Borja Garcia de Bikuña. Farmazialaria

«Haurren txertaketaren kasuan, itxarotea da premiazkoena»

Juanma Gallego.
2021eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun

Ebidentzietan oinarritutako jarduna bultzatzen du Farmaciencia elkarteak. Bertako kide Borja Garcia de Bikuña (Bilbo, 1966) farmazialariak behin eta berriz azpimarratu du ziurgabetasuna dela nagusi. Oraingoz, arreta helduen txertaketan jartzearen aldekoa da.

 

Zer dakigu gaur egun COVID-19ak umeetan duen eraginaz?

Ezjakintasuna da nagusi, eta, umeen kasuan, are handiagoa. Orain arte dakigunagatik, birusak umeei ez die larriki eragiten. Ondorio larriak garatzen dituztenen profila nahiko ondo ezagutzen da, eta adinarekin batera gora doa. Baina oraindik urte eta erdi baino ez da igaro. Ez dakigu umeek etorkizunean arazoren bat garatuko ote duten. Elkartean ebidentzien aldekoak gara, baina COVID-19aren kasuan, arazoa da ebidentzietan baino gehiago urgentzian oinarritu behar dugula.Oso eremu labainkorrean ari gara. Txertoak hain azkar garatu behar izan dira jende asko hiltzen ari delako.

Ikerketaren bat egin al da haurren txertaketari begira?

Nik dakidala, ez. Ez da egon, bederen, komunitate zientifikoan behar bezala zabaldu den ikerketarik. Baten bat egon bada, kontuan hartu beharko litzateke zenbat haurrekin egin den. Entseguetan, hori funtsezkoa da. Aste honetan seiehun lagun ingururekin [Karlos III.a institutuak] egindako ikerketa ospetsu hori, adibidez, gradu amaierako lan batean onargarria izango litzateke, baina ezin daitezke erabakiak hartu datu horien arabera. Omeoprazol botika merkatura ateratzeko, 30.000 lagunetan probatu behar izan zen.

Umeekin halako entsegu klinikoak egin litezke?

Ez dakit etika batzordeak zer erabakitzen ari diren, baina pandemiaren aurretik, bederen, ez zegoen umeekin entseguak onartuko zituen batzorderik. Oro har, ona litzateke umeak txertatzea, COVID-19aren aurkako txertoak behar adina probatuta egongo balira, baina, momentuz, premiazkoena itxarotea da, eta helduetan zentratzea.

Umeei begira, berariaz egokitu beharko lirateke txertoak?

Hori txertoaren araberakoa da. Gainerako kasuetan, txerto batzuk orokorrak dira, eta beste batzuek bertsio pediatrikoak dituzte. Orokorren artean, batzuk ez dira ondo probatu haurretan; pediatrian erabiltzen direnak bai, noski.

Talde immunitatea lortze aldera, ona litzakete umeak sartzea?

Zientzialariak banatuta daude horretan. Sumatzen dugu populazioaren %70era iritsita immunitate hori lor zitekeela, baina,egia esanda, ez dakigu talde immunitate hori lortuko ote den. Hori birusaren eta haren aldaeren bilakaeraren araberakoa izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.