Albistea entzun

Literatur uzta 2021ean

Bihurgune urte bat literaturan

Uxue Apaolazaren ipuin bilduma nabarmendu dute BERRIAko literatur kritikariek 2021eko literatur uztan, eta joera orokorragoei ere erreparatu diete
<b>Uxue Apaolaza. </b>Maiatzean aurkeztu zuen <em>Bihurguneko nasa</em> izeneko ipuin bilduma.
Uxue Apaolaza. Maiatzean aurkeztu zuen Bihurguneko nasa izeneko ipuin bilduma. GORKA RUBIO / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko urtarrilak 5

Uxue Apaolaza. 2021ean argitaratutako hiruna liburu apartatzeko eskatu die BERRIAk helduen alorreko bere hiru literatur kritikariei, eta elkarrekin hitz egin gabe, eta bakoitzak bere aldetik, hirurek nabarmendu dute idazle hori beren hautaketan, Bihurguneko nasa ipuin bildumagatik (Susa). Jasotako adostasun kritiko horregatik bakarrik, beraz, agian hori izan daiteke urteko liburua. Ez da zerrendan nabarmendu duten lan bakarra, ordea. Eider Rodriguez, Ana Malagon eta Itziar Ugarte idazleak ere badaude bederatzi izen horien artean, aipamen bana jasota, eta iaz argitaratutako itzulpenen artean, Olga Tokarczuk, Elio Vittorini eta Henry David Thoreau idazleak ere izan dituzte gogoan.

Zerrenda egiteaz harago, iazko liburu emariari erreparatu, eta egungo literaturaren nondik norakoez gogoeta egiteko ere baliatu dute aukera kritikariek. Poesiak duen sasoia nabarmendu du Irati Majuelok, esaterako, ipuingintza lortzen ari den zentralitatea aipatu du Asier Urkizak, eta emakumezko autoreek iaz izandako presentzia kuantifikatu du Nagore Fernandezek: kalkulatu duenez, iaz lanen bat argitaratu duten egileen %33 baitira andrazkoak. «Datu horrek erakusten digu, Amaia Alvarezek bere artikulu batean iragarri zuen bezala, mende berriaren etorrerarekin, idazle tipologia maskulinizatuari buelta ematen ari gatzaizkiola. 2021eko joera literarioak urrats bat gehiago eman du genero berdintasunean».

Ikusi gehiago: Imanol Mercero kritikariaren nabarmenduak. Itsasoa, saguak eta eskeletoak

«Olatu morea» aipatu du Fernandezek, eta, dioenez, duela hogei urte «iragarpen eta uste bat» zena egun «emaitza enpiriko bat» da. Apaolaza, Rodriguez eta Malagon aipatu ditu hiru liburuko bere zerrendan, baina gehiago ere badirela gogorarazi du: Amancay Gaztañaga, Ane Labaka, Nerea Loiola, Maddi Ane Txoperena, Ana Urkiza, Maribel Aiertza eta Nerea Arrien, kasurako. Komikigintzan ere igarri du joera hori kritikariak. «Feminismoaren diskurtsoak eraikitzeko baliabide emankorrak ari dira izaten». Elisabeth Casillas eta Higinia Garairen Emakume guztiok eta Tupust! kolektiboak argitaratutako liburua izan ditu gogoan, zehazki.

Pandemiaren eraginez, iazkoa ere urte «arraroa» izan dela dio Fernandezek, baina koronabirusaren aldiko bigarrena izanik, euskal literaturak hobeki eutsi diola uste du. «Batez ere narratibari dagokionez». 2021eko Durangoko Azoka «normalizatuagoak» hauspotu du agian joera hori, kritikariaren hitzetan; dioenez, «berpiztu» egin baititu literaturan jada bidea egina duten zenbait idazle. Horren froga aipatu ditu, nobelagintzan, Juan Kruz Igerabide, Jon Arretxe, Eider Rodriguez, Itxaro Borda, Lander Garro, Irati Goikoetxea, Kirmen Uribe, Alaine Agirre, Goizalde Landabaso, Asel Luzarraga eta Juanjo Olasagarre, eta baita Uxue Apaolaza, Ana Malagon, Harkaitz Cano, Iban Zaldua, Xabier Montoia eta Jesus Mari Olaizola Txiliku ere, ipuingintzan.

Poesiaren urtea

Irati Majueloren ustez, ez da nobelagintza izan 2021ean nabarmendu dena. Onartu du «apustu interesgarriak» egon direla, Antxiñe Mendizabalen Odolekoak eta Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala, kasurako. «Baina, ezin esan, agian, urterik borobilena izan duenik eleberrigintzak». Itzulpenak izan dira, dioenez, alor horretan irakurritako lanik gustagarrienak: Olga Tokarczuk, Ursula K. Le Guin eta Juliana Leveille izendatu ditu, adibidez.

Poesiaren urtea izan da 2021a, Majueloren ustez. «Aurretik lan interesgarriak ekarritako zenbait izen irakurri ahal izan ditugu berriz, bakoitza bere estiloan ale argigarriak utziaz, hala nola Karlos Linazasoro, Miren Agur Meabe, Jose Angel Irigarai edota Hedoi Etxarte. Bestalde, belaunaldi berri bat agertu da plazan, lehendabiziko argitalpenarekin batera estilo freskoak, zorrotzak, umoretsuak zein kritikoak eskaini dizkigunak. Ezin uka, emakumezko aurpegia dute egile gazte horiek, eta esan beharra da, bakoitza ezaugarri, idazkera eta ibilbide propioz datorrela. Gogoratu beharreko autoreak izango dira, beraz, Oihana Arana, Oihane Garmendia, Maialen Berasategi, Leire Vargas eta Itziar Ugarte, besteak beste. Itzulpenean ere, liburu ederrak utzi dizkigu poesiak, Louise Glucken eta Alda Meriniren bildumak, kasurako».

«Arraroa» izan da 2021a Asier Urkizaren hitzetan ere, pandemiagatik. Egoera orokor horretan, euskal letretan ale ederrak izan direla dio, halere. Joera orokorrago batzuk ere izan ditu aipagai. «Narratiban eta poesian, esango nuke hibridotasun aroa ari garela bizitzen. Hau da, kanona urtzen (edo ordezkatzen) doala ematen du, izen handi gutxi batzuen obrak oihartzun txikiagoko argitalpenen ugaritasunak ordezkatu dituela».

2021ean, euskaraz sortutako «eleberri peto» gutxi egon dela dio kritikariak, eta ugaldu egin direla ipuin eta narrazio bildumak. «Kaleratutako eleberri gehienek ere formatu txikiaren alde egiten dutelakoan nago, dela hibridotasunera eta saiakerarekiko uztarketara joz —Fermin Etxegoienen Totelak liburuan bezala—, dela autofikziora —Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eta, egitura konplexuagoarekin, Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza liburuetan bezala—. Forma bereziko nobelak ere badaude, ia artefaktu literarioen maila luketenak —Juanjo Olasagarreren Mamu eratortzeko moduak, kasurako—. Forma klasikoagoa dutenak ere bai, tira, Itxaro Bordaren Euri zitalari esker edo Lander Garroren Faith».

«Osasuntsu» ikusten du Urkizak narrazio laburra. «Orain dela ez hainbeste marjinala zen generoa zeharo egonkortu da euskal literaturan, are nobelari ia-ia gaina hartzeraino». Poesian ere izan dira argitalpen esanguratsuak, dioenez, eta Etxarteren Sortaldekoak jo du aipagarrienetakotzat.

Itzulpenen loraldia

Bada hiru kritikarien arteko beste kontsentsu puntu bat ere: itzulpengintza. Loraldian deskribatu dute Majuelok eta Urkizak, eta Fernandezek ere nabarmendu du alor horretan egiten den lana: «Fronte horretan, gainera, euskal argitaletxe guztiak batu dira, eta gehiago edo gutxiago, baina guztiek egin dute itzulpenen aldeko apustua». Eta, olatu orokorrago horren barruan, Igela eta Katakrak argitaletxeen lana nabarmendu du bereziki.

Lidia Txukovskaiaren Urpean murgildu, Alessandro Bariccoren Zeta, Hanna Arendten Indarkeriaz eta Natalia Ginzburgen Bertute txikiak aipatu ditu Fernandezek, eta Katakrak argitaletxearen lana izan du gogoan Majuelok ere, pentsamendu garaikidea euskaraz ere irakurgai egon dadin egiten duen esfortzuagatik. Arendtez gainera, Henry David Thoreau, Antonio Gramsci eta Leslie Feinberg aipatu ditu. Lisipe bildumak feminismoa hauspotzeko egiten duen lana ere izan du gogoan Euskal Herrian sortutako pentsamenduari dagokionez, eta proposamen «ausartak» ere izan direla esan du: Aritz Galarragaren Gogoan dut eta Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue, tartean.

Zerrenda osatu du Urkizak ere urteko itzulpen laudagarrienekin, ondorengoak nabarmenduz: Elio Vittoriniren Solasaldia Sizilian, Natalia Ginzburgen Familiako lexikoa-ren berrargitalpena eta Bertute txikiak artikulu bilduma, Peter Handkeren Atezainaren larria penalti jaurtiketan, John Steinbecken Zeruko belardiak, Ursula K. Le Guinen Oihan hitzean mundua, Henry David Thoreauren Walden, Antonio Gramsciren Kartzelako gutunak eta Irene Vallejoren Infinitua ihi batean.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Ikasleak, goizean, sartzeko zain. / ©Iñigo Astiz

Martxan da Durangoko 57. Azoka

Paulo Ostolaza

Ireki ditu ateak Landako guneak. Ikasleak izango dira goizeko protagonistak, eta 14:30ean hasiko dira Ahotseneako ekitaldiak.

Langileak Durangoko Landako guneko salamahaietako bat prestatzen, atzo. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eztanda baten esperantzan

Iñigo Astiz

Gaur hasiko da Durangoko 57. Azoka, eta, azken bi urteetako gorabeheren ondoren, pandemia aurreko itxura berreskuratzeko erronka izango du aurrez aurre igandera bitarte. Musikaren euskarri fisikoen krisiak eta prezioen igoerak eragindako ziurgabetasunari ere erantzun beharko dio.

 ©Aritz Loiola, FOKU
San Agustin kulturgunea, Szenatokiaren egoitza. / ©Aritz Loiola, FOKU

Durangon dena ez da Landako

Maria Ortega Zubiate - Jone Bastida Alzuru

Zazpi espaziok osatzen dute Durangoko 56. Azoka: Ahotsenea, Irudienea, Talaia, Kabi@, Saguganbara, Azoka TB eta Szenatokia. Ahotsenean egiten diren aurkezpenak zuzenean emango ditu Azoka TBk.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...