Kontziliaziorako eta zaintzaren aldeko lege bat egin nahi du Madrilek

Denbora erantzukidetasunez banatuz, zaintza eta etxetik kanpoko lana baldintza beretan egitea bermatu nahi du Espainiako Gobernuak

Emakume bat telelanean, umea alboan duela, Bartzelonan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Telelana emakumeentzat «tranpa» bat ez izatea. Hori da, Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroaren hitzetan, bultzatuko duten legearen helburua. Atzo iragarri zuen Espainiako Gobernuak lege bat sustatuko duela denbora erantzukidetasunez banatuta eta bermatuta egon dadin kontziliazioa eta lana berdintasun baldintzetan egitea. Horretarako, telelana genero ikuspegitik arautuko dute, besteak beste.

«Gure herriak zaintzea behar du; zaintzarik gabe ezin da bizi. Ez du funtzionatzen ekoizpen ekonomia gisa ezagutzen dugunak», azaldu zuen atzo Montero ministroak legearen aurkezpenean. Gainera, defendatu egin zituen «ikusezintasunetik, prekaritatetik eta berdintasunik ezetik» ateratzeko politikak.

Ministroak «zaintzaren aldeko akordio nazional bat» proposatu du, zaintza sistema publiko bat martxan jarriko duena.

Monteroren hitzetan, Espainiako zaintza sarea «ahula» da, eta feminizatuta dago. Uste du pandemia dela-eta, gainera, larritu egin dela adin txikikoen eta bestelako mendekotasunak dituztenen «zaintza krisia». Monterok salatu du zaintza lan horiek «ikusezinak» direla, eta batez ere emakumeek egin behar izaten dituztela. «Zaintzarik gabe gizartea kolapsatu egiten» dela ohartarazi du, ordea. Ministroak ziurtatu duenez, Espainiako gobernu bat bera ere ez da arduratu zaintzaz «bere konplexutasun guztiarekin»; hau da, kontuan hartuz adin txikikoen, adinekoen eta beste mendekotasun batzuk dituztenen beharrak, baita erantzukidetasuna eta kontziliazioa ere.

Monterok uste du koronabirusaren ondorioz bizi izandako larrialdiak zaintzaren balioa azaleratu duela: «Larrialdiak zerbait erakutsi badu, erakutsi du ezinezkoa dela zaintzarik gabe bizitzea». Horrenbestez, zaintzasistema «sendoa» sortzea ezinbestekotzat du, gizartea demokratikoa eta ekonomikoki eraginkorra izan dadin. Sistema horretan, ziurtatu egin beharko da beharrei erantzuna ematen zaiela eta duindu egiten direla zaintzaileen baldintzak. «Batzuetan esklabotasunaren antza daukate», ohartarazi du.

Karga emakumeengan

Monterok adierazi duenez, emakumeak lan mundura sartu dira «euren etxeak eta ingurukoen gorputzak gainean hartuta eta lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak eginez». Nabarmendu du telelana ezin dela emakumeentzat «tranpa bat» izan, eta ezin duela igoerak eta ardurak izatea zaildu. Hori ere arautuko dute legearen barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.