Jaurlaritzak lasaitasun mezua eman du birusagatik

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Koronabirus gaitza dela eta, «lasaitasun» eta «konfiantza» mezuak helarazi zituen atzo Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Gaitzaren egoeraren inguruan argibideak emateko prentsaurrekoa eman zuen sailburuak Gasteizen, Txema Arteagoitia Osasun Saileko Txertaketen Aholku Batzordeko zuzendariak eta Enrique Peiro Gaixotasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordeko presidenteak lagunduta. Agerraldian azpimarratu zutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute oraingoz kasurik atzeman, baina Osasun Sailak ez du baztertu etorkizunean kasuren bat agertzea. «Horregatik gure osasun sistemak erne jarraitzen du», azaldu zuen Murgak.

Osasun sailburuak jakinarazi zuenez, Osakidetza kasu susmagarri oro «zorrotz» ari da artatzen. Orain arte, hamahiru koronabirus kasu aztertu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 11 baztertu egin dira. Beste biren emaitzen zain daude oraindik. Kasu guztiak beste herrialdeetatik etorritakoak dira; zehazki, Txinatik eta Italiatik.

Koronabirusaren inguruan sortutako alarmaren ondorioz, lasaitasun mezua igorri nahi izan zuen Osasun Sailak, eta azpimarratu «prebentzioari, detekzioari eta jardunari» ekiteko badutela berariazko protokolo bat, komunitate zientifikoaren gomendioen arabera eguneratzen dena. Murgak jakinarazi zuenez, kontingentzia plan bat abiatu dute gaitzari aurre egiteko, eta Barakaldoko Gurutzetako, Donostiako eta Txagorritxuko ospitaleetan 600 ohe gehiago jartzea aurreikusi dute. Jaurlaritzaren sail arteko batzordea gaur elkartuko da, Iñigo Urkullu lehendakaria buru izango duela.

ELAk kritikatu egin zuen atzo Jaurlaritzaren jarrera, eta eskatu zion «prebentzio neurriak berehala» hartzeko. Sindikatuaren arabera, «Osakidetzak ez du plangintzarik egin langileak prestatzeko». 27 orrialdeko txostena bidali die, protokolo ekintzekin, «bakoitzaren esku utziz formakuntza».

Nafarroan ere, batzorde bat

Nafarroako Gobernuak koronabirusari buruzko sail arteko batzorde bat eratu du. Santos Indurain Osasun sailburuak ere lasaitasun mezua helarazi zuen: «Epidemia bat dugu ezezaguna ez den birus batena. Osasun Zerbitzuko profesional guztiak prest daude». Hamabi kasu aztertu dituzte, eta ez da gaitzik azaldu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.