteko eskatu du. Javier Esparza Navarra Sumako parlamentarioak «gezurtzat eta iraintzat» jo du Barkosek esandakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.