Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Koronabirusa. Ugo Mayor. EHUko Ikerbasque ikertzailea

«Aire zabalean, jende pilaketa handi batek ez du berez arriskurik sortzen»

MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2021eko azaroak 23

C02 neurgailu bat hartu eta airearen kalitatearen neurketak egiten ari da igaro asteotan Ugo Mayor EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerbasque ikertzailea; izan ere, arnastutako airearen kontzentrazioak neurtzen dituzte gailu horiek, eta, ondorioz, birusak-eta airean egoteko arriskua zenbatekoa izan daitekeen aurreikusteko gakoak ematen dituzte. Aparteko ahalegina egin zuen larunbatean Bilbon, hirian jende asko pilatu zela kontuan hartuta; hain zuzen ere, EH Bilduk antolatutako manifestazioan ere egin zituen neurketak. Ondorioen berri eman du sare sozialen bidez, eta oihartzuna izan dute.

C02 kontzentrazioak aztertzeko neurketak egiten ari zara, eta horien berri ematen. Izurri betean, zer adierazten dute?

Birusa bi eratan transmiti daiteke. Bide bat kutsatutako pertsona batek zabaltzen dituen tantatxoak dira: horiek zuzenean lurrera erortzen dira. Beste bidea aerosolak dira: horiek airean gera daitezke. Eta kutsatutako pertsona bat gaizki aireztatutako leku itxi batean arnasten ari bada, arnastutako aire asko egongo da hor, eta bere aerosolak ez dira lurrera eroriko; hor geratuko dira, eta pilatuz joango dira.

Behin aerosolak pilatuta, birusarekin kutsatzeko arriskua handiagoa da. Horrek egiten ditu leku itxiak arriskutsu, ezta?

Zenbait toki itxitan aireztapena egokia da, eta arnastutako airea ez da pilatzen. Baina beste zenbaitetan aireztapena ez da ziurtatzen; arnastutako aire asko dago, eta, hor kutsatutako pertsona bat badago aerosolak sortzen, horiek airean gera daitezke, eta kutsatzeko arriskua sortzen da.

Hain justu, hori lotuta dago aditu ugari COVID-19aren izurriaren harira egiten ari zareten ohartarazpenarekin: toki itxietako arriskuez ari zarete.

Bai, iazko urte hasieratik daude ikerketak erakusten dutenak askoz kutsatze gutxiago atzematen direla kanpoaldeetan barrualdeetan baino. Hogei aldiz gehiago kutsatzen da barrualdeetan kanpoaldeetan baino.

Zuk neurgailuarekin lortu dituzun datuek hori erakusten dute?

Erakusten dute zenbait tokitan ez dela bermatzen aireztapena, eta horrek hedatzeko bidea ematen diola birusari.

Aire zabalean egiten diren jende pilaketak askotan jartzen dira jomugan. Bilbon manifestazio jendetsua egin zen larunbatean, eta hara ere eraman zenuen neurgailua. Zer ikusi zenuen?

Nik pentsatu nuen halako jende metatze handi batean agian sortuko zela arnastutako airearen nolabaiteko gehikuntza bat, baina ikusten da ezetz; aire zabalean egonda, eta ez zen bereziki egun haizetsua, arnastutako airea barreiatu egiten da, eta ematen du jende pilaketa handi bat egoteak ez duela berez arriskurik sortzen. Jakina, jendetza horren barruan bazaude eta ezin baduzu besteekiko distantziarik izan, musukoa beharko duzu.

Jendea elkarrengandik gertu dagoen guneetan maskara erabiltzea garrantzitsua dela gogorarazten jarraitu behar da, beraz?

Hori da, eta manifestazio horretan, adibidez, jende gehien-gehiena zegoen musukoarekin.

Toki itxietako neurketa asko ez dira onak. Instituzioek badute zeresana izurriaren kontrolerako neurrietan. Zer egin dute orain arte?

Orain arte kostata ari dira. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren web orrian bertan, udara arte kontrako mezua ematen zen: esaten zen distantzia mantenduta airean ez zegoela arazorik. Mezua eguneratu zuten udan, eta orain propio aipatzen dituzte aerosolak. Gaur [atzo] berriz irakurri dut Gotzone Sagardui sailburuak berak azpimarra jarri duela mezuan: barrualdeetan aireztapena zaindu behar da. Kostata heldu da, baina iristen ari da mezua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Labik urriaren 5ean egin zuen azken bilera ©Jaizki Fontaneda/ Foku

Urkulluk esan du Labiren bilerarako deia egingo duela, osasun larrialdia ezartzeko

Edurne Begiristain

Osasun larrialdia ezartzearekin batera indarrean sartuko diren neurri murriztaile berriak adostuko dituzte bileran. COVID ziurtagiria noiz eta nola ezarriko den ere zehaztuko dute. Bilera ostiralean izango dela adierazi dute hainbat hedabidek, baina holakorik ez du ziurtatu lehendakariak.

Beatriz Artolazabal, gaur, Adiskidetasunari buruzko Europako Praktiken V. Jardunaldian. ©Eusko Jaularitza

Artolazabal: «55 eta 64 urte bitarteko emakumeak dira zahartzaroaz gehien kezkatzen direnak»

Oihane Puertas Ramirez

'Adinkeria, zahartzeari eta erretiroari buruzko pertzepzioak' txostenaren arabera, adineko pertsonei buruzko estereotipo negatiboak handitu egin dira azken hamar urteotan.

Hiesa: GIB positiboen ahotsa

GIBdunen estigma eta bazterketa desagerraraztera deitu dute

Paulo Ostolaza - BerriaTB

Aurten bete dira 40 urte lehen kasuak agertu zirenetik. GIB positibo diren bi pertsonarekin izan da BERRIA: Joseba Errekalderi eta Josu Unanueri.

Burlatako Askatasuna ikastetxeko ikasgela bat, artxiboko irudian ©Idoia Zabaleta / FOKU

Nafarroako ikastetxeetan orain arteko ordutegia izango dute ikasturtea amaitu arte

Irati Urdalleta Lete

Ikasleek goizez soilik izaten dituzte eskolak, baina ikastetxeek astean lau egunetan eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzen dituzte goizeko eskolen ondoren. Nafarroako Gobernuak ikastetxeei esan die ez antolatzeko Gabonei lotutako ekitaldirik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.