Noiz sortua: 2019-07-16 00:30:00

Kataluniako inkesta soziolinguistikoa. Iritzia

Txakurrak oinutsik Katalunian ere?

Imanol Larrea Mendizabal - Soziolinguistika Klusterreko zuzendaria

2019ko uztailak 16

Katalunian atera berri dituzte hizkuntzaren egoerari buruzko datuak. Albiste nagusia da ez dagoela aldaketa handirik, eta hori batzuentzat desastre hutsa da, eta beste batzuentzat, berriz, sekulako lorpena.

Bi hitzetan esateko, hauxe da panorama: herritar gehienek dakite katalanez hitz egiten, batez ere gazteek, biztanleen erdiek inguru egin ohi dute katalanez egunerokoan dezente edo asko, eta urritzen ari dira soilik katalanez edo soilik gaztelaniaz bizi direnak. Erabileraren inguruan, berriz, guretzat ezagunak diren hainbat kontu ikusten dira. Hain zuzen ere, ezagutzak gora egin arren, hori ez da automatikoki erabilera bihurtzen, eta katalanak presentzia txikiagoa du erabilera informalean. Beraz, katalanak hizkuntza gutxiagotua izaten jarraitzen du, baina eutsi egiten dio. Betiere, orain aurkeztu dituzten datuetan ez dira kontuan hartzen katalanaren beste lurraldeak, eta Katalunia da katalanaren egoera osasuntsuena duen herrialdea.

Mende honen hasieran gaztelaniaren parean egotetik beherakada handia jasan zuen katalanak, eta horren arrazoi nagusitzat etorkin asko iritsi izana eman da. Hain zuzen ere, 2000. urtetik milioi bat biztanle gehiago dago (gehienak beste herrialde batzuetatik etorriak). Migrazio fluxuak handiak izan dira, eta oraindik ere jarraitzen dute, krisi garaian apalaldia egon bazen ere. Horrenbesteko mugimendu demografikoak ezinbestean eragin handia izan du hizkuntz egoeran, are gehiago populazio horren zati bat oso mugikorra dela kontuan hartuta.

Hizkuntzaren kezka dutenen artean, batzuek edalontzia erdi beteta ikusten dute, eta beste batzuek, berriz, erdi hutsik. Erdi betea ikustearen alde egoerari eusteko ahalmena dago; izan ere, ehunka mila hiztun irabazi dira azken urteetan, erabilerak ere gora egin du oro har, eta katalana lehen hizkuntza gisa dutenak ere gehitzen doaz. Gaur egun, mende hasierako hiztun proportzioei eustea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula populazio gorakada kontuan hartuta. Batez ere eskolari esker eta helduei katalana irakasteko sare publiko zabalagatik lortu da hori.

Edalontzia erdi hutsik ikusteko arrazoiak ere badaude. Alegia, ez da lortu mende hasierako beherakadari buelta ematerik, eta are gutxiago 1960 inguruko migrazioen eraginari. Katalunian oso hedatua dago historian zehar etorkinen herria izan dela eta denak integratzen jakin duela dioen diskurtsoa. Azkenaldiko migrazioen intentsitateak, dena den, zalantzak plazaratzen ditu horri eusten jarraitu ahal izango ote zaion. Erabileraren kezka ere gero eta zabalduagoa da, batez ere biztanle gehien duten Bartzelona eta inguruko eskualdeetan. Eginahalak egin arren egoera egonkor baina desorekatuari eustea besterik ez dela lortzen ikustea etsigarria da askorentzat.

Euskal Herritik miresmenez eta inbidia puntuarekin begiratu izan diogu katalanaren egoerari. Datuak ezagututa eta alderdi ezkorrenari kasu eginez gero, tentazioa izan dezakegu pentsatzeko han ere larri dabiltzala. Kontuan izan behar dugu, dena den, goragoko kategoria batean ari direla jokatzen. Adibidez, Kataluniako eskualde guztiek Uemako kide izateko eskatzen den hiztun proportzioa baino handiagoa dute, eta gehien-gehienak %80tik gora daude. Kopuruetan ere oso gainetik daude: 5 milioitik gora dira katalandunak Katalunian, eta katalanaren beste herrialdeetan beste milioi batzuk gehiago. Gure erabilera datu baikorrenak %16 ingurura iristen dira, eta hangoa %50 da. Presentzia sozialaren adierazgarri, kontsumo handiena duten hedabideak katalanezkoak izan ohi dira, prentsa idatzian, telebistan eta irratian. Gure aldean, katalanezko ekoizpen eta kontsumo handia dago liburuetan, antzerkian eta musikan. Bertako administrazio publikoan ere hizkuntza nagusia katalana da.

Dena den, katalana euskara baino egoera hobean egonda ere, prozesu luzea eta konplexua da hizkuntza gutxiagotu bat aurrera ateratzea, herritar gehienek jakin arren zaila delako erabileran eragitea. Eskoletan eta administrazio publikoan politika ausartak izan arren azken hamarkadetan, gobernuetako politikarien hizkuntza ohiturak eredugarriak izanda ere eta agintariek eta hizkuntzaren aldeko gizarte mugimenduek sintonia ona izan arren aspalditik, nekeza da hizkuntza hegemonikoari gaina hartzea.

Katalunian lan handia egin da immigrazioaren inguruan azken bi hamarkadetan. Itun nazionala egin zuten aspaldi, eta haren ondorioz harrera legea garatu da bertako hizkuntzari garrantzi handia emanda (nahitaez katalan ikastaroa egin behar dute etorkinek erregularizazio prozesuan). Sozialki ere katalana guztion hizkuntza komuna dela dioen diskurtsoa zabaldu da gizartean. Kataluniako eta Euskal Herriko immigrazio tasak oso desberdinak dira orain arte, baina gainerako hizkuntza politikekin batera arlo honi dagokiona bereziki indartu egin beharko da.

Ez da nahikoa, dirudienez, hizkuntza biziberritzeko Katalunian lantzen dituzten guztiak landuta ere. Orduan, Katalunian ere txakurrak oinutsik? Bai, baina nahi genituzke euskararentzat antzeko datuak, eta badugu zer ikasia handik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan lau pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 22 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.107 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.056 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide arduratuko da errenta berria banatzeaz. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarrera, muturreko pobrezia murrizteko

Irune Lasa

Espainiako Gobernuak diru saria onartu du, eta ekainean bertan hasiko da ordaintzen. Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute

Donostiako Zurriola hondartza, atzo. ©Gorka Rubio / FOKU.

Murgak dio ezin direla errepikatu hondartzetan ikusi diren irudiak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Jendea ez pilatzeko eta hondartzak modu «dinamikoan» erabiltzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Era berean, galdegin du aisialdirako bada ez erabiltzea garraio publikoa «jende asko dagoenean».

Haur bat, jolas parke baten ondoan, Zarautzen. / ©Gorka Rubio, Foku

Espainiako Gobernuak eguneko udalekuak baimenduko ditu hirugarren fasean

Jon Ordoñez Garmendia

70 urtetik gorakoentzako ordutegiak desagertu egingo dira. Gehienez hogei pertsona elkartu ahal izango dira, baina ezingo da probintziatik atera oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna