Euskaraz zekitenen euskaltegia

Derioko udako ikastaroek 50 urte bete dituzte. Euskaradunentzako eskolak ematen hasi ziren, irakurtzen eta idazten trebatzeko. 1977an, Labayruk hartu zuen ikastaroen ardura, ordutik aldatu egin dira lan ildo eta erronkak.

Lehen hazia. Ander Manterola izan zen ikastaroen bultzatzailea eta Labayruren sortzailea. MONIKA DEL VALLE / @FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Frankismo garaian, euskara erabiltzea debekatua zegoen Euskal Herriko ikastetxeetan, baita seminarioetan ere. Egoera horrek hutsune bat sortu zuen: abadeak euskaldunak izanda, eta euskaraz ondo egin arren, alfabetatu gabe zeuden, ez zeukaten gramatikaren, ez joskeraren edo literaturaren inguruko jakintzarik. Horregatik, hutsune hori betetzeko asmoz, 1970eko uztaileko lehen astean,udako ikastaroa antolatu zuten Derion (Bizkaia). 25 abadek parte hartu zuten lehenengo hartan. Ander Manterola izan zen egitasmoaren bultzatzaile nagusia.

Diktaduraren ostean ere egoera antzekoa zen. Kalean euskara asko egiten zen, baina herritarrekeuskaraz hitz egiten jakin arren, ez zekiten idazten eta irakurtzen. Ondorioz, hasiera batean abadeentzat pentsaturiko ikastaroak gizarte osora zabaldu ziren urte gutxiren buruan. Hala, eskaeraren tamaina ikusita, Labayru fundazioa sortzea erabaki zuten ikastaroak sortu eta zazpi urtera, 1977an. «Erakunde bihurtzeko beharra ikusi genuen», azaldu du Manterolak. Hala, ikastaroek nolabaiteko nortasuna lortu zuten, eta hamar urtean ikasle kopurua ikaragarri handitu zen. Mende erdi igaro da udako lehen ikastaro hartatik, eta Labayru fundazioak gertakari hura zenbait ekitaldiren bitartez gogoratu du azken hilabeteotan.

«Udako ikastaroa euskaldunentzat sortu zen; ez zen euskara ikasteko tokia, euskara lantzekoa baino», nabarmendu du Manterolak. Ikastaroarentzako lelo bat sortu zuen abadeak berak: Dakigunetik ez dakigunera. Hain zuzen, Derioko ikastaroko ikasleek ezaugarri bat zuten amankomunean: euskaraz jakin arren, lanean gaztelera erabiltzen zuten. Asko eta asko irakasletza eskolako ikasleak ziren. «Ikastaroen abiapuntua norberak zekiena zen, zekiten horretan alfabetatu, eta gero hori ugaritzen eta gainontzeko euskalkietara zabaltzen joaten ziren», azaldu du Adolfo Arejita egungo zuzendari eta euskaltzainak. Hortaz, etxetik zekartena lantzeko metodo berriak ikasi behar izan zituzten.

Hasiera haiek, ordea, ez ziren errazak izan, batez ere materialik ez zegoelako. Urteen poderioz, hainbat liburu atera dira, deklinabidea, joskera eta aditzaren ingurukoak, adibidez. Arejitak nabarmendu duenez, beste euskaltegi batzuek euskaldun berrien mundua askoz gehiago landu duten bezala «Labayruk euskaldun, erdi euskaldun edo euskaldun endekatuen mundu hori lantzeko erronka hartu zuen».

Euskara eskolez, beste

Euskara eskolak emateaz gain, urte hauetan guztietan hainbat alor landu ditu Labayru fundazioak. Batetik, itzulpen zerbitzua dute, eta euskararen erabilera planak eta ondare lanak ere egiten dituzte erakunde eta udalentzat. Bestalde, liburutegia, artxibo garrantzitsua eta hiztegi landua dute. Sarean dagoen hiztegi fraseologikoa azken urteetan abiadura azkarrean handitzen ari da, eduki berriz eta bisitari kopuruari dagokionez, arduradunen esanetan.

Hizkuntza, hots, ondare linguistiko kulturala euskaraz transmititzeko azaltzen diren aukera guztiak baliatzen dituzte Labayrun. Ikerkuntza ere bada fundazioaren funtzioetako bat: lexikografian, hiztegigintzan, ondare eta etnografia alorrean ari dira, hain zuzen. Haatik, ekarpenik handiena, ordea, literatura eta gramatika alorreko argitalpenak izan dira, eta, horietako asko ikastaroetan erabilitako materialarekin sortu dira. Guztira ia 500 argitalpen plazaratu ditu Labayrukurte hauetan guztietan. Horien artean dago tradizio literarioa eta tradizio moderno eta klasikoa ezagutarazteko baliagarri den Idatz eta Mintz aldizkaria. Zenbait alorretan Labayru erreferente garrantzitsua bada ere, nabarmentzekoa da aurrez aipatutako alor horietako zenbaitetan egun Labayruk bakarrik egiten duela lan sartaldeko euskarari begira. Bizkaiko ahozko ondasuna batzeko, sailkatzeko eta formalizatzeko edo idatzirako erregistroa egokitzeko lana, hain zuzen. Mendebaldeko euskaran dauden baliabideak, esamoldeak eta erregistroak bateratzen lan handia egin du Labayruk.

Euskarari ematen diote garrantzia. Forma guztiei, bata bestea kendu gabe. Igone Etxebarria Labayru fundazioko egungo zuzendariordeak azaldu duenez, bizkaieran ahozkoa bizirik dago, baina idatzian batuaz ikasten da eskoletan, eta horrek ez ditu beti jasotzen ahozko bizkaieran erabiltzen diren formak. Horregatik, Labayrutik «trafiko» hori apur bat berdintzen, bateratzen eta lotzen ahalegintzen dira. «Hizkuntzaren beraren koherentzia jagoten dugu». Horregatik, Bizkaian erakunde erreferentea da bizkaieraren zaintzeari, hedatzeari eta finkatzeari dagokienez. Halere, Etxebarriak nabarmendu duinoiz ez direla besteen kontra aritzen. «Dena da euskara, eta guztiaren premian gaude denok ere».

Horri lotuta, Arejitak eta Manterolak bizkaitarren egoera nabarmendu nahi izan dute. Bizkaian urte askoan konplexua egon dela gogoratu dute. «Bizkaierak ez zuela baliorik zabaldu zen garai batean, eta trauma bat bizi izan dugu sartaldeko euskaldunok, batez ere eskoletan», esan du Arejitak. Horri lotuta, ikastetxeetarako egin diren hainbat material sartaldeko euskara kontuan hartu gabe egin direla salatu du. Labayruk urrun samar dauden bi erregistroak -batua eta sartaldekoa- hurbiltzeko lan positiboa egin duela nabarmendu du.

Milaka partaide

Urte hauetan guztietan milaka izan dira Derioko udako ikastaroetatik igarotako ikasle eta irakasleak. Lehenengo ikasle eta gero irakasle, edo idazle, bihurtu den jende asko egon da. Iratxe Ormatza idazleak, adibidez, ikasle moduan egin zituen Labayrun lehen pausoak. «Bost urte eman nituen Euskal Herritik kanpo bizitzen, eta itzultzean euskara berreskuratu eta aberasteko beharra ikusi nuen. Labayruk bizkaierako eskolak jasotzeko aukera eman zidan». Ikastaroetan sortzen zen giro ona nabarmendu du Ormatzak. Gehienbat bizkaieraz argitaratu izan ditu bere lanak idazle bakiotarrak, eta, hain zuzen, Labayruk eman zion bere lehen liburua argitaratzeko aukera 2007. urtean. Bidaia bateko kronika liburua idatzi zuen. «Bizkaieraz idaztea ez dela bakarrik abadeen kontua erakutsi nahi izan nuen lehen kronika liburua idaztean». Ordutik, Labayruren Idatz eta Mintz literatura aldizkarian ipuinak argitaratzen ditu. «Eskertzekoa da nire lanak erakusteko eman didaten aukera». Labayruk Bizkaiera lantzeko eta batik bat literaturan egindako lana nabarmendu du Ormatzak.

Unai Elorriaga idazle algortarra berriz, unibertsitate ikasketak bukatu eta segidan hasi zen Labayrun eskolak ematen. Oroitzapen onak ditu orduko hartatik: «Jende ikasia zen, eta ikasteko nahia eta interesa zuten. Nik nola idatzi irakasten nien, baina beraiek ere gauza asko erakusten zizkidaten». Irakasle izateaz gain, Labayruren itzulpen zerbitzuan ere aritu zen Elorriaga, eta, gaur, itzulpengintza literarioko eskolak ematen ditu itzultzaileentzako ikastaroan. Halaber, idazle moduan erabili izan dituen baliabide asko Labayrun ikasitakoak direla nabarmendu du.

Egun, bezeroen eskaera asko aldatu da Labayrun hasierako urteekin alderatuta. Arejitaren arabera, Labayru gaur askoz ere lotuago dago gizarteko beste eragile batzuetara, egitasmoak sortu eta garatzeko asmoarekin betiere. «Enpresa bat premien arabera aldatzen den bezala, Labayru ere hainbat egoeratara egokitu da. Bestela hil egingo litzateke», esan du. Gaineratu du hizkuntza gehiago «makurtu» dela gaurko eskakizun eta premietara. Hots, lan hizkuntzaren araberako premiei erantzuten dietela gehiago orain.

Etorkizunean, zer?

Ikasleei dagokienez, egun alfabetatuta edo gutxienez zerbait ikasita etortzen direla dio Etxebarriak. Hala ere, hasierako urte haiekin alderatuta, nahiz eta oinarri eskolatua handiagoa izan, sarritan ahozkoaren freskotasuna falta dutela nabarmendu du. Halaber, adierazi du oso garrantzitsua dela hizkuntzaren bitartez egiten den transmisio kulturala. Horregatik, etorkizunean transmisio kate horretan ezinbesteko ikusten du Labayru. «Alde batetik, erreferente sendoa izan behar dugu informazioa eta corpusa gordetzeko, eta, bestetik, erakunde moderno bat behar dugu izan, eduki horiek jende berriarengana eraman ahal izateko». Gazteengana hurbiltzea da epe motzean lortu nahi dituzten helburuetako bat, euskarak aurrera egin dezan, haiek direlako etorkizuna.

Irakaskuntza arloko eskaera oso bestelakoa bada ere, Etxebarriak esan du Labayruk hasiera hartako esentzia mantentzen duela. «Agian esentzia hori ez da egungo udako ikastaroetan mantentzen, baina beste alor batzuetara zabaldu dugu». Kontagailua aurrera doa Bizkaiko euskaltegian, eta jada 51. urtera begira daude hango langileak «Atzera begiratzen dugunean, abiada hartzeko soilik izaten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.