LABek ez du onartuko energiaren aitzakian kaleratzeak egiterik

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak kanpaina batjarriko du abian energiaren garestitzearen aitzakian kaleratzeak egin edo prekaritatea sakontzen saiatzen diren enpresak salatzeko. Haien kontura! lelopean, patronalaren «erasoari» aurre egiteko beharra ikusi dute, «Jaurlaritzaren onespenarekin» moz- kinak handitzea ez den beste helbururik ez dutelako.

Iratxe Azkue eta Zorion Ortigosa LABeko industria federazioko kideek Sidenor eta Arcelor Mittalen ereduak jarri dituzte haien kezka azaltzeko, argindarraren prezioarengatik haien jarduna eten duten bi altzairutegi. Sidenorren kasuan gogoratu dute azken lau urteetan 103 milioi euro banatu dituela akziodunen artean, eta galdetu dute «bidezkoa» al den orain langileek jasatea lan espedientea. Arcelorren kasuan azaldu dute azken hamahiru urteetako emaitzarik onena lortu zuela iaz, eta altzairua argindarra baino gehiago garestitu dela.

Sindikatuko kideek salatu dute multinazionalek ireki dutela bidea, baina patronala aukera baliatzen ari dela «eskubideak murrizteko». Fenomeno hori, gainera, ustez suspertze ekonomiko fase batean ematen ari dela nabarmendu dute, eta enpresek, hala ere, «barra librea» dutela neurri traumatikoak hartzeko: «Uste bat orokortzen ari da: industrian arazoren bat eragiten duen arrazoiren bat badago, beti langileek ordaindu behar dute».

Deslokalizazioaren eragina

LABen iritziz, argindar konpainiek industria erabili dute erakunde publikoei xantaia egiteko, eta ustez erabiliak izan direnek ere haien mesedetan baliatu dute krisia. Era berean patronalak eta erakunde publikoek deslokalizazioaren alde eginiko lana kritikatu dute, eta politika horiek direla egun enpresa asko jasaten ari diren lehengaien hornidura arazoen oinarria. Adibide gisa, Mercedesen eta Volkswagenen kasuak aipatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.