Bildarratzek dio 2 urteko ikasleen %94 lehen aukeran sartu direla

Jaurlaritzako sailburuaren arabera, gelen %97tan mantendu edo hobetu egin da zaurgarritasun indizea. EH Bilduk denen arduratzat du segregazioari aurre egitea

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Hezkuntzan hautsak harrotu dituzte 2023-2024ko ikasturterako matrikulazioan egon diren aldaketek. Asteon argitaratu dira zerrendak, eta hezkuntzako eragile nagusiek prozesurako «gardentasuna» eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Atzo erantzun zuen Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, eta datuak eman zituen Eusko Legebiltzarrean. Haren esanetan, 2 urteko geletan matrikulatzeko 11.963 eskaera jaso dituzte. Horietatik %93,8 zerrendan aukeratutako lehenengo ikastetxean sartu dira; %3,8, beraiek aukeratutako beste eskola batean; eta %2,3ri administrazioak esan die zein eskolatara joan beharko duten. Zergatik? Bildarratzen esanetan, azken multzo horretako gehienek ikastetxe bakarra aukeratu zuten, baina zentro horretan leku nahikoa ez eduki eta gainerakoek familia horiek baino puntu gehiago zeuzkatenez, Hezkuntza Sailak esleitu behar izan die eskola.

Jaurlaritzak hainbatetan esan izan duenez, ikasleen banaketa orekatuagoa lortzea dute xede matrikulazioan egin dituzten aldaketek. Berrikuntza nagusia hauxe da: diru publikoz hornitutako eskola guztiek lekuak gorde beharko dituzte ikasle zaurgarrientzat, eskolaren eragin eremuko zaurgarritasun indizearen arabera. Bildarratzen irudiko, aldaketek isla izan dute ikasgeletan. Datu bat eman du: 2 urteko umeen ikasgelen %96,7tan hobetu edo mantendu egin da zaurgarritasun indizea, edo ez dute aldaketarik egin beharrik izan, eragin eremuko batezbestekotik hurbil zegoelako.

Sailburuak ez ezik, EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek ere hizpide izan du gaia. Nabarmendu du ulertzen dituela «kezka eta ezinegona», baina «lasaitasuna» eskatu du: «Segregazioari aurre egitea denon ardura da».

Ikastolen erantzuna

Prozesuaz kexatu diren eragileetako bat da Ikastolen Elkartea. Hala adierazi zuen herenegun ohar bidez: «Euskal Hezkuntza Sistema osatzen dugun ikastetxe guztiok matrikulaziorako baldintza berak izatea exijitzen dugu. Hori gertatzen ez den bitartean, ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dugu, eta, ondorioz, ez ditugu beste zentro batzuetara bideratuko». Ikastolen Elkarteak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastola guztiei atzo protestak egiteko ere eskatu zien.

Bildarratz ikastolei zuzendu zaie, kazetarien galderei erantzunez. Azaldu du ikasleak matrikulatzen dituztenak ez direla zentroak eta familiak, Hezkuntza Saila baizik: «Saila da ikaslearen izena zentro batean edo bestean ematen duena; beraz, ez dago eztabaida gehiagorik». Erantsi du diru publikoa jasotzen duten eskolek ezin dutela Hezkuntza Sailak bertan matrikulatu ez duen ikasle bat ikasgeletan eduki. Gainera, nabarmendu du araudia eragileei azaldu dietela eta orain arte ez dutela helegiterik jarri. Eta lasaitasuna eskatu du: «Enbidoekin eta hordagoekin ez zaio inori laguntzen, ez zaio familia bati ere laguntzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.