Zaintzak, azkenetan ere bizitzeko

Ez dago aski formakuntza osasun profesionalendako zaintza aringarrien arloan, baina adituek azpimarratu dute beharrezkoa dela jarduteko erak ikastea. Gaixoaren eta ingurukoen beharretara egokitu, eta elkar laguntzea beharrezkoa dela uste dute, azken uneetan ere bizi daitekeela argudiatuta.

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Hutsune bat identifikatu da zainketa aringarrietan eta osasun profesionalen formakuntzan. Euskal Herriko unibertsitateetako ikasketetan, ez dago nahitaezkoa den nahikoa formakuntza bizitzaren azken unean eman beharreko artarekin lotuta. Hala ere, adituek azpimarratu dute pertsona horiek zaintza aringarrietan ahalduntzea ezinbestekoa dela, besteak beste, hiltzear egon daitekeen pazientea ahal bezain egokien artatzeko. Haietako bakoitzaren egoerara egokitu behar da, hitz egiteko aukera eman behar zaie, eta, haren ingurukoekin ere egon behar da. Izan ere, adituek azaldu dutenez, zainketa aringarriek azken momentu horiek ere bizitzea ahalbidetu dezakete, eta, era horretan, heriotza bera ere arindu daiteke.

Zaintza aringarriek osasun sisteman duten garapena, arta horren inguruko mezua eta balioak ditu hizpide Nafarroako Unibertsitateak abian duen Atlantes proiektuak, eta bertan aritzen dira Alazne Belar eta Maria Arantzamendi. «Nazioartean, hezkuntzan, erakusten dira zainketa aringarriak, baina inguruan, Espainiako unibertsitateetan, adibidez, erdiek ez dute erakusten, eta, erakusten badute, soilik irakasgai batzuen barnean; horrek ez du errazten profesionalak horretan formatzea». Eremu horretan lan egiten duten euskal herritar askok, beraz, herrialde mugakideetara jotzen dute ikasketa horiek egitera, identifikatutako hutsune horiek asetzeko. «Gaixoak heltzen direnean, erantzun bat eman behar diegu, baina, sarritan, ez gara sentitzen gustatuko litzaigukeen bezain prestatuta», adierazi du Arantzamendik.

Hala ere, nahitaezkoak ez izan arren, hemen ere badira aukerak. Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza fakultateak, esaterako, Arreta Osoa Zainketa Aringarrietan masterra eskaintzen du 2011z geroztik, San Joan Jainkoarena ospitalearekin batera arta horren inguruko hausnarketa bat egin ostean. Hango zuzendari akademikoa da Agurtzane Ortiz, eta ikasketen nondik norakoak izan ditu aipagai: «Bi urteko masterra da, baina konpromiso hori hartu ezin duenarentzat, urtebeteko unibertsitate espezializazioa dago, arreta psikosozialean edo sanitarioan; halere, formakuntza osoa egin ohi dute ikasleek». Erantsi du batez ere medikuek, erizainek eta psikologoek osatzen dutela ikasleen soslaia, baina interesa duen pertsona orok duela sarbidea. Ikasketa horietan, zaintza aringarrien alderdi kulturalak, legalak, espiritualak eta etikoak lantzen dituzte, besteak beste. Praktika klinikoak eta ikerketak ere egiten dituzte.

Nafarroan, gaur-gaurkoz, ez dago halako aukerarik, eta Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko profesionalek, besteak beste, Paueko eta Bordeleko unibertsitateetara jo dezakete zainketa aringarrien inguruko formakuntza jasotzera. Lehen aukerak urtebeteko formakuntza praktikoa eta teorikoa egiteko eskaintza du, 2010az geroztik. Unibertsitateak emandako informazioaren arabera, gaiaren inguruko oinarrizko ezagutza, esperientzia, gogoeta etikoa eta giza zientzien ekarpena uztartzen ditu eskaintzak, eta helburua jakintza transmititzea da, profesionalek gaixoaren eta haren inguruaren ardura ere har dezaten. Bordeleko unibertsitateak ere urtebeteko formakuntza bat du aukeran, praktikak barne dituena, eta, horrez gain, beste urte bat egiteko aukera dago, batez ere teorian sakontzeko eta ikerketa bideratzeko.

Ikasketak, nahitaezkoak

Zainketa aringarrien formakuntza nahitaezkoa izan beharko litzatekeela uste dute adituek, baina Belarrak nabarmendu du horretarako erremintak behar direla: «Formakuntzak bestelakotasun bat izan behar du, ez baita soilik kontu anatomiko bat; zainketa aringarrietan pertsona bere osotasunean zaintzea da helburua». Hala ere, argi du, horretarako, lehenbizi, osasun sisteman egin behar direla aldaketak. «Europak ematen duen gomendioa da 100.000 biztanleko bi zerbitzu eduki behar direla eremu horretan, baina, Espainiako estatuko datua adibidetzat, 0,6 zerbitzu daude». Uste du behin hor urratsak eginda, bigarren pausoa zainketa aringarriak momentu goiztiar batean sartzea izan beharko litzatekeela. «Era horretan, handiagoa da jokalekua, eta artak lehenago sartzea lagungarriagoa izango da gaixoarentzat eta ingurukoentzat».

Nere Erkiaga heriotzaren ezagutza zabaltzea helburua duen Hil Argi elkarteko kidea da. Haren arabera, Euskal Herriko hezkuntza sistemek zainketa aringarrien beharrezkotasunabermatu beharko lukete, profesionalak «praktikoki eta teorikoki» ondo prestatzeko. «Gaur egun, heriotzak osasun sistemako edozein sailetako langileak artatuta gertatzen dira, eta kopuru txiki bat baino ez da hilko zainketa aringarrietan adituak direnekin». Beraz, uste du sail guztietako profesionalek izan beharko luketela heriotzaren prozesuaren inguruko oinarrizko formakuntza bat, egun ez dutela argudiatuta, eta horiek talde espezializatu baten babespean lan egin beharko luketela. «Zaintza aringarrietako talde batean, normalean, medikuak, erizainak, erizain laguntzaileak, psikologoak eta gizarte laguntzaileak daude; hala izan ezean, hankamotz geldituko da zerbitzua».

Profesionalek egoera horietan jarraitu beharreko urratsei dagokienez, Arantzamendik adierazi du lehenbizi pertsona bera ezagutu behar dela, eta baita haren ingurua ere. «Une horretan gaixorik dagoena oso momentu berezian dago; heriotzarengandik hurbil, baina bizitza dauka oraindik aurretik». Prozesu horretan, gaineratu duenez, garrantzitsua da profesionala eta gaixorik dagoen pertsona elkar ezagutzea, hala nola laguntzeko eta bidea elkarrekin egiteko. Ortizek ere adierazi du aspektu hori lantzea beharrezkoa dela, eta, horregatik, masterrean ere lanketak egiten dituzte, batik bat alderdi psikosozialari erreparatuta, inguruan gerta daitezkeenak lantzeko. Are, Belarrak erantsi du profesionalek ere, pertsonalki, heriotzaren inguruko aspektu batzuk «pixka bat» landuta izan beharko lituzketela prozesuei ekiteko, baina haiek ere askotan gaixoarekin egiten dutela bidea: «Kasu batzuk gertu sentitzen ditugu, eta horrek guri ere barruak mugitzen dizkigu».

Hitz egin beharra

Erkiagak uste du heriotza «beldurrez» inguratuta dagoela, eta hori «infernua» bilakatzeko arriskua dagoela. «Osasun langileen kasuan, beldurrak eragin dezake pazientea abandonatzea, edo sentiberatasun edo zentzugabekeriaz artatzea, inkontzienteki egin arren». Horrek beste arrisku bat ere badakarrela gehitu du: «Osasun langileek, sarritan, ez dute onartu nahi heriotza gainean dagoenik, eta, beraz, pazienteari erosotasunik emango ez dion tratamenduarekin jarraitzen dute, ez dutelako heriotza prozesua diagnostikatu eta tratatu nahi». Hala ere, Ortizek azpimarratu du prozesu horretan profesionalek ikuspegia aldatu beharko luketela: «Badirudi heriotza porrota dela, baina ezin dugu horrela ikusi; duintasunez bete behar dugu sufrimendua egon daitekeen horrelako une bat». Hala, adituek «isiltasun ituna» egokitu behar dela nabarmendu dute, eta, «onartu daitekeen egia» komunikatu behar dela erantsi. «Ezin denean ezer egin, asko dago egiteko esaten dute zaintza aringarrietan aritzen diren askok», azaldu du Erkiagak.

Prozesu horretan egin daitezkeen urratsak izan ditu gogoan Arantzamendik, betiere gaixo bakoitzaren beharretara eta erritmoetara egokituta: «Isiltasuna apurtu bainoago, moldatu egin behar da egoerara, nahiz eta gaixoek jaso dezaketena egia bat izan daitekeen; bakoitzak bere era dauka gauzak lantzeko». Gaixoaren ingurukoekin ere egon behar dela azpimarratu du, eta profesional gisa zubi lana egin daitekeela: «Nahiz eta batzuetan errealitatea gorde nahi izan, aukera bat da elkarrekin egoteko; hori galdu egin daiteke isilik egonez gero, eta, beraz, bidea egin behar da». Erkiagak ere uste du heriotzaz «naturaltasunez» hitz egin beharko litzatekeela hurbilekoekin: «Hitz egiteko gai izanez gero, dolu zail asko erraztuko ditugu, isiltasunez inguratutako heriotzak gehienetan zalantza eta damu ugari sortzen baitizkie bizirik irauten dutenei».

Heriotza normalizatu

Heriotzak tabua izateari utzi, eta normalizatu egin beharko lukeela uste dute adituek. «Heriotza hurbil ikustean, ez dakigu zer egin, zer itxaron, eta horrek tristura eta antsietatea sortzen ditu, eta esperantzarik gabe uzten du pertsona; horregatik hitz egin behar da», azaldu du Ortizek. Haren arabera, orain arte beste adiera batzuk erabili dira heriotza ezkutatu eta horri buruz hitz egiteko, hala nola larri dago eta joan zaigu, baina uste du horiek bazter utzi beharko liratekeela. Belarrak, berriz, lankide batek jarritako adibidea aipatu du: «Heriotza eguzkiaren modukoa da: egunerokotasunean hor dago, eta zuzen begiratzen diozu batzuetan, baina ez denbora luze batez. Heriotzarekin ere berdin, bizitzan aurrera egin ahala kontziente izateko hor dagoela». Haren arabera, heriotza bizitzetatik atera du gizarteak, eta horrek «deskonexio bat» sortu du.

Heriotzarekin, eta, aldi berean, bizitzarekin konektatzean, beraz, bestelako «balioak» lor daitezkeela adierazi du Belarrak: «Bizitzeko beste modu bat lor dezakegu, agian, kontzienteagoa». Ortizen arabera, berriz, aitortza horrek ez du sentituko den mina saihestuko, baina uste du bidean on egin dezakeela: «Ikuspegi tragikoa eta beldurra baztertu, eta hilkorrak garela onartu behar dugu; horrek bizitzan zehar izango ditugun galerak gainditzen ere lagunduko digu». Haren ustez, garrantzitsuena «heriotzaren ukapenean» ez gelditzea da. Arantzamendik, berriz, zainketa aringarriek bide horretan izan dezaketen onurei egin die so, eta nabarmendu du «tristuraren eta negarraren» iruditeria orokorraz harago, arta mota hauek aukera «ederrak» eman ditzaketela: «Zainketa aringarriak bizitza dira, hor gaudenean ere bizirik gaudelako, eta gauza asko dugulako egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.